Bere ahotsak ezaugarritu zuen, neurri handi batean, Daniel Johnstonen (Kalifornia, AEB, 1961) musika. Bere lehenengo lanetan —apenas baliabiderik grabatutako kaseteak— haur baten boza izan zitekeena azaleratzen da musika tresna oinarrizkoen artetik. Ahots altua, sakontasunik gabekoa, baina, era berean, sentimendurik lazgarrienak transmititzeko gai dena. Ia bere bizitza osoan arazo fisiko eta psikikoak izan zituen, eta eskizofrenia nahiz nahasmendu bipolarra diagnostikatu zizkioten. Hain zuzen ere, bere sendiak jakinarazi duenez, urte hauetan guztietan hartutako medikazioen ondorioz, azken aldian osasunez okerragoa zegoen, eta atzo bihotzekoak jota hil zen.
Johnston 1981ean estreinatu zen Songs of pain lanarekin, eta gerora iritsi ziren, besteak beste, Don't Be Scareed, More Songs of Pain, Hi, How Arre You, Respect eta Merry Christmas, guztiak kasete formatuan argitaratuak. Horiekin guztiekin kultuzko musikari bilakatu zen, eta gerora rock alternatiboaren ikur izango ziren musikari askok erakutsi zuten Johnstonekiko miresmena. Horien artean ezagunena, agian, Kurt Cobain (Nirvana), baina baita Sonic Youth, Teenage Fanclub eta beste hainbat taldeko kideak ere.
[youtube]https://youtu.be/x1CdrKenfXo[/youtube]
Horien guztien lanari esker, 1990eko hamarkadan jauzia egin eta Atlantic multinazionalarekin grabatu zuen Fun (1994) diskoa. Lan horretan soinua leundu zuen Johnstonek, baina horrek ez zuen bere kantuen berezko naif ukitua baretu. Nolanahi ere, jauzi horrek ez zuen diskoetxeak espero zuen emaitza izan, eta Johnston bere eremu naturaletara itzuli zen ondoren.
[youtube]https://youtu.be/2Z9xPJLwWJE[/youtube]
2006an Jeff Feuerzeig zinemagileak musikariaren bizitza eta lan metodoak jaso zituen The Devil and Daniel Johnston film dokumental laudatu eta sarituan.
Euskal Herrian ere eragina izan zuen Johnstonen lanak. Mursegok haren Devil Town-en euskaraz bertsioa egin zuen (Deabruaren hiria), eta Giorgio Bassmattik True Love Will Find You in The End-en moldaketa grabatu zuen Kafea eta galletak diskoan.