DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Danis Tanovicen 'Tigers' filmak osatuko du Sail Ofiziala

Zabaltegin hemeretzi lan emango dituzte, eta Perlak sailean 'The Dissapearence of Eleanor Rigby' ere proiektatuko dute.

'Red Army' dokumentaleko fotograma bat. Zabaltegin emango dute.
Igor Susaeta.
2014ko abuztuaren 25a
08:33
Entzun

Tanovic bosniarraren (1969) lana benetako gertaeretan oinarritutako drama bat da, botika saltzaile batek izan duen atsekabeari buruzkoa. Saltzen dituen produktuetako baten ondorioak zeintzuk diren jakingo du, eta aurre egiten saiatuko da hori ekoizten duen enpresa multinazionalari. No Man's Land da zinemagilearen pelikularik ezagunena —Zinemaldiko Eastern Promises zikloan proiektatuko dute—, eta, hari esker, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen 2002an. 2010ean ere etorri zen Donostiara Tanovic, Perlak sailean eman baitzuten Cirkus Columbia.


Irailaren 19tik eta 27ra bitartean egingo da Donostiako 63. Zinemaldia, eta, Tanovicenarekin batera, beste hamasei film lehiatuko dira Sail Ofizialean. Tartean dago Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak. Pablo Maloren Lasa eta Zabala Sail Ofizialean emango dute, baina ez da lehiatuko pelikula onenaren Urrezko Maskorra irabazteko.


Perlak sailera gehitu duten lana aurtengo Cannesko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean estreinatu zuten. Ned Benson zinemagilearen estreinako pelikula da, eta harremana berregiteko ahaleginean dabilen bikote baten istorioa kontatzen du. Mundu guztiak miresten ditu Eleanor (Jessica Chastain) eta Conor (James McAvoy), baina ezusteko batek haien artekoari eragingo dio. Viola Davis, Isabelle Huppert eta William Hurt daude ekoizpen horretako aktoreen artean.

Eta Zabaltegik urteko panorama zinematografikoko film interesgarrienetako batzuk bilduko ditu, antolatzaileen esanetan. Film luzeak, laburrak, dokumentalak batez ere, animazioak eta telesail bat proiektatuko dituzte. Hiru film laburrak euskaraz dira: Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Asier Altunaren Soroa eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen.

Dokumentalen artean, nabarmentzekoak dira Gianni Amelioren Felice chi è diverso  / Happy to Be Dfiferent, Gabe Polskyren Red Army eta Pierre-François Limboschen Le paradoxe de John Malkovich / The John Malkovich Paradox. Beste bi hilda dauden bi musikari ezaguni buruzkoak dira: Fela Kuti nigeriarraz mintzo da Alex Gibney Finding Fela-n, eta Francisco Sanchez Varela, Paco de Luciaz (Paco de Lucía: la búsqueda).

Zinemaren inguruko lanak jorratzen dituzten dokumental batzuk ere aurkeztuko dituzte. Pedro Gonzalez Bermudezek Bette Davisek Donostiako Zinemaldira egindako bisita erakusten du (El último adios de Bette Davis), eta Virginia Martin del Pino, berriz, Basilio Martin Patino zinemagileaz mintzo da Basilio Martin Patino: La décima carta lanean. Mami Sunada Ghiblik Japoniako animazio zinema estudioen sekretuak azaldu ditu Yume to kyôki no ohkoku  / Kingdom of Dreams and Madness-en.

Signe Baumanen Rock in My Pockets da saileko animazioa, eta Bruno Dumont frantziarraren P'tit Quinquin / Lil' Quinquin telesail poliziakoa, Frantzian harrera harrigarria izan duena.

Gainera, Ulrich Seidlen, Kazuyoshi Kumakiriren eta Borja Kobeagaren (Negociador)  lanak ere emango dituzte, besteak beste, Zabaltegin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.