Dantza, amodio adierazpide gisa

Emakumeak eta Herbehereak dira aurtengo Maitaldiko ardatzak. Dantzaz beteko da Miarritze hamar egunez, hilaren 7tik 16raPantxika Telleriak euskal idazleen testuetan oinarritutako 'H' ikuskizuna eskainiko du

Goian, Luc Petton & Cieren Le Guetteur, eta behean, Rukmini Chatterjeeren ikuskizunaren irudi bat. MAITALDIA.
Donostia
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Antzokiak ez ezik, kaleak ere koreografiez josi nahi dituzte aurtengo Maitaldian, eta Miarritze nazioarteko zein Euskal Herriko dantza adierazpideen elkargune eklektiko bilakatuko da hamar egunetan, hilaren 7tik 16ra bitarte. Batez ere, bi gai hartu dituzte antolatzaileek ardatz gisara: emakumeak eta Herbehereak. Eta guztia, amodioaren bidetik ulertuta. Maitasunaren eszenaratzeen lekuko izateko deia egin du Thierry Malandain jaialdiko zuzendari artistikoak, jakinik ez direla garai onenak gisa horretako kontuetarako. «Krisiak ez digu eragingo jaialdia antolatzeko dugun grinean. Arteak, eta dantzak batez ere, munduan gertatzen dena ahanzteko bidea ematen du. Zutik irauteko eta borrokan segitzeko tresna da».

Orotara, 23 konpainia ariko dira lau antzokitan, Gare du Midin, Theatre du Casinon, Coliseen, eta Theatre des Chimeres-Les Decouvertesen. Kaleko espektakuluetan ariko dira beste bost, «teatroetara sartzeak beldurra ematen dienek ere gozatzeko modua eduki dezaten». Malandainek Herbehereetan egin du «lehen focus-a». Dutch National Balletek irekiko du jaialdia, Miarritzerako apropos prestatutako ikuskizunarekin. Hans van Manen koreografoa omenduko dute, haren lau sorkuntza eszenaratuz. Dantza modernoa eta balleta uztartzen lehendabizikoa izan zen Van Manen, eta nabarmen eragin die belaunaldi gazteagoei. Segidan, Korzo Productions konpainia, hilaren 10ean ariko dena, laudatu du Malandainek: «Instituzio bat da jada. Dantza munduan hasi nahi duten gazteei laguntzen die». Hain justu ere, jaialdien helburuetako bat da hori, talentu berriei ere tokia egitea, etengabe puntan dabiltzanak soilik programatu beharrean.

Gisa berean, emakumeei toki berezia egingo diete, nahiz eta ez den kontzienteki hartutako erabakia izan, jaialdia inertziaz osatu ostean ateratako ondorioa baizik. Denen artetik Germaine Acogny afrikarra nabarmendu dute, «dantzako handietako bat». Ohi duenez, bere emakumetasunaren eta Afrikaren oihartzunez osatutako emanaldia eskainiko du, hilaren 13an. Rukmini Chatterjee indiarrak, ostera, apustu kuriosoa taularatuko du, indiar dantza klasikoa eta Black Metal norvegiarraren fusioa egingo baitu. Bat egiteak oso ongi funtzionatzen du, Malandainen irudiko.

Jaialdian parte hartuko duen beste emakume bat da Pantxika Telleria. H eskainiko du hilaren 15ean, Amaia Hennebutteren eta Ur Apalategiren azken literatur lanetako hitzak oinarri hartuta osatu duen ikuskizuna. «Gorputzak sortzen dituen doinu, ahots eta keinuei buruzko obra da», Telleriaren ustez, «bilaketa nahiko esperimentala, komedia musikal modura ere uler daitekeena». Lanak «gure gizatasunaz» hitz egiten du, eta idazpuru gisa, «gure hutsuneek betetzen gaituztelako» aukeratu du.

Aipatuez gain, badira emanaldi azpimarragarri gehiago ere, Luc Petton & Cie konpainiak hilaren 8an eskainiko duen Le Guetteur ezohikoa, konparazio baterako. Beltxarga eta dantzariak elkartzen dituen balleta prestatu dute, solasaldi lurrunkor eta lizuna. Israelgo Batsheva Dance Companykoek taularatuko duten lana ere nabarmendu dute antolatzaileek. Haien arabera, Ohad Naharin pertsonaia errebelde eta bere gisakoaren dantza ez da kontatzen, sentitu baino. Arima hunkitzen du, begia harritzen eta zentzumenak kitzikatzen. Mundu mailako ospea duen konpania izaki, ez da erraza izaten haiek lotzea, eta «kasualitatez» izango dira Miarritzen, antolatzaileek Europan biran dabiltzala aprobetxatu dutelako. Jaialdia itxiko duen ikuskizuna, azkenik, Ekuadorreko Dantza Konpainia Nazionalak eskainiko du. Malandainek azaldu du Miarritze beti egon dela Latinoamerikara oso loturik, eta datorren urtean, esaterako, Txileko konpania nazionala ekartzeko asmoa dutela. Ekuadorkoen lanak pertsonak denboraren eta lanaren aurrean duen baldintza aztertzen du, Maurice Ravelen Boleroaren bertsio harrigarri bat tartekatuta, gainera.

Itxuraldaketa hirian

Maitaldia ez da antzokietara mugatzen, ordea. Miarritze osora hedatuko da dantza usaina. Erakusketak antolatu dituzte egunero, eta kale ikuskizunak ere bai, doan. Antzokietara sartzeko ordaindu egin beharko da, baina abonamendu bereziak sortu dituzte. Bi espektakulu ikusi ahalko dira 40 eurotan, bakoitzaren prezioa dena delakoa izanik. Sarrerak eskuragarri daude sarean, www.letempsdaimer.com helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.