Dantza egiten dutenen sorbaldak

Jaiak talde nortasuna sortzeko erabiltzen dituen kodeak aztertu ditu Itziar Barriok Artiumen

Itziar Barrio, Artiumen landu duen egitasmoaren barruan egindako pankarta baten aurrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
«Multzo trinko horretan, gora eta behera egiten zuten buruak bakarrik bereizten ziren, eta dantza egiten zutenen sorbaldak». Ernest Hemingwayk jaiari buruzko begirada eta hausnarketa ezagunenetako bat egin zuen Fiesta eleberriko kroniketan. Eleberri hori izan da Atzean, jai taldearen amaieran izeneko egitasmoan Itziar Barriok izan duen erreferenteetako bat. Sanferminetako ikonografia irudikatu zuen idazle estatubatuarrak; Barrio, berriz, Gasteizko zenbait jaietara mugatu da, eta horien kode, ikonografia eta berezitasunak ikertu ditu.

Hiru hilabete baino gehiagoko lanaren emaitza ikus daiteke Artium Arte Garaikideko Zentro-Museoan. Jaia erritu gisa aztertu eta talde nortasuna sortzeko erabiltzen dituen kodeak ikertzea zuen helburu egitasmoak. «Jaiak, alaitasuna islatzeaz gain, taldeak sortzeko balio duten zenbait erritu hartzen ditu». Horretarako, Gasteizko bi auzotako eta Andre Mari Zuriaren jaietako txokoetara joan da Barrio egitasmoan aurrera egiteko, eta Artiumen bertan egin zen tailer batekin osotu du ikerketa lana.

Artiumeko bisitariek gertutik ikusi ahal izan dute Barrioren sormen lana, Praxis programaren barnean egiten diren ekimen guztietan bezala. Atzean, jai taldearen amaieran izeneko ekimenean, ordea, artistak berak, museotik atera, eta ikertzen zuen eremura jauzi egin du, kamera eskuan. Lan horri esker, osotuz joan dira erakusketaren zatiak asteak aurrera egin ahala.

Egitasmoaren hasieran, ekainaren 9an, txosna bat irudikatzen zuen egitura bat eta aretoaren bazter bat ezkutuan uzten zuen pareta bat baino ez zegoen aretoaren erdian. Ikerketa lana egin ahala, eremua betez joan da poliki-poliki.

Hiru leku begirada baterako

Errekaleor auzoan hasi zuen ikerketa, izaera berezia duen auzo horretan; hiritik kanpo, hirigintza egitasmoen ondorioz desagertzear dagoen auzoa da. Eguneko giroa, gaueko dantzaldiko alaitasuna, txosnetako solasaldiak, pertsonen arteko harremanak, eraikin artean sortzen diren txoko ilunak... Judimendi auzoan eta Andre Mari Zuriaren jaietan hartutako irudiekin osotutako bideoak ere ikus daitezke bertan.

Lehen fase horretan ere agerian gelditu zen erakusketaren txoko ilunaren nortasuna. «Katarsi eremua da jaia, eta normalean ezkutatuta dauden gauzak gertatzen dira bertan». Pixa erreka baten hondarraren ondoko «egidazu zuk dakizun moduan» pintaketak laburbiltzen du ezkutuan egon arren jaietako iluntasuna baliatuta agerian gelditzen den eremua.

Kuadrilla faltsuak izeneko egitasmoak berebiziko tokia du erakusketan. Artiumen bertan egin zen tailerrean, 11 lagunek kuadrillen ikonografia irudikatu zuten, kuadrillen izenak eta irudiak asmatuz eta, talde ezberdinetan, elkarren arteko harremanak sustatuz. Hitzen eta ekintzen bitartez irudikatutako pasarteak ikus daitezke txosnaren kanpoaldean dagoen bideo batean.

Azkenik, Euskal Herriko jaietan ohikoak diren pankartak gogorarazten dituen oihal bat dago: ikuslea erakusketako zenbait txokotara bidaltzen duten mezuak ditu. Horien artean, txosna barruan ematen den bideo baterako deia dago, non Gasteizko jaietako jendetza ikusten den;gora eta behera egiten duten buruak ikus daitezke bertan, eta dantza egiten dutenen sorbaldak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.