Musika. PJ HARVEY.Diskoa:'Let England Shake'.Diskoetxea:Island.

Dantza egunak amaitu dira

Jon Eskisabel.
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Cruel nature has won again», dio Polly Jean Harveyk On Battleship Hill-en. Errealitateak erakutsi berri du gerra dela beti gaur-gaurkoa den gai unibertsal bakanetakoa. Arteak, literaturak edota zinemak sarritan islatu dute, baina askoz gutxiago musika modernoak. Hala ere, azken urteotan generoaren susperraldi moduko bat ezagutu dugu; burura datozkit Living with War (Neil Young), Devils and Dust (Bruce Springsteen) edota, gurean bertan, Non dira (Bide Ertzean), La tierra está sorda (Barricada) eta Eta tira eta tunba (Joseba Tapia).

Let England Shake ez da gerrari buruzko disko bat, gerra testuinguru batean garatzen diren giza harremanei buruzkoa baizik, PJ Harveyk zehaztu duenez. Hala ere, Ingalaterrak mendeetan gerrak pizten eta babesten izan duen erantzukizuna salatzeko gogoa agerikoa da diskoan — «Zein da gure lurraren fruitu loriatsua? Haur desitxuratuak, haur umezurtzak dira haren fruitua» (The Glorious Land)— , baina egungo gerra giroaren aipamenik egin gabe —Irakeko emakume baten kantu arranguratsuaren sanplerra da arrasto bakarra (England )—. Zenbait kantutan, ordea, I. Mundu Gerrako gudu zelaira eramaten gaitu, turkiarren aurkako Galipoliko kanpainaren gertalekuetara (All and Everyone, On Battleship Hill), izugarrikeriaren deskripzio gordinak eginez (Hanging in the Wire).

Gaiek bezala, musikak ere agerian uzten du sorkuntzarako bide berriak bilatzeko kantari ingelesaren kezka eta heldutasuna. Doinu ilun eta itogarrietatik ihes eginez, bere burua ez errepikatzen asmatu du Harveyk, eta oso abesti kantagarriak sortu ditu, erraz gogoratzekoak diren leloekin (The Glorious Land, The Words that Maketh Murder), argitsuak eta lasaiak. Haserrea hitzetan dago. Mick Harvey eta John Parish ohiko kolaboratzaileek lagundu diote aurreko lanek ez zuten kolorea ematen diskoari, haize tresnak edota Blood and Fire reggae kantuaren sanplerra erabiliz. PJ Harveyren lan onenetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.