Hilberria. Donna Summer

Dantza egunen ikonoa

mikel lizarralde
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Garai batean, 70eko hamarkadaren amaieran, ez zuen parekorik dantzalekuetan. Donna Summerrek (Boston, AEB, 1948) disco musikaren ezaugarri bereziak sortu zituen Giorgio Moroder ekoizlearekin elkarlanean, eta funketik eratorritako estilo horren ikono nagusia bilakatu zen I Feel Love, Last Dance, Hot Stuff, Bad Girls, Love to Love You Baby eta beste hamaika ereserkirekin. LaDonna Adrian Gaines —hori zen haren benetako izena— atzo hil zen, 63 urterekin, minbiziaren kontrako borrokan aurrera egin ezinda.

Donna Summerrek 60ko hamarkadaren amaieran eman zituen aurreneko pausoak musika munduan, psikodeliari lotutako talde baten barruan. Proiektu hark, ordea, ez zuen asko iraun, eta Hair musikalean parte hartzeko aurkeztu zuen bere burua kantariak. Ikuskizuna Europara eraman zutenean, Summer rol bat betetzeko aukeratu zuten. Horrek Alemaniara eraman zuen, eta han bizi izan zen urte askoan. Hain zuzen ere, han ezagutu zuen Moroder, ibilbidean ondoan izan zuen musikari eta ekoizlea. Love to Love You Baby kantuarekin arrakasta lortu zuen 1975ean Europan, batik bat Herbehereetan eta Alemanian, eta handik aurrera, bata bestearen atzetik eraman zituen mundu osoko dantzalekuetara bere ereserkiak. 1980tik aurrera, disco musikaren gainbeherarekin batera, beste musika molde batzuetara egokitzen saiatu zen Summer. Guztira, bost Grammy sari irabazi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.