Eva Cerrato (Ballet irakaslea)

"Dantzaren munduan, dena dakigula pentsatzen dugunean hasten da gainbehera"

Lau urte zituenetik, dantzan aritu da Cerrato, baina, oso gazte zelarik, irakaskuntzara bideratu zituen bere ahaleginak; ballet klasikoaren egoera «larria» dela dio, baina ez dator bat emanaldiak desagertzeko zorian daudela dioten iritziekin.

Eva Cerrato, bere dantza eskolan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2013ko abenduaren 22a
15:58
Entzun

Pozik dago Eva Cerrato Agirre (Bilbo, 1961). Izan ere, joan den asteburuan, Bilboko Santutxu auzoan zuzentzen duen ballet akademiako ikasleek Gabonetako ohiko emanaldia egin zuten, eta dena ondo atera zen. Lasaiago dago orain dantza eskola, baina laster entzungo dira ostera ere ikasleen joan-etorriak eta dantzarako gonbita egiten duten doinuak.

Gazterik hasi zen Cerrato dantza munduan, eta gazterik bideratu zuen dantzarako grina hori irakaskuntzara. Akademiaren webgunean agertzen den curriculumak frogatzen du ibilbide luzea egindakoa eta eskarmentu handia bildutakoa dela Cerrato, baina dakiena irakasteari eman dio lehentasuna, eta horretan ez du damurik.

Nolakoak izan ziren zure lehenengo urratsak dantza munduan?

Dantza egiteari uzten ez nionez, nire amak leku bat aurkitu zuen, ni hara eramateko. Garai hartan, hainbeste ere ez zeuden, eta Educación y Descanso izeneko kontu batera eraman ninduten [frankismoaren garaiko sindikatu bertikalek antolaturiko jarduera bat]. Indautxu auzoan zegoen. Ballet Vizcaya izenekoan aritu nintzen, eta harekin emanaldi mordoa egin nuen: 4 urterekin hasi nintzen, eta 8 urterekin egin nuen estrainaldia. Oso txikia nintzenez, ez dut gauza askorik gogoratzen, baina ikuskizun asko prestatzen eta emanaldi ugari egiten genituen, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Noiz arte egon zinen horretan?

Hamabi bat urte nituela, Ballet Vizcaya Indautxutik San Ignaziora aldatu zen. Ni Errekalden bizi nintzen, eta amari begitantzen zitzaion nire adineko neska batentzat gehiegizkoa zela Errekaldetik San Ignaziora ibili behar izatea. Bazuen esperantza sukarra pasatuko ote zitzaidan, baina ez, ez zitzaidan pasatu, eta, beraz, beste akademia bat topatu zidan, Ludmila Aranarena [Moskun ikasitako ballet irakasle entzutetsua]. Harekin hasi nintzen karrera ikasten. Titulua lortu nuen, baina ikasten jarraitu nuen hainbat lekutan. Ikastaro mordoa egin dut: batzuetan, irakasleak hona etortzen zirela baliatuta; beste batzuetan, ni kanpora joanda.

Dantza giroan dabilenak ez dio inoiz ikasteari uzten?

Inoiz ere ez. Nik nire ikasleei esan ohi diet dena dakitela pentsatzen dutenean hasten dela gainbehera. Gainera, guk mundu hau pasioz bizi dugu, eta, normalean, ezinezko egiten zaigu gelditzea. Gauza berriak ikusi nahi dituzu, joera berriak ezagutu eta abar.

Zer dela-eta erabaki zenuen zure lehentasuna irakaskuntza izango zela?

Batzuetan, bizitzak eramaten zaitu horretara. Nik oso goiz amaitu nuen karrera, 16 urterekin, eta, garai hartan, Madrilera joatea ez zen gaur bezain erraza. Nire gurasoak ez ziren dirudunak, langile arruntak ziren; gainera, nire aitak gaixotasun larri bat izan zuen, nik 19 urte nituela. Irakaskuntzaren munduan sartu nintzen apurka-apurka, eta, gainera, gustatu egiten zitzaidan. Dantza egiten jarraitu nuen ahal nuen guztietan, adibidez, OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak antolatzen zituen opera denboraldietan, baina lehentasuna irakaskuntzari eman nion. Eta ez dut damurik, pozik nago horrekin.

Sorkuntza, berriz, ez zenuen laga.

Ez, horretan orain arte jardun dut. Ikasleek egiten dituzten koreografia ia guztiak nik egiten ditut. Normalean, ikasleekin bi emanaldi egin ohi ditugu urtean: bat ekainean, ikasturtearen amaieran, eta beste bat Gabonetan. Horietan, nireak ez diren bizpahiru koreografia sartzen ditugu, baina, adibidez, joan den asteko emanaldian, koreografia guztiak nik egindakoak ziren.

Nola sortzen dira koreografiak?

Ez dago modu bakar bat. Nik, normalean, nire ikasleentzat sortzen ditut koreografiak, eta horrek asko baldintzatzen du prozesua. Batzuetan, zer egiteko gai diren ikusten dut, eta horren arabera moldatzen ditut. Beste batzuetan, musikak asko laguntzen dit. Musika asko entzuten dut, eta horrek ideiak ematen dizkit; batzuetan, ideia horiek ez ditut berehala erabiltzen, hor gelditzen dira, baina gero ateratzen dira, erabiltzeko unea ikusten dudanean.

Garrantzitsuak dira ikasleek egiten dituzten emanaldi horiek?

Oso garrantzitsuak. Nire ibilbidean ikusi dut ezinbestekoa dela zuzenean aritzeak ematen duen eskarmentua eta sekulako bultzada ematen dizula. Dantzan oso garrantzitsua da sentimenduak transmititzea, eta hori emanaldietan baino ez da ikasten. Zuzenean aritzearen ilusioa ezin da bidean galdu asko entseatzearen truke. Ilusio hori galtzen bada, ez dugu ezer egingo. Horregatik egiten ditugu emanaldi horiek, eta, gainera, ahal dugun lehiaketa guztietan izena ematen dugu.

Ballet akademia 1981ean zabaldu zenuten. Geroztik, zenbat ikasle igaro dira handik?

Ez dakit. Ezingo nuke kopururik eman.

Gaur egun zenbat daude?

Berrogei edo 45 inguru. Kopuru txikiagoa da, guk kopuruak murriztu ditugulako eta egoera ere ez delako bera: eskola eta ikastoletan ere ume gutxiago daude orain. Baina, garai batean, 120 ikasle genituen, eta beste 120 itxarote zerrendan. Beste garai bat zen hura, dudarik gabe.

Duela zenbait urte, telebista saio batzuen eraginez, boladan jarri ziren kantu eta dantza akademiak. Ez dakit zuek ere efektu hori nabaritu ote zenuten.

Egia esateko, ez. Horrelako saioetan dantza klasikoa ez zen agertzen, eta jendeak ez zuen ikusten nola dantza klasikotik beste dantza mota batzuetarako baliabideak ateratzen diren. Alde horretatik, dantza klasikoa ikusezina da oraindik. Jende askok pentsatzen du gauza elitista bat dela, eta hori ez da egia.

Aurreiritzi horrek irauten duela uste al duzu?

Ni beti izan naiz oso pertsona normala, izaeraz, janzkeraz eta abarrez. Gazteagoa nintzenean, jendeak galdetzen zidan zer egiten nuen, eta, ballet irakaslea nintzela esaten nienean, ez zuten sinesten, balletaren irudi hori zeukatelako.

Eta aurreiritzi eta topikoekin jarraituta, jendeak segitzen du pentsatzen balleta emakumeen jarduera dela? Oker ez banago, une honetan mutil bakarra duzue ikasleen artean.

Hala da, mutil bakarra dugu. Gehiago izan ditugu, baina ez asko. Garai batean, mutil gehiago zeuden helduen taldean gaztetxoen taldean baino, normalean helduek ideia argiagoak dituztelako eta badakitelako aurreiritziei kontra egiten balleta gustatzen bazaie edo ikusten badute ondo datorkiela beste jarduera batzuetarako: mimo izateko edo antzerkian aritzeko, adibidez. Baina, zoritxarrez, egia da horrek funtzionatzen duela ume txikiagoekin. Batzuei izugarri gustatzen zaie, baina, adin batera iritsita, gauzak oso argi eduki behar dituzte eta oso indartsuak izan behar dute jarraitzeko.

Familiak horretan laguntzen du?

Familiaren bultzada oso garrantzitsua da, baina, batzuetan, familiakoak ere presio iturri izaten dira. Guraso askok esaten dute: "Bueno, benetan gustatzen bazaio...". Baina neskari aukera ematen diote gustatzen zaion ala ez ikusteko hainbat hilabetez; mutilari, ordea, behin baino gehiagotan, ez. Asko gustatu behar zaio.

BEZaren igoera, krisia eta antzeko faktoreak direla-eta, arte eszeniko gehienetan egoera ez da batere samurra, baina, dantzaren kasuan, badirudi askoz larriagoa dela. SGAEk duela gutxi plazaratutako txosten batean ballet klasikoa "hilzorian" zegoela esaten zuten.

Nik uste dut larregizkoa dela balorazio hori. Egia da egoera oso txarra dela, baina ohituta daude, beti izan delako txarra. Egia da krisia nabaritzen dela, leku guztietan nabaritzen delako, baina ez dut uste hainbesterako denik. Balleta beti izan da arte eszenikoen senide pobrea.

Zergatik?

Desinformazio handia dagoelako. Lehen esan bezala, jende askok segitzen du pentsatzen balleta goi mailako jendearentzako ikuskizuna dela, ez dela kaleko jende arruntarentzat. Uste dute ez zaiela gustatuko, edo horretaz ez dutela ulertzen. Baina balletean ez da beharrezkoa ezer ulertzea: gustatu egin behar zaizu, besterik ez. Joan zaitezke zirku ikuskizun batera eta gustuko izan, horretaz askorik jakin gabe ere.

Euskal dantzari asko atzerrira joan dira. Ezinbestekoa al du hori mundu honetan aurrera egin nahi duenak?

Kasik baietz esango nuke. Espainian ballet klasikoko konpainia oso gutxi daude, eta dantza garaikidekoak ugariagoak dira, baina ez askoz gehiago. Gainera, dantzari mota asko daude, eta gerta daiteke hemen dauden apurrek ezaugarri oso bereziak dituen dantzari bat behar izatea eta zure estiloa behar horietara ez egokitzea. Hortaz, mugitu beharra dago.

Zein abantaila ekartzen dio ume bati balletean aritzeak?

Asko. Koordinazioa hobetzen du, psikomotrizitatea, musikarako jaidura, ikusmen periferikoa garatzen laguntzen du, gauzak elkarrekin lotzen, pentsatzen. Memoria garatzen du. Laguntza handia ematen du egunerokoan. Guraso batzuek pentsatzen dute balletean aritzeak ikasteko denbora kenduko diela ikasleei, baina alderantziz gertatzen da; gauzak hobeto eta azkarrago ulertzen laguntzen du balletak. Eta motibazioan ere eragiten du. Hori ama askok ikusten dute.

Pentsatzekoa da eskolan dauden ikasle guztiak ez direla goi mailako dantzariak izango, futbolean aritzen diren ume guztiak lehen mailako talde bateko jokalari izango ez diren modu berean. Baina oso onak direnek nolako irtenbideak dituzte?

Karrera pribatuak orain aukera ematen du unibertsitatean Dantza Zientzietako gradua egiteko. Horrek hainbat bide zabaltzen du, den-dena ez baita dantza egitea: koreografia, eszenografia eta horrelako arloak ere lantzen dira. Ballet klasikoa menperatuta, musikaletan, dantza garaikideko ikuskizunetan eta beste zenbaitetan jarduteko aukera dago. Irteera asko daude, eta denak ez dira pasatzen beti dantza egitetik edo onena izatetik: oso zoriontsua izan zaitezke gustatzen duzuna egiten eta munduko onena izan gabe. Ez da beharrezkoa Bolshoiko lehenengo dantzaria izatea zoriontsu izateko.

Zure eskolatik pasatu diren ikasleen artean ba al dago elitera iritsi den dantzaririk?

Batzuk bai; Alemanian ere egon dira, eta bueltan daude dagoeneko. Utzia dute dantza, baina horretan aritu diren bitartean zoriontsuak izan dira, eta hori da garrantzitsuena.

Nola ikusten duzu Euskal Balleta sortzeko proposamena?

Garai batean egon zen Euskadiko Balleta, Rafael Martik zuzendua. Pena handia hartu nuen hori desagertu zenean. Hor zegoen, eta galtzen utzi genuen. Ez dakit oso ondo zer gertatu zen, baina penagarria izan zen. Eta orain, krisiarekin, badirudi ez dela garairik egokiena horrelakoak sortzeko. Baina hor ikusten da dantzari ez zaiola garrantzia ematen.

2008an, Ion Beitiak adierazi zion BERRIAri dantza irakasleak "asko exijitu" behar duela eta "errukigabea" izan behar duela. Ados zaude?

Beitia eta biok ikaskideak izan gara ikastaroren batean, nahiz eta adinez hura nagusiagoa izan. Jakina, exijitu behar da; esfortzuaren kultura garrantzitsua da, balletean ez ezik, jarduera guztietan ere. Baina batzuetan, gogorra izateaz gain, ikaslea adoretu ere egin behar da, bultzatu, gaitasuna duela sinetsarazi. Dantzarako grina indartsua eta aldi berean hauskorra da, eta ezin duzu galtzen utzi gehiegizko gogortasunaren ondorioz. Pasioa galtzen bada, akabo gainerakoa.

Azken finean, ballet irakaslea irakasle da, beste ezeren gainetik. Pedagogia eta umeekin moldatzen jakitea garrantzitsua da lanbide horretan?

Ezinbestekoa da, are gehiago orain. Gu umeak ginenean, irakasleak zerbait esan eta tente jartzen ginen guztiak. Hori aldatu egin da. Eskuin eskua eta ezker eskua etengabe erabili behar dituzu, eta batzuetan nekagarria da.

Dantzari batentzat, garrantzitsua da prestakuntza fisikoa?

Eliteko kirolari batentzat bezain garrantzitsua. Dantzak bi osagai horiek ditu: eliteko kirolaren modukoa da, baina, aldi berean, artea da, eta gauza biak uztartzen jakin behar da. Jendeak jakingo balu nolako prestakuntza behar duen balletak, ez luke horren inguruko hain irudi okerrik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.