Datorren biolentzia politikoa

Luis Gardek 'Aireportuko musika' liburua eman du argitara, Pamielarekin. Etorkizun hurbileko gatazka politiko bat jorratu nahi izan du bere ibilbideko bigarren eleberrian

Luis Garde, bere azken eleberria aurkeztu aurretik, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Literaturan, iraganeko gatazka politikoak jorratu izan ohi dira; Luis Gardek (Iruñea, 1961), ordea, etorkizun hurbilera begiratu du:2029an kokatu du bere azkeneko eleberria, thriller politiko tankerako Aireportuko musika. «Thriller politiko izan baino gehiago, imitatu egiten du, eta nobela beltzetik ere puntuak baditu», adierazi du egileak. Zientzia fikzioan sartu gabe, gizartea «zerbait aurreratuxeago ikusteko eta aztertzeko gogoa» zuela aitortu du. «Beti kezkatu izan nau biolentzia politikoak».

Frantziako hiri batean bizi da liburuko narratzailea, eta nahiko bizitza bakartia darama. Goizetan, ostatu batean egiten du lan;arratsaldeetan, greziera klaseak ematen dizkie ostatuko bezero batzuei. Egun batean, ohar anonimo bat jasoko du: Frantziako Cahors herrian hitzordu bat, beharbada interesatuko zaizkion dokumentu batzuk jasotzeko. Dokumentu sorta jasotzen duenean hasten da nobela eraikitzen, narratzaileak egiten dituen irakurketa eta hausnarketen bidez.2027an, EHAS erakunde armatu sortu berriak Leyre Olcoz izeneko nafar politikari eskuindar eta erregionalista bahitu zuen. Eta bahituta zegoenean hark idatzitako eskutitzak, telefono kontrolatu bidezko elkarrizketen transkripzioak, egunkari ebakinak eta sareetatik hartutako berriak dira narratzaileari emango dizkioten dokumentuak.

Familia nafar tipiko bateko alaba da Leyre Olcoz, Garderen hitzetan. «Familia boteretsu eta dirutsua. Politikan oso sartua. Azken belaunaldiko ordezkaria, eta ondare horren azken jasotzailea». Gatibualdian, kartak idazten dizkioemazteari, eta ezagun dituen Madrilgo eta Nafarroako alderdikideei. «Gutun horien bidez, pertsonaia eraikitzen doa».

Narratzaileak badu dokumentuez haragoko harreman bat Olcozekin, halere. «Inplikazio bat ikusiko da», azaldu du Gardek. Narratzaileak etengabe izango du, gainera, oharra bidali dionak ez ote duen nahi bahiketari buruzko kontakizun jakin bat gailentzea.

Hedabideek eta sareek garrantzi handia dute liburuan. Garde: «Ikusiko dugu iritzi publikoa nola eratzen den istorioan zehar, nola jartzen den alde batera edo bestera, eta zerk eraginda».

Poesiari buruzko hausnarketa egiteko aukera ere izan du idazleak. Bere «etxeko marka» dela dio. Narratzailea bera poeta da. «Porrot egindako idazle gisa azaltzen da, eta horrek badu puntu parodiko bat». Eleberriko pertsonaia batzuk poesia idazten eta irakurtzen azaltzen dira. Lizardi eta Cernudaren poema bana, Pete Seegerren bi abesti eta Nerudaren «pare bat lerro» ageri dira.

Aldo Moro eta Shakespeare

Egilearen bigarren eleberria da Aireportuko musika, eta idazteko ideia benetako kasu batetik etorri zitzaiola kontatu du: Aldo Moro politikari kristau-demokrataren bahiketatik, hain zuzen. Libururako oharrak hartzen ari zela, irudi bat gogoratu zuen. «Idazten dugunok gure barruko artxiboa erabiltzen dugu beti. Daramatzagun esaldiak, bizipenak edo irudiak batzuetan azaleratzen dira». Mororen gorpua auto batean azaldu zen, kapota irekia zuela, eta horren argazkia zuen buruan Gardek. «Betiko geratu zitzaidan buruan. Kasu horrek zer pentsatua ematen zuen botereari buruz, estatu arrazoiari buruz, alderdi politikoen jarrerei buruz».

Erromako demokrazia kristauaren eta alderdi komunistaren artean itun historiko bat egitear ziren 1978an, eta Moro zen ideia horren aita. Oreka eta sendotasuna eman nahi zion Italiako politikari. Ituna sinatzeko egunean bahitu zuten. Hipotesi asko daude horren inguruan, eta liburu asko idatzi dira, baina idazlearentzat ideia orokor hori nahikoa izan da liburua abiatzeko.

Kasu hura eredu hartuta, hainbat botere islatzen saiatu da eleberrian. «Ez da gobernu baten boterea bakarrik, komunitate autonomoenak, alderdi politikoenak, jendearenak edota hedabideenak» ere azaltzen direla esan du. «Liburuan datozen telefono bidezko elkarrizketetan, botereen arteko lehia agertzen da». Boterearen lehia horretan jorratzen da istorioaren zati handi bat.

Shakespeare ere izan du inspirazio iturri. «Giza pasioak lantzen ditu, eta hor sartzen dira maitasuna eta gorrotoa, baina gehienbat botere gosea lantzen du; boteretsuen arteko lehia hori».

Aireportua metafora gisa

«Tituluari kutsu poetiko bat aurkitzen diot». Eleberrian aireportu batzuk azaltzen dira, idazleak dioenez. «Biziki maite dudan tokia da, eta gure gaurko gizartearen metafora izan daiteke. Asko gustatzen zait aireportura noanean, jendeak zer egiten duen eta nola mugitzen den ikustea».

Liburuan, disko bat aipatzen du idazleak: Brian Eno musikariarena, hain zuzen. Garderen hitzetan, hura izan zelako «aireportuko musikaren aitzindaria». Idazleak, bai idazteko, bai irakurtzeko, musika entzuteko ohitura duela adierazi du, baina ez edozein musika, Enorena soilik. «Nire lana egiteko musika da. Ohitura bihurtu da. Leitmotiv poetiko gisa agertzen da».

Aireportuan pertsonaiak hizketan ari direnean dagoen burrunba islatzen saiatu da idazlea, eta erreka batekin egin du konparaketa. «Beste gauza zehatz bat egiten ari zaren bitartean joaten dena da bizitza, erreka bat izango balitz bezala. Hitzak desagertzen direnean geratzen dena izango litzateke aireportuko musika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.