Datorren urtean hasiko du ibilbidea arkitektura garaikidearen institutuak

Donostiako Santa Teresa komentua izango du egoitza, eta han egingo dute, halaber, 'Mugak' izeneko nazioarteko arkitektura biurtekoa

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute institutua abiatzeko. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostuta, Donostiako Santa Teresa komentua izango da Arkitektura Garaikideko Euskal Institutuaren egoitza nagusia. Jakinarazi dutenez, urte hasierarekin batera abiatuko dute institutuaren ibilbidea ere: datozen hilabeteetan egingo dituzte guztia martxan jartzeko lanak, eta «progresiboki» joango dira espazioak okupatuz, batetik, eta aldi baterako mostrak zein finkoak izango diren definitzen, bestetik.

Arkitektura sustatzea, hedatzea eta dibulgatzea izango dira institutuaren zereginak. Arkitektura zabaltzeko lankidetza akordioak diseinatuko ditu, besteak beste, EHUko Arkitektura Eskolarekin, elkargo profesionalekin, kultur elkarteekin eta artxibo pribatuekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arkitekturaren eta eraikitako ondarearen interpretaziorako gunea ere izango da, Pedro Javier Jauregi Etxebizitza sailburuordearen arabera; «enfasi berezia» egingo du sorkuntza garaikidean, baina «tradizio aberatsa ahaztu gabe».

Institutua arkitekturaren inguruko elkargunea izan dadin nahi dute. Era askotako ekitaldiak egin nahi dituzte, alde horretatik: batetik, publiko orokorrari eskainitako erakusketak antolatuko dituzte, eta, bestetik, jardunaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte. Artxiboen eta funts dokumentalen kontserbaziorako gunea ere izango da, halaber, institutua.

Hiru solairu hartuko ditu haren egoitzak, eta 1.380 metro karratu inguru izango ditu, gutxienez. «Arkitekturaren ikerkuntzarako eta hedapenerako guneari aterpea emateko baldintza idealak ditu Santa Teresak. Lehen mailako ekipamendua da, balio historiko handikoa», nabarmendu du Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak.

Horrez gain, lehenengo aldiz egingo dute Mugak, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Biurtekoa, eta institutua izango da ekitaldiaren egoitza nagusia —urriaren 31tik urtarrilaren 31ra bitartean egingo dute—. Arkitekturaren esparruko joera berritzaileenak zabaltzea, mugak sozialak mugiarazteko edo aldatzeko arkitekturak duen gaitasuna aztertzea, eta elkargune izatea du helburu bienalak, besteak beste akademikoentzat, profesionalentzat, unibertsitateko ikasleentzat eta herritarrentzat, oro har.

«Mugak biurtekoari eta institutuari esker, Gipuzkoa erreferente bihurtuko da gure hiriak berritzera eta biztanleen bizi kalitatea hobetzera bideratutako hiri berrikuntzako proposamenen esparruan, eta, halaber, Gipuzkoaren eta Donostiaren kokapena finkatuko da Euskadiko kultura erreferente nagusi gisa arkitektura eta hirigintza esparruan», esan du Itxasok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.