Nerabe garaian eta lagun baten anaia zaharragoren baten diskotik grabatutako zinta batean entzun nuen zure musika lehen aldiz. Hi-Fi erraldoi haien botoi eta gurpiltxoen erabileran oso iaioak ez ginen oraindik eta Kooks abestiaren hasieran bolumenak nabarmenki behera egiten zuen, segundo batzuk geroago bere onera bueltatzeko. Horrenbeste aldiz entzun nuen zinta hura, bolumen zulo hori eta guzti grabatuta dudala buruan kantua. Arraro egiten zait oraindik ere abesti horren hasiera bolumen normalean entzutea.
Horrelaxe barneratu nuen Kooks eta Hunky Dory disko osoa, eta modu sakon eta eraldatzaile berean entzun nituen zure disko guztiak ondoren. Zure abestiek, zure hitz, irudi, janzkera eta keinuek nire bizitza argitu eta bideratu dute. Zeu zinen eredu eta lagun, eta zeuk ireki zenizkidan ate guztiak. Zeuk erakutsi zenidan neu izaten, zure mila aurpegi ezberdinetan denok aurkitzen baikenuen geuretzako egoki zena eta geure barnean Bowie ttiki bat gordetzen genuela sentiarazten gintuena.
Hamar soineko, zein baino zein koloretsuago, makillaje ikusgarria eta lepoko fuksiak jantzi nituen Marquee aretoa nire rock —and—roll frenetikoaz hankaz gora jartzeko. Soulman alienigena baten moduan astindu nituen nire aldakak telebistan Young Americans-en erritmora. Wild is The Wind milioi bat aldiz abestu dut, eta negar egin beti. Larru beltzeko jaka estuan izoztuta paseatu nintzen Berlingo karriketatik, Heroes-en hitzak nire buruan idazten nituen bitartean. Kontzertu bakoitza ikusle orori eta aldi berean bakoitzari bereziki zuzenduta zegoela sentiarazten saiatu nintzen, azkenera arte. Inork ez dit hori guztia ukatuko.
Zurekin, zure bitartez eta zuri esker bizi izan dut hori guztia. Disko berriaren azalean eta Lazarus-en bideoan gaur ulertu dut dotoreziaz eta koherentziaz hiltzen ere irakatsi diguzula. Armairuaren ateak nire gainean ixten diren unera arte gogoratu eta maiteko zaitut.
Agur eta eskerrik asko. Antton.
IRITZIA
David Bowie maitea:
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu