De la Fuente, Cannesen

Zuzendari euskal herritarrak bere azken filma aurkeztu du zinemaldian. Damian Nenow animatzailearekin egin du 'Another Day of Life' lana

Raul de la Fuente zinemagilea, atzo, Cannesen. FRANCK ROBICHON / EFE.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hiru hilabete 1975eko. Portugaldik askatu aurreko Angolan. Gerran. Poloniako berri agentzia publikorako lan egiten zuen 43 urteko kazetari baten bizipenak. Riszard Kapuscinski handiarenak. Kazetari gisa heldu zen Angolara; idazle bihurtuta alde egin zuen handik. Animazioa eta irudi errealak erkatzen dituen 86 minutuko film batean agertu dituzte bizipen haiek orain. Another Day of Life (Beste egun bat bizirik) da pelikularen izenburua. Raul de la Fuente (Iruñea, 1974) zinemagileak zuzendu du, Damian nenow animatzaile poloniarrarekin batera. Cannesen aurkeztu zuten biek, atzo. Opera primarik onenarentzako Urrezko Kamera irabazteko hautagaien artean dago lana.

«Thriller-a, abentura filma, gauza asko da pelikula hau. Bala bat, tiro bat izateko pentsatu nuen. Film azkarra da, abiada bizikoa, geldialdi surrealista, oniriko, unibertsal, poetikoekin», zioen atzo De la Fuentek. Hamar urte behar izan ditu proiektu hau gauzatzeko. Kapuscinskiren Angolako kroniken liburua irakurtzean erabaki omen zuen han film bat bazegoela. Eta dokumentala eta animazioa hibridatzea, Kapuscinskiren estilo poetikoak bultzatuta, haren Angolako bizipenak animazioaren eta benetako irudien bitartez kontatzeko. «Kapuscinskik zioen bizitzaren zentzua mugak zeharkatzean datzala, eta hori izan dugu erronka». Donostiako Kanaki Films da filmaren bost ekoiztetxeetako bat. Gainerako lauak atzerrikoak dira.

Raul de la Fuenteren lehen lan luzea Nomadak TX (2006) izan zen. Oreka TX taldeko bi kideen munduan zeharreko ibilerak agertzen zituen, eta hamaika sari jaso zituen lan harekin. 2015ean, film labur dokumentalik onenarentzako Oscar saria jasotzeko hautagai izan zen Minerita (2013) lanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.