Dejaburen 'Gure bide galduak' obrak jasoko du Donostia antzerki saria

«Belaunaldi gazte batek gertuko historiaz egindako hausnarketa» eskaintzen du, epaimahaikideen iritziz

Martxoaren 27an Viktoria Eugenia antzokian emango dute Gure bide galduak, sari banaketaren ondoren. BERRIA / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Iaz Donostiako antzokietan antzerki konpainia profesionalen eskutik helduentzat programatu ziren euskarazko bederatzi ikuskizunen artetik, Dejabu konpainiaren Gure bide galduak hautatu du epaimahaiak Donostia antzerki sariaren irabazle. Saria martxoaren 27an jasoko du konpainiak, Viktoria Eugenia antzokian, obraren emanaldiarekin amaituko den ekitaldi batean.

Sari gisa 10.000 euro eta Txiki Agirre Keixeta-ren margolan bat jasoko ditu konpainiak; diruaren zati bat, hala ere —2.000 euro—, Donostian euskarazko antzerki obra berri bat eskaintzen duenean jasoko du, eta hori 2015eko abenduaren 31 baino lehen egin beharko du.Obra berri horretarako entseguak egiteko, Luhusoko Harri Xuri karrikako arteen fabrikan (Lapurdi) bost asteko egonaldia egiteko aukera izango dute konpainiako kideek.

Taldean sortu eta eraikitakoantzerki lan bat da Gure bide galduak, utopiari, ametsei eta desenkantuari buruzkoa, Franco Espainiako diktadorea hil ondorengo lehen urteetan girotua. «Lan biribila da», epaimahaikideen ustez, «sorreratik aipagarria, jatorrizko lana izateaz gain, elkarlanean sorturikoa delako. Belaunaldi gazte batek gertuko historiaz, 70eko hamarkadaz, elkarlanean egindako hausnarketaren emaitza da. Gure iraganaren interpretazio berezia da». Epaimahaia Kepa Errastik (Euskal Aktoreen Batasuna), Pablo Barriok (EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Ane Gabarainek (Espainiako artista eta interpreteen AISGE elkartea), Agus Perezek (BERRIAko antzerki kritikaria)eta Norka Chiapusok (Donostia Kultura) osatu dute.

Objektu gutxi, emozio asko

Eszenografiaren aldetik ere bikaina irizten diote epaimahaikideek lan sarituari: «Harrigarria da ikustea nola lor daitezkeen hainbeste emozio hain objektu gutxirekin. Elementu guztiak agerian dauden arren emanaldiaren hasieratik, haien erabilera sinbolikoa ezin hobea da». Zuzendaritza lana, berriz, «denbora eta espazioa neurtzeko duen maisutasunagatik» jo dute laudatu eta nabarmendu beharrekotzat.

Obraren emanaldiek hala Donostian nola beste hainbat hiri eta herritan harrera ona izan dutela gogorarazi dute epaimahaikideek, eta «ezohiko ikusleak» erakartzea lortu duela konpainiak.

Donostia Kulturak emandako datuen arabera, konpainia profesionalek helduentzako prestatutako bederatzi obra programatu ziren iaz Donostiako antzokietan, eta lan horiek hemeretzi emanaldi izan zituzten guztira. Euskarazko lanak kontratatzean, lan bakoitzetik bina emanaldi programatzen ditu Donostia Kulturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.