Delirium Tremensen abestiak joko ditu Lekeitioko bandak

Andoni Agirregomezkorta taldeko kantari ohiak lau abesti kantatuko ditu, etzi, Lekeition

Andoni Basterretxea, Delirium Tremenseko abeslari ohia. IDOIA ETXEBERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lekeitioko Udal Bandak kontzertua emango du etzi herriko plazan, 23:00etatik aurrera, eta emanaldi horretan Delirium Tremens taldearen lau abesti joko ditu. Andoni Basterretxea taldeko kantari ohia arduratuko da, bere gitarraren laguntzaz, Ikusi eta ikasi, Kaixo, Ihes eta Boga-Boga kantu mitikoak abesteaz.

Urtzi Iriondo Lekeitioko Udal Bandako zuzendariaren esanetan, «badira 21 urte Basterretxea ez dela eszenatoki batera igotzen Delirium Tremensen izenean». Hain zuzen ere, sei urteko ibilbidea egin zuen taldeak 1985 eta 1991 artean. Tarte horretan, euskaraz egindako rockaren erreferenteetako bat izan zen. Hiru disko argitaratu zituzten: Ikusi eta ikasi (1989) eta Hiru aeroplano (1990) Oihuka disketxearekin, eta Bilbo zuzenean. 91-5-24 (1991) Esan Ozenkirekin.

Lekeitioko Udal Bandak beste musikari batzuk edo bertsolariak gonbidatzen ditu, urtero, kontzertu batera. Oreka TX aritu izan da haiekin, adibidez. 1.500-1.800 bat ikusle bildu izan dituzte emanaldi horietan, baina, Iriondoren ustez, Basterretxea Delirium Tremensen abestiak kantatzen ikusteak baliteke kopuru hori 2.000tik gorakoa izatea ekartzea. Lau abesti horiez gain, kantu gehiago joko ditu bandak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.