Dena adierazteko hiru estilo

Isidro Lopez Muriasen 127 margolan jarri dituzte Iruñeko Kondestablearen jauregian, 'Errealismoa, kubismoa, espresionismoa' erakusketan. Abenduaren 8ra arte dago zabalik

Muriasen lan batzuek gai sozialak eta gatazkak islatzen dituzte. Irudian, Basoan erasoa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errealismoa, kubismoa eta espresionismoa. 80 urterekin, Isidro Lopez Murias margolariarentzat horiek jarraitzen dute izaten nahi duen oro trazuz adierazteko modurik egokienak. Ibilbide luze bat du atzean. Urteetan teknikak eta gaiak fintzen eta horietan sakontzen aritu da, baina hiru estilo horiek izan ditu beti adierazpide nagusi. Eta horregatik jarri diote Errealismoa, kubismoa, espresionismoa izenburua Iruñeko Kondestablearen jauregian jarri duten erakusketari. 127 lan biltzen ditu, eta abenduaren 8ra arte egongo da zabalik.

Ama nafarra eta aita espainiarra —Palentziakoa— zituen arren, Murias Tetuanen jaio zen, haren aita telegrafista lanetan aritu baitzen Marokon bost urtez. Haurtzaroan Gipuzkoan, Palentzian, Leonen eta Asturiasen (Espainia) bizi izan zen, harik eta 18 urterekin Madrilera joan zen arte, San Fernandoko Arte Ederretako Goi Eskolan sartzeko probak prestatzera. 1959an onartu zuten azkenean, eta urte berean, marrazketako lehen saria jaso zuen Espainiako Arte Grafikoen Eskolan. Handik aurrera, trebatzen eta sortzen aritu da etengabe. 1970ean katedradun plaza lortu zuen Valentziako Arte Aplikatuen Eskolan (Herrialde Katalanak), eta 1982an, Iruñeko Arte Plastiko eta Diseinu Eskolan lortu zuen titulu bera. Han aritu zen irakasle 2004an erretiratu arte.

Muriasen margotzeko era aldatuz eta garatuz joan da urteekin. Errealismoak eta naturalismoak toki handia izan dute beti haren obran, baina beste aukera batzuekin esperimentatuz eta estilo interpretatzaileagoetara mugituz joan da. Planoen eraikuntza landu du, ikuspegi kubistatik, eta espresionismoarekin uztartu du. Hala, haren obrak nortasun handiagoa lortu du urteekin.

Koloreak ere izan du bilakaera: hastapenetan, tonu ilunagoetara jotzen zuen, eta grisa etengabea zen haren lanetan. Denborarekin, paletaren aukerak probatuz joan da, kolore biziei tokia emanez. Kolorea, izan ere, funtsezko elementu bat da Muriasen plastikotasunean. Ez da margolari kolorista, baina irudiei adierazkortasuna emateko indartzen ditu pigmentuak. Gorri sendo batez margotutako ezpainak, berde argiz tindatutako zelai bat edo masail laranja batzuk nahikoak dira koadroari bizitasuna emateko.

Zorroztasun teknikoa ez ezik, emozioak islatzea ere izan du beti xede. Antzerako gaiei heldu die hasieratik, lurreko gaiei, eta paisaia eta natura izan ditu ardatz nagusi. Baina hamaika modutara irudikatu izan ditu; hamaika pertsonaia eta paisaia sortu ditu, horietako bakoitzean emozio zehatz bat islatzeko.

Erakusketak margolariaren ibilbide artistikoaren argazkia eskaintzen du. Bi aretotan banatuta dago, eta koadro guztiak teknika berarekin eginda daude, olioan eta mihise edo ohol gainean; estiloa, berriz aldatu egiten da. Lehenengoan, lengoaia errealistako artelanak daude batik bat: Cintruenigo eta Moncayo, Galsoroak lurrean, Gaztelako hilerri bat, Peñafielgo artzaina, Salamanca udazkenean... Lanok irudi kostunbristak erakusten dituzte: zelaiak eta mendiak, laborariak eta abeltzainak... Eta urtaro bakoitzak naturan eragiten dituen berezitasunak erakusten dituzte: zelai horituak, mendi gailur elurtuak edota zuhaitz gorrituak.

Palentzian bizi izan zen garaian sortu zitzaion halako paisaiekiko interesa Muriasi. Nerabezaroko lehen urteak igaro zituen han margolariak, eta «bizipen pertsonaletik eta oroitzapenetatik» bihurtu zituen gero artelanetako agertoki: «Urrun baina beti presente» zuen lurraren nostalgiatik. Bestalde, Muriasek German Calvo margolaria izan zuen maisu, eta harengandik ere datorkio paisaien trataera hori.

Erretratu errealistek ere toki handia dute Muriasen lanetan; ez, ordea, autorretratuek. Olioaz egin dituen bi autorretratu bakarretako batikus daiteke erakusketan: 1964an egin zuen, eta behin baino ez du erakutsi. Diego Velazquezen omenez egindako tamaina handiko lan bat ere jarri du erakusketan: Prado museoaren kanpoaldea agertzen da, eta koadroaren erdian, margolari barrokoaren eskultura sonatua. Ez da hori irudikatu duen eraikuntza bakarra: eliza eta katedral ugari daude koadroetan; esaterako, Fiteroko (Nafarroa) monasterioaren atea edota Tamara de Camposko (Palentzia) eliza. Horiez gain, haren lanean oinarrizkoak diren bodegoi ugari ere ikus daitezke.

Bigarren aretoko artelanetan ere paisaia eta giza irudia dira protagonistak, baina horien errepresentazioek ez dute zerikusirik aurrekoekin. Pintura figuratiboa lengoaia kubista eta espresionistarekin nahasten da, eta hala, izaki eta paisaia desitxuratuak ikusten dira nonahi; irudi kaotikoak, kolore biziak eta eszena surrealistak. Trazuetako bakoitza zainduta eta aztertuta dago, hala ere. Margolanetako aurpegi gehienek forma guztiz borobila dute, baina barruan plano eta gainazal ugari dituzte; begirada indartsuak eta keinu biziak. Eta aurreko paisaia idilikoetan ez bezala, odola agertzen da hainbat eszenatan.

Gai sozialak

Arte Ederretako ikasketak amaitutakoan gai sozialekiko interesa piztu zitzaion artistari, eta hori ere islatzen da garai horretako koadroetan: eraso matxistak eta buruko osasun arazoak erakusten dituzte askok. Artelanen izenetan era nabaritzen da esperimentazio handiagoa, bai eta gai berriak ere. Horietako batzuk dira Irudi dantzariak, Deabrutxo bat, Zoroa, Pertsonaia desitxuratua, Jazarpena eta Erasotzaile kriminala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.