Iruditzen zaio Xabier Etxeberriari (Zarautz, 1974) «harreman batean» ez dela dena kontatu behar. «Bestela, pornografikoa bihurtuko litzateke, eta ez luke funtzionatuko». Hain zuzen ere, pertsonen arteko harremanetan gezurrek «edo sekretuek» duten tokiaz mintzo da Etxeberria Udazkeneko lorea (Elkar) bere bigarren eleberrian. Argitu du pertsonaiek ez dutela «egia guztia» esaten. «Baina uste dut hori nahiko errealista dela», esan du.
Hiru dira nobelako protagonistak. Mikel, Naroa eta Lucia. Beraz, hiru istoriorekin osatu du kontatu beharrekoa Etxeberriak, eta bakoitzari trataera jakin bat eman dio. «Nire jolas literarioa izan da istorio bakoitzari tonu bat ematea». Mikeli dagokiona, esaterako, «ironiaz» idatzita dago. «Nire alter egoa dela esan daiteke». Naroarenari ukitu «dramatikoagoa» eman dio, eta Luciarena, berriz, «tragikoa» da. «Mikel eta Naroa bikote dira, eta Luciak osatzen du triangelua. Argumentu bana eman diet hirurei, bai denboran eta baita tonuan ere». Harremanen mundua eraman du Etxeberriak Udazkeneko lorea-ren orrialdeetara. Batik bat, ama eta alaben zein ahizpen artekoez eta bikote harremanez mintzatu da egilea. Hasieran, «estilo ezberdinean» idatzi nahi zuen pertsonaia bakoitza. «Baina bakoitzak bere mugak dauzka, eta, azkenenean, estilo bera erabili dut hirurentzat», esan du.
Laburrak dira kapituluak—137 orrialde dauzka liburuak—, eta «tartekatu» egin ditu Etxeberriak. «Kapituluak bakarka hartuz irakur daiteke nobela, edo, bestela, tartekatuz». Argumentuak, baina, «tranpa batzuk» badauzka, «suspensea edo» emateko. Tranpa horien zergatia azaldu du Etxeberriak: «Literatura mintegi batean egon nintzen behin, eta Edorta Jimenez genuen irakasle. Hark esan zigun bi bide daudela irakurleak hasieratik liburuari lotzeko. Bat, estilo jasoa edukitzearena zen. Bestea, berriz, argumentuarena. Onena litzateke biak edukitzea, baina, estiloaren faltan, argumentuarekin saiatu naiz». Umorez hitz egiten du Etxeberriak liburuaz, eta umorea da liburuaren bereizgarrietako bat, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen ustez: «Nobela osoan antzematen da umore dezente. Suabea, baina puntu asko ditu».
Eta «suspensea» gehitu horri. «Irakurlearen jakin-mina mantentzeko baliatu dut. Zer gertatuko den jakiteko nahiak liburuaren bukaeraraino eramango zaitu. Bizitza bera bezala, korapilatsua da hiru pertsonaien arteko harremanak lotzea», dio Etxeberriak. Irakurleak jakingo du zer ezkutatzen dion protagonistetako bakoitzak besteari; «haiek, ordea, ez».
Aspalditik zituen Etxeberriak nobelako — edo «ipuin luzeko»— istorioak buruan. «Kostatu zait idaztea, orain beste erantzukizun batzuk ditut-eta: lana, familia... Baina dibertigarria izan da». Gainera, kontatutakoa «biribiltzeko» zailtasunekin ibili zen. «Hortaz, pentsatu nuen biribildu beharrean triangelu bihurtzea». Horren harira, beste izenburu bat jarri nahi zion liburuari: Triangelu eskalenoa. «Angelu guztiak ezberdinak dituen triangelua da». Azkenean, Udazkeneko lorea.
Eta Etxeberriarentzat bere bigarren eleberriak baditu antzekotasunak aurrenekoarekin, Egun denak ez dira berdin-ekin (Elkar, 2001). «11 urteotan gauza asko pasatu zaizkit, baina hau bezala, hura ere gezur batekin abiatzen zen». Umorean eta estiloan, «ironiaren erabileran ere bai», antzekoak dira. Badu biografikotik zerbait, «bestebiografiko-tik bezala». Eta paisaia, gertukoa egilearentzat: «Zarautz, Donostia...». Ez ditu, ordea, pista gehiago eman nahi, dena kontatzea ez delako ona.
Dena kontatzea ez delako ona
Harremanetan gezurrek duten tokiaz mintzo da Xabier Etxeberria 'Udazkeneko lorea' bere bigarren nobelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu