Denak ez, baina musikak balio du

Berri Txarrak taldeak 1997 eta 2007 bitartean egindako kantu onenekin bilduma bat kaleratu du Gor etxeak

gorka erostarbe leunda
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Orain erraza dirudi esatea hau Libre © diskoko aurkezpen kantu argia zela, baina guk ez geneukan horren argi». Gorka Urbizuk Denak ez du balio kantuari buruz idatzitakoak dira, kaleratu berri den izen bereko bilduma diskoaren barruan idatzitakoak. Eta honakoa dio gero: «Beste askotan bezala, jendea izan da kantuari beste estatus bat eman diona». Denak ez du balio, baina musikak balio izaten du sarri jendearen barrenetara heltzeko.

Berri Txarrak taldeak jakin izan du jendearekin harreman berezia pizten. Gor diskoetxeak plazaratu berri duen diskoa horren adierazle da. Denak ez du balio -singles 1997-2007 izen osoa darama diskoak, eta hamarkada horretan Berri Txarrak-ek grabatu zituen kanturik onenak biltzen ditu.

Kanturik onenak edo, bederen, zaleei gehien gustatzen zaizkienak. Hamar urteko epe horretako taldearen kanturik onenak aukeratzeko Gor diskoetxeak, taldearen baimenarekin, jarraitzaileei eskatu zien abestirik gustukoenen zerrenda bat osatzeko Internet bidez. Hilabete eta erdi iraun zuen galdeketak, eta 400 zaletik gora izan ziren beraien kantu gustukoenen zerrenda bidali zutenak.

Gor diskoetxearekin egindako ibilbidean bost disko plazaratu zituen Berri Txarrak-ek. Taldearen izen berekoarekin azaldu zen musikaren plazara, 1997an. Ikasten (1999) lanarekin zaleak pilatu zituzten Euskal Herrian. Eskuak/ Ukabilak (2001) hirugarrenak Euskal Herritik kanpora jauzi egiteko balio izan zien, eta Libre©-k (2003) sailkapen nahi oro zapuztu zituen. Jaio.Musika.Hil bosgarrena bihurtu zen taldearen disko erreferentziala eta nazioartekotasun gehien eman ziona.

Jendeak hautatutako kantuen artean dira, besteak beste, Oihu, Oreka, Isiltzen banaiz, Nortasuna eraikitzen, Izena, izana, ezina, Biziraun eta Ikasten. Orotara 22 kantu biltzen ditudiskoak, baina guztiak ez dira jarraitzaileek hautaturikoak. Beste bilduma lan zenbaitetan barreiaturik dauden zenbait kantu berreskuratzea erabaki baitzuen diskoetxeak. Bisai berriak, Min hau, Sols el poble salva al poble (Kop taldearen bertsioa), Bizitzaren iturria eta Betiko leloaren betiko leloa abestiaren zuzeneko bertsioa dira pieza berezi horiek.

Kantuen bildumaz gain, Jaio.Musika.Hil biran grabaturiko Zertarako amestu dokumentala ere badakar lan berriak DVD formatuan. Gorka Urbizu taldeko sortzaile eta kantariak abesti bakoitzari buruz idatzitako testuek (abestia konposatu zueneko unearen deskripzioa zein arrazoia azalduz) biribiltzen dute lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.