Denbora puska berrien peskizan

'Analektak' liburua plazaratu dute euskaraz, espainieraz, katalanez eta galegoz, Prousten pasarteekin

Lurdes Auzmendi, Victor Gomez Pin eta Harkaitz Cano, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ez da berria Marcel Prousten À la recherche du temps perduliburua euskaraz irakurri ahal izateko aukera eta plazera. 2010ean plazaratu zuten Alberdaniak eta Elkarrek Literatura Unibertsala bilduman Joxe Austin Arrietaren itzulpenean, Denbora galduaren bila-Swann-enetik izenburupean. Liburu bera, edo hobe esan, haren pasarte batzuk, beste itzulpen batean irakurtzeko beta eskaintzen du Victor Gomez Pin pentsalari katalanak atonduriko Analektak liburu plazaratu berriak.

Prousten nobela laudatuko hainbat pasarte aukeratu eta haiek gaztelaniara itzuli zituen aurrena Gomez Pinek. Pasarte horiek, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren sostenguarekin, katalanera, galizierara eta euskarara ere itzuli dituzte. Alexandra Segurak egin du katalanerako itzulpena, Jose Mayoralasek galizierakoa eta Joxan Elosegik euskarakoa. Juan Ramon Makuso aritu da guztien arteko koordinazio lana egiten. Frantsesezko jatorrizko testua, Gomez Pinek hautatutako pasartez osatua, etenik gabe azaltzen da; itzulitako bertsioetan, berriz, egileak propio jarritako izenburu batek aurkezten du zati bakoitza, eta horrek pasartearen edukiaz berehala jabetzeko parada eskaintzen du. Prousten obraren berrirakurketa moduko bat da, baina bere hitzak erabili beharrean Prousten beraren pasarteak erabiltzen ditu Gomez Pinek. Eta Prousten betiko obsesioen testigantza berri bat da: oinazea, ahanztura, heriotza, unadura... bizi-bizi ageri dira.

Bere burua ez du Prousten literaturaren aditutzat Victor Gomez Pinek, baina beti izan du gustuko idazle frantsesa. Bere testuen irakurketa filosofiko batekin beste liburu bat argitaratuko du hemendik gutxira gaztelaniaz. Analektak liburua osatzeko hilabete igaro zuen Pasaiako (Gipuzkoa) Hugoenea etxean duela bi urte, Makuso lagun zuela. Gomez Pinek Prousten metaforarako gaitasuna nabarmentzen du oroz gain, ez baliabide estilistiko soil modura, bizitzaren ulertze oso modura baizik.

À la recherche du temps perduliburua idazten hasi aurretik, aisialdira, bizitzaren plazeretara eta bestelako kezketara emana bizi zen Proust, idazle frantziarrak bere idatzietan aitortzen duenez. «Alferkeriara» emaniko bizimodu hori utzi, eta liburuak dioen bezala «denbora galduaren bila» ekiteko, gertaera berezi bat bizi izan zuen Parisko Guermantes familia entzutetsuaren festa batera zihoala. Gertakari hark berebiziko garrantzia izan zuen; Gomez Pinen iritzian, Proustek sorkuntza lana has zezan: «Jauregitxo hartako plazan oharkabean sartua zelarik, ez zuen auto bat gainera zetorkiola ikusi eta, jo eta bertan harrapa ez zezan, ondokoen maila berean ez zegoen galtza-harri baten gainean pausatu zuen hanka eta, hau miraria, urte batzuk lehenago tean bustiriko madalena bat dastatutakoan bizi izan zuen afekzioaren guztiz antzeko bizipen psikologiko berezi baten mendean geratu zen»,dio Gomez Pinek Analektak liburuko hitzaurrean. Gertakari hark eragindako egoera psikologikoak bultzaturik ekin zion nobela idazteari Proustek, eta harekin batera galdutako denbora berreskuratzeari. Honela idatzi zuen gero: «Heriotzaren bezperatan hasiko dut nire egitekoa, ogibideaz ezertxo ere ez dakidala».

«Jasotako gauzen bilduma»

Idazleen ogibideaz, idazteaz eta irakurtzeaz badaki zerbait Harkaitz Canok. Hura ere, beste idazle askoren moduan, Proust zalea da. À la recherce du temps perdu liburuko pasarteak erabiliz liburu berri bat eraiki du Victor Gomez Pinek, Canoren hitzetan. Izan ere, Canoren ustetan, «irakurtzea idatzi gabe idaztea da, irakurritakoa azpimarratzea ere idaztea da, beste era batera idaztea, eta idaztearen pozoia barruan duen edonork badaki, beste liburuen gainean egindako azpimarrak izaten direla gehienetan guk obra originaltzat saltzen ditugun horiek».

Gomez Pinek bere hautuaren arabera eraiki du Analektak liburua, testu eta denbora puska berriekin osatu du lana, eta berak aukeratu du izenburu hori ematea ere, «hizkuntza guztietan berdin ulertzen delako». Analekta grekotik dator, eta «jasotako gauzen bilduma» esan nahi du modu literalean. Donostiako Hariadna argitaletxeak kaleratu du liburua. 1.000 aleko tirada du, eta horietatik 500 ale Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu banaketa egiteko; gainerako aleak, berriz, salgai jarriko dituzte ohiko liburu dendetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.