Iraganetik gaur egunera arte sortutako adierazpen artistikoa du ardatz Bilboko Arte Ederren Museoak; egungo artisten sorkuntza bultzatzea eta biharko ondare artistikoa sortzea, berriz, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hala, lehenak bigarrenean garatutako proiektuak hartzea litzateke logikoena, baina «sorkuntza zentrotik museora igarotzen den ohiko prozesua irauli» egin dute oraingoan, eta Bilboko museoaren bildumako lanen hautaketa bat hartu du Donostiako zentroak, «irakurketa berritzaile bat emanez», Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak azaldu duenez. That Time erakusketan, 80 artistaren 107 obra bildu dituzte denera, egile, garai eta molde desberdinetakoak; Bilboko museoaren funtsetatik heldu dira denak Donostiara, hiru salbu —Ainara LeGardon, Jorge Moneo eta Ilke Gers artistek lan bana sortu dute bildumarako, Tabakalerak hala eskatuta—. Guztiak azaroaren 5era bitarte egongo dira ikusgai, katalogo batez eta egitarau batez lagunduta.
Bi erakundeek lankidetzan garatu duten lehen erakusketa da, eta Tabakalerak inoiz hartu duen handiena. Bilboko museoa handitzeko lanak martxan daude uneotan, eta proiektua orain gauzatzeko aukera eman die horrek. «Oso ongi datorkigu museoaren deseraikitze prozesu hau, bildumaren inguruan berriro pentsatzeko eta momentua iristen denean gaurkotasunetik berriro eraikitzeko», adierazi du Miguel Zugaza Bilboko museoko zuzendariak.
Tabakalerako lehen solairuko hainbat areto zeharkatzen dituen ibilbide zirkular bat marrazten du erakusketak, denera 1.500 metro koadro hartzen dituen espazioan. Hala, Ormazabalek zehaztu duenez, «denbora historikoa zirkularra» den ideia azpimarratu nahi izan dute, eta «arteari, denborari eta memoriari buruzko kontakizun berezi bat» proposatu dute bi komisarioek; Miriam Alzuri Bilboko museoko kontserbatzailea eta Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoaren arduraduna aritu dira zeregin horretan. «Erronka paregabea izan da Kristo ondorengo II. mendean hasten den bilduma bat begirada garaikide batetik eraikitzea», aitortu du Etxeberriak. Eta azaldu du Samuel Beckett idazle irlandarraren That Time antzezlanak eman ziela erakusketa egituratzeko behar zuten ideia. Hain zuzen, antzezlanari jarraikiz, C ahotsa edo zahartzarokoa, A ahotsa edo helduarokoa, eta B ahotsa edo gaztarokoa baliatu dituzte obrak multzokatzeko, eta atal bakoitzarekin iraganari, orainari zein etorkizunari erreferentzia egiteko. «Becketten testu batek gidatutako ontzi bat ezin da itsasoan galdu, jada galduta egotearen nozioa barneratua baitu muineraino». Komisarioaren hitzetan, denboraren auziari ikuspegi poetiko batetik eta irudimenezko ariketa bat eginez heldu diote, «denbora biologikoa eta historikoa kontrajarriz, edota bateratuz». Eta, hala, denboraren inguruko gogoeta plazaratuz.
Hiru ahots, hiru denbora
Alzurik zehaztu duenez, ikusgai dauden obretatik, K. o. II. mendeko Palmirako (Siria) harrizko pieza anonimo bat da zaharrena, eta, LeGardonek, Moneok eta Gersek aurten bertan sortutakoekin batera, Idoia Monton margolariaren Sakrifizioa II da berriena. «Bataren eta bestearen artean, funtsen aniztasunaren erakusgarri diren obrak eta egileak topatuko ditu Tabakalerara datorrenak; margolanak, eskulturak, argazkiak, bideoak, soinu-artea, instalazioak nahiz paper gaineko lanak». Halaber, badira Bilboko museoaren funtsen parte diren baina oraindik jendaurrean aurkeztu gabeak ziren hiru obra ere: Montonena, Susana Solanorena eta Iñaki Garmendiarena. Kronologiaz kanpoko ibilbide bat eginez aurkeztu dituzte guztiak, hiru multzotan bereiziak, Becketten antzezlaneko hiru ahotsei jarraituz.
Sarreran, garai desberdinetako hainbat egileren hamaika bustok egiten dute harrera. Anonimoak dira batzuk, artista ezagunek eginak beste batzuk, eta pertsona ezezagunak zein ezagunak ageri dira irudikatuta. Atariko areto horretan dago LeGardonek erakusketarako propio ondutako Pausa pulsar soinu pieza, zeina figuren artean kokatutako sei bozgorailutatik entzun daitekeen.
Ezkerrera eginda, C ahotsa, zahartzarokoa izendatu duten espazioan sartuko da bisitaria. Bertan bildutako piezen bidez, iraganari egin nahi izan diote erreferentzia, edo, bestela esanda, «iraganeko aro zaharkituari, baina ez amaituari, zeinetan izan zen hura oraindik ez den guztiz igaro». Garai, diziplina eta estilo diferenteetako egileen obrak elkarrekin ikus daitezke lehen areto horretan, eta iraganerako begiradak izan zuen garrantziaren lekuko dira batzuk, Etxeberriaren esanetan, hala nola Jose Migel Barandiaranen omenez Bixente Ameztoik ondutako serigrafia. Ibon Aranberri, Jorge Oteiza, Bonifacio, Marta Cardenas, Juan Luis Goenaga, Susana Talayero eta Cy Twomblyren lanak biltzen ditu multzo horrek.
Halaber, mitoekin eta erlijioarekin lotura duten lanak ere badira, «gizarte desakralizatu batean irudien iraunkortasunaz hitz egiteko» baliatu dituztenak, Alzuriren hitzetan. Horien artean daude, besteak beste, Joan Pieren Idoloa, Elena Asinsen Zortzi menhir bidimentsional, Remigio Mendibururen Sustraiak, eta Albertoren Otiaren emakumea, eta baita San Joan gurutzearen oinaldean XIV. mendeko eskultura anonimoa zein Grekoren San Frantzisko otoitzean olio pintura ere. Aretoan aurrera eginda, lan gehiago ere ikus daitezke, tartean Francis Baconen Irudia etzanda ispiluan.
Berriz ere sarrerara itzuli eta eskuin aldera joz gero, A ahotsa edo helduarokoa izeneko atalera iritsiko da bisitaria, oraina protagonista duena. Beste forma bat hartzen du denboraren ideiak aretoan dauden artelanetan. Izan ere, Industria Iraultzak denbora antolatzeari begira ekarritako aldaketei keinu egin diete, adibidez, horren eraginak gaur egunera arte heldu direla nabarmentzeko. Gizarte teknologiko eta industrialaren erreferentziak nabariak dira hainbat artistaren lanetan —Aurelio Arteta, Vicente Cutanda, Isabel Bakedano, Celso Lagar, Daniel Vazquez Diaz...—. Antonio de Gezalaren Ate birakaria edo Begoña de la Sotaren erretratua koadroak presentzia berezia du, bi obra multzoren artean kokatu baitute.
Izan ere, areto berean, bada aldaketa horien «albo kalteei» lotutako lanen multzo bat ere. Gerrari erreferentzia egiten dioten hainbat lan daude, adibidez, elkarren ondoan: Francisco de Goyak margotutako Moratin poetaren erretratua sarreran jarri dute, eta parez pare du Anthony Caroren Gerra-ekintza (Goyaren arabera) tamaina handiko altzairuzko pieza, zeinak pintoreak ondutako fusilamenduen irudien oihartzunak dakartzan. Era berean, Picassoren Gernika-ko zaldia ekar dezakete gogora Karel Appelen eta Luis Fernandezen irudiek.
Mari Puri Herrero, Vicente Larrea, Iñaki Gracenea eta Agustin Ibarrolaren hainbat lan ikus daitezke aurrerago. Eta espazioaren bukaerara iristean, areto txikiago batean, Jorge Moneoren Exergo 17 minutuko bideo pieza ere bai.
Korridorea zeharkatuta, azken aretoa baino ez da geratuko ikusteko, B ahotsa, gaztarokoa jorratzen duena. Geroari begiratu diote erakusketaren komisarioek azken atal horretan, eta gaur egun herritarrak «etorkizunaren ziurgabetasunari» aurre egin beharrean daudela ekarri dute gogora. Askotariko piezak bildu dituzte horretarako: tartean dira Txomin Badiola, Itziar Okariz, Markus Lupertz, Francisco de Zurbaran, Miren Arenzana, Amable Arias eta Maria Helena Vieira da Silvarenak, esaterako. Aretoaren erdian kokatu dute Nemesio Mogrobejoren Orfeoren heriotza (1904-1906) brontzezko pieza handia.
Eta aretoan ikusgai dagoen azken horman, denboraren zirkulartasunaren ideiari keinu eginez bezala, Fernand Leger artistak artilez egindako tapiza kokatu dute: Munduaren kreazioa (1923).
Hala ere, beste bi lanentzako lekua egin dute azken-azken partean. Charles Garrad zinemagileak Becketten antzezlana moldatuta sortutako That Time (2000) filma ikus daiteke aretotik atera aurretik. Eta areto kanpoan, berriz, lurrean zabaltzen da Ilke Gersenen The Same Ground, binilozko zintaz sortutako obra. Hizkiz, letra zatiz, sinboloz eta ikurrez osatutako irudiek sarrera nagusiraino gidatzen dute berriro ikuslea.
Ostiralekoa. Artea
Denboraren formak
'That Time' erakusketan, Bilboko Arte Ederren Museoko ehundik gora artelan bildu ditu Donostiako Tabakalerak. Azaroaren 5era arte egongo dira ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu