Kritika. Musika

Denboraren hariak

the big trail diskoa
Andoni Tolosa.
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

'THE BIG TRAIL'

Artista: Brother Joshua. Diskoetxea: Harp Family Recordings. Urtea: 2024.

Ezustean topatutako disko horietako bat da hau, ustez lan txiki eta umila, baina altxor txiki eta hauskor baten moduan ireki beharrekoa: poliki eta arretaz, barnean dauzkan esentziak ongi dastatu ahal izateko. Horretaz, noski, behin entzuten hasita, laugarren kantuan zehatz-mehatz, konturatzen zara. Ez dio axolarik: lana luzea denez —hogei kantu ditu— baduzu astia diskoaren zirrikituetan zehar nahitaezko arretaz nabigatzeko.

Lehenengoak, Silver Frost izenekoak, laster batean ekartzen du Springsteenen Nebraska gogora, eta ez da bakarrik ahots sakonaren eta kantaera pausatuaren kontua, ezta kantuen biluztasunarena ere; gehienetan gitarra akustikoa, harmonika, pianoa eta naturatik jasotako soinuak dira osagai bakarrak. Ezta countryrik intimistenari egiten dizkion keinuak ere. Azken batean, 42 urteren aldea kontuan hartuta, bi lanei darie lurralde apartatu batera egindako bidaiaren epika: «Balada hauek, disko honek, Tuscarawas konderriko istorioa kontatzen dute. Salbazioa ematera eta jasotzera etorri ziren misiolari moraviarren —eta azkenean Zoar separatisten— istorioa kontatzen du. Kanalaren, trenbidearen eta desagerrarazi zituen uholde handiaren istorioa kontatzen du. Gure garaipen eta porrotak kontatzen ditu». Hala azaldu du egileak diskoaren aurkezpenean.

Edozein modutan, New Jerseykoaren diskoarena ez da erreferentzia txarra, Springsteenak AEBetako folk musika zedarritu baitzuen, ondorengo americanaren oinarrietako batzuk jarriz, baina konparazioak ez du zertan oso justua izan Ohioko kantari eta gitarra jotzailearentzat. Horregatik, kantuak bozgorailuetatik irteten diren moduan, beste lurrin batzuen aztarnak ere aireratzen dira, hala nola Picks & Shovels-en aire arina, edo Roll, River-en melodia hauskorra, edota The Flood of 1913 eta John Funston-en dramatismoa, edo Garden of Separatists-en folk pulamentuzkoa, edo pieza instrumental laburrek gehitzen dioten kutsu enigmatikoa. Asko dago disko honen apaltasunaren atzean.

Josh Compton musikariaren alter ego-a da Brother Joshua, eta hauxe du hirugarren disko luzea. Oraingo honetan, Tuscarawas ibaiaren eta konderriaren historia zati bat kontatzen du, eta hamar urtean ondutako kantuak bildu ditu bertan, eta ausartuko naiz hori erraz sumatzen dela esatera, alegia, denboratik kanpo kokatutako kantu-sorta bat ere izan daitekeelako hau, eta horixe delako disko honen ekarpen nagusia: transzendentzia. Hori, eta folk-country ondraduz betetako kantu-bilduma bat dela. Orain, zuen baimenarekin, banoa Nebraska entzutera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.