Denetan ia denetik, eta onenetan Amuriza

Bizkaiko txapelketako finalerako sailkatu da, eta Iratxe Ibarra at geratu da, hamargarren parte-hartzean

Beñat Zamalloa Akizu.
Zornotza
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ariketa denetan izan zen ia denetik Zornotzako Zelaieta zentroan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoan. Zortziko txikiak izan ezik, beheragotik joan zelako, gainontzeko ofizioetan utzi zuen goitik eta behetik bertsolarien jardunak, eta zortziko handiko eta hamarreko txikiko ofiziorik onenetan kantatu zuen Miren Amurizak: batzuetan, bere onenetik gertuago; beste batzuetan, urrunago. Kartzelan, bere onena eman ez arren, mailari eutsi zion, eta abenduaren 18ko finalean izango da.

Zortziko txikian salbu, ariketa denetan ia denetik entzuterakoan, igandeko saioaren maila orekatuagoa izan zen. Orain arteko saiorik orekatuena izateaz gainera, orain arteko jendetsuena ere izan zen: 930 lagunen bueltan batu zituzten. Bertsoen eragina bueltan erraz antzeman zitekeen entzuleen erantzunean eta puntuen errepikapenetan; Amuriza izan zen horretan gehien eragin zuenetakoa.

Aurreko finaletan aritutako Arkaitz Estiballes eta Iratxe Ibarra ez ziren ondo aritu; hala ere, Estiballesek finalean izateko aukera handia du, baina Ibarra bere hamargarren txapelketan ez da finalean izango. Ofizioetan, teknikoki txukun eta, batez ere, errimak estu hartuta ibili zen Estiballes ideiak garatzeko orduan, ohi ez duen bezala. Kartzelara iritsita, puntuak emanda lan onena egin zuen, eta doinu eta neurri librean, doinuarekin arazoak izanagatik, betelanean abileziaz, lan txukuna egin zuen.

Eneko Abasolo Abarkas-ek eta Peio Ormazabalek finalean kantatzeko aukera badute oraindik, Abarkasek batez ere. Ormazabalek bere onena ofizioetan eman zuen, Amurizarekin batera goitik arituta, batzuetan gorenetik ere bai; eta Abarkasek, kartzelako doinu eta neurri librekoan, nabarmen egin zuen mailan gora, ariketarik onena eginda. Arrate Illarok kanporaketan egin zuen igandean baino lan hobea, eta koska bat beherago sailkatu zen.

Drogekin harrituta

Ofizioetan txukunen aritu zirenek, Amurizak eta Ormazabalek, elkarrekin kantatu zuten lehen ofizioa, zortziko handikoa. «Gaur parrandan irten duzue. Harrituta zaudete zuen inguruan zenbat droga mugitzen den ikusita». «Gazte jendea norantza doa / guk bizi dogun epokan? / Sudurzuloan hauts zuria ta / alkol litroak ahotan; / biharamunak traizioneroak / ez al dira holakotan? / Disfrutatzea alperriko da / gero ez gogoratzekotan», ekin zion bertsoaldiari Amurizak. Bigarren bertsoan jarraitu zuen arrazoiketarekin: «Hurrengo goiza datorrenean / hara zer akordau jaten / burukomina etorten da ta / arazoak ez dira joaten». Osteko bertsoan detektatu zuen arazoa Ormazabalek: «Arazoa ez da gau bakarrean / hiru-lau marra sartzea / baizik drogarik ez dauenean / ondo ezin pasatzea».

Eretiratua zuen senarraren rola jokatu zuen Amurizak semea zuen Abarkasekin. Arduratuta zegoen Amuriza amak Abarkas semeari deitu zion orduan ere aita etxetik atera zezan. «Gaur traba baino ez du / antza harek egiten», bota zion Abarkas semeak bertsoaldiaren lehen bertsoan, eta bikain erantzun zion Amuriza amak.



Miren Amuriza

Adinak jokatzen dau

gizonekin anker.

Ateratzeko esan

deutsat mila bider.

Egun osoan ez dau

jada egiten ezer

lanpara baten pare

geldi ta oker-oker

berari be hautsa kendu

beharko deutsat laster.



Semeak proposamena egingo zion gero: «Baina ezin duzuejarraitu horrela / heldu eskutik eta / kalera zoazela / lenagoko nobio / garaian bezela». Ez zuen bideragarri ikusi amak, eta bereari polit eutsi zion: «Baina orain kaleari / eiten deutso ihes / jubilazinoagaz / gozatzean partez / pipertuta dau beti / isilik ta artez. Aita atera egizu / kalera mesedez / ta holan zeu kontrolauko / zaittu bide batez».

Bernar Mandalunizek honela kantatu zien kartzelan puntua emanda bertsoa osatzeko bigarrena: «Dana kopontzen dogu / mahai inguruan». Karlos Argiñano sukaldariaren gaineko izan zen lehena. Estiballesek osatu zuen ondoen bigarrena: «Nik Loiolako mahaia / daukat akorduan / elkarrizketa hautsi / egin zan orduan / ia konpontzen dugun / aurtengo neguan».

«Hainbeste kostata, baina azkenean lortu duzu bera konbentzitzea». Ospitalean zuen maitea oso gaixo Abarkasek lehen bertsoan egoera dotore azaldu zuenez: «Loreak hartu eskutan eta / ospitalera bidea / han dago nire maite kuttuna / laguna adiskidea / kotxe istripu bat eduki zuen / buelta kanpana doblea / ta koma sakon batean dago / zuri-zuri kolorea. / Bizira ekartzen saiatu dira / baina ezin da ordea / nik sarri hemen egiten dut lo / neure minetan gordea / ez dagoenetik hutsa ta hotza / sentitzen baitut ohea». Maitearen ama zuen konbentzitzeko bigarren bertsoan azaldu bezala oso gaixo baitzegoen maitea: «Begiak itxi-itxiak ditu / gorantza begira dela / ta ematen du adar puntatik / jaustear dugun orbela / esan ez du ezer esaten baina / dakit sufritzen duela». Gaiak eskatu bezala, konbentzitu zuen maitearen ama azkenerako: «Beraz, makina itzaliko da / amak hartu baitu ontzat / nahiz eta mina sentiko duen / gure barrenak bihotzak / askoz hobea izango dugu / beretzat eta danontzat».



Sailkapena

BIGARREN FINALAURREKOA

1.- Miren Amuriza 542

2.- Arkaitz Estiballes 526,5

3.- Eneko Abasolo 515,5

4.- Peio Ormazabal 513

5.- Iratxe Ibarra 500,5

6.- Arrate Illaro 457,5

SAILKAPEN NAGUSIA

1.- Onintza Enbeita 545

2.- Miren Amuriza 542

3.- Etxahun Lekue 538

4.- Arkaitz Estiballes 526,5

5.- Jone Uria 526

6.- Eneko Abasolo 515,5

7.- Peio Ormazabal 513
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.