Patri Goialde. Musikeneko kudeatzaile akademikoa

«Denok jarri dugu zerbait lehen geunden egoeratik irteteko»

Normaltasun giroan ari da lanean Musikene kudeatzen duen batzordea, aurrekontu murritzagoei ahalik eta etekin handiena atera nahirik. Kalitatea bideragarritasun ekonomikoarekin uztartzea da erronka nagusia, Patri Goialdek dioenez.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Duela hiruzpalau urteko liskar giro nahasia gaindituta, normaltasuna berreskuratu du Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak. Carmen Rodriguez Suso koordinatzaile nagusiak dimisioa eman zuen 2011ko ekainean, ikasleek eta irakasleek haren aurka egindako askotariko agerraldi eta ekitaldien ondotik, eta harrezkero hiru lagunek osatutako kudeaketa batzorde baten esku dago Musikeneko zuzendaritza: Alicia Gonzalez, giza baliabideen kudeatzailea; Idoia Agirre, ekonomia kudeatzailea; eta Patri Goialde, kudeatzaile akademikoa.Musikene «kalitatezko irakaskuntza» eskaintzen duen «erreferentziazko zentro bat»dela uste du Patri Goialdek (Sao Paulo, Brasil, 1957), eta, arazo ekonomikoak ukatu ez arren, horri eusteko moduan izango dela aurrerantzean ere.

Nolakoa da Musikeneren egoera gaur egun?

Azken bi urte eta erdi hauetan egoera zeharo aldatu da eta une honetan egoera guztiz normalizatuta dago. Arazoak ditugu, jakina, batez ere arazo ekonomikoak. Gizartean bizi gara, eta gizartean arazo ekonomikoak daudenez gu ere dinamika horretan sartuta gaude. Baina eguneroko dinamikari dagokionez, zentroa normalizatuta dagoela esan dezakegu; sarrera probak egiten dira, eskolak ematen dira... Dinamika guztia normalizatuta dago.

Kudeaketa Batzordea behin-behineko konponbide gisa eratu eta aurkeztu zen. Baina bi urte eta erdi dira batzorde horrek Musikeneren zuzendaritza hartu zuenetik. Noiz arte jarraituko duzue horrela?

Ez dakigu. Behin-behineko irtenbidea da, Musikene gidatzen duen patronatuak erabakitakoa, eta patronatu horren esku dago. Guk ez dakigu ezer.

Ziurtasun falta hori ez da oztopo bat lanerako?

Gure karguak konfiantzazko karguak dira, eta karguak onartzean jakin behar da hori, eta aintzat hartu. Nik pertsonalki—eta uste dut hiruron kasua berdina dela alde horretatik— berdin-berdin egiten dut lana.

Egungo dinamika zein den ikusita, badago esaterik zertan egin zuen huts aurreko zuzendaritzak, halakorik ez lortzeko?

Ni ez naiz inor aurreko zuzendaritza epaitzeko. Nik uste dut, egoera zein den ikusita, alde guztietatik jarri dugula zerbait egoera konpontzen eta normalizatzen laguntzeko: bai Eusko Jaurlaritzak —lehengo legealdiko gobernuaz ari naiz—, bai ikasleek eta irakasleek, eta baita kudeaketa batzordeko kideek ere. Guk garrantzi handia eman diogu, hasieratik, garbi hitz egiteari eta ikasle nahiz irakasleekin komunikazio argia izateari. Horretarako, adibidez, bilera orokorrak egin ditugu bai ikasturtearen hasieran, bai ikasturtearen amaieran… Garbi azaldu dugu beti zein den egoera eta zein diren arazoak. Horrez gain, Jaurlaritzatik ideia batzuk jaso genituen, eta ideia horiek praktikan jarri ditugu, ez denak batera, epe luze baten barruan baizik, eta horrek ere asko lagundu digu.

Zer nolako ideiak izan dira horiek?

Adibidez, lehen merkataritza kontratuak zeuden eta horiek desagertu egin dira. Enplegu aniztasun egoeran zeuden irakasleen egoera ere normalizatu egin da... Horrelako kontuak. Lehen esan dudan bezala, denok jarri dugu zerbait lehen geunden egoera latz hartatik ateratzeko. Horrez gain, kudeaketa batzordean dugun giro ona ere garrantzitsua izan da. Ni hemengo irakaslea naiz; lehen ikasketa buru izan nintzen, eta are lehenago departamentu buru. Kudeaketa batzordeko beste bi kideak [Alicia Gonzalez eta Idoia Agirre] berriak dira baina gure artean oso ondo moldatu gara hasieratik. Gure artean desadostasunak izan direnean ere akordioetara iritsi gara beti. Faktore asko izan dira egoera normalizatzen lagundu dutenak.

Nolanahi ere, aurreztu beharra izan duzue. Aurtengo aurrekontua 8,5 milioi eurokoa da, iazkoa baino 100.000 euro gutxiagokoa. Duela bost urte, berriz, 11,5 milioi eurokoa izan zen aurrekontua…

Ikasle kopurua ere jaitsi egin da. Aurten 316 ikasle daude, eta 2009an 379 izan ziren. Ikasle gutxiago izateak irakasle gutxiago behar izatea dakar, eta eskola ordu gutxiago. Hori da daturik garrantzitsuena diru aurrezpenari dagokionean. Baina garrantzitsuak izan dira Musikenek erakunde askorekin sinatu dituen akordioak ere. Akordio horiei esker, askoz ere gastu gutxiagorekin lortu ditugu lehen oso garestiak ziren gauzak.

Eman dezakezu horren adibide zehatzik?

Lehen maiz ekartzen ziren irakasleak, kanpotik, egun batez edo bi egunez master-class-ak eman zitzaten. Orain gure aurrekontua ez da iristen horrelakoak ordaintzeko. Baina master-class-ak beharrezkoak dira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin sinatu dugun hitzarmenaren bidez, lortu dugu hona EOSekin aritzera etorritako bakarlari batzuek Musikenen master-class-ak ematea, horretarako propio etorri behar balute baino askoz ere gastu txikiagoa eginez. Egoera ekonomikoak behartu gaitu erakunde askotara hurbiltzera. Hitzarmen asko dauzkagu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, Donostiako Jazzaldiarekin, Musika Hamabostaldiarekin… Horrez gain, atzeratu egin dugu oraingoz instrumentu berrien erosketa. Gainerako gastuetan ere, gaur egun mundu guztiak egiten duen bezala, ahalegin handia egin ari gara gastuak murrizteko.

Hori guztia maila akademikoari eutsiz egitea ezin da lan erraza izan.

Saiatu gara maila akademikoari eusten, jakina. Gure erronka nagusia da kalitatearen eta bideragarritasunaren arteko bidea aurkitzea. Kalitateari eustea, baina egoera ekonomiko berrira egokituta eta bideragarritasuna ere kontuan hartuta.

Erantzun ona jaso duzue hitzarmenak egiten saiatu zaretenean?

Bai. Oso onak. Sinatu dugun hitzarmenekin, azken batean, ez dugu guk bakarrik irabazten, bi aldeok baizik. Gainera, dirua aurrezteaz gain, beste gauza interesgarri batzuk ere lortu ditugu hitzarmen horien bidez. Adibidez, gure ikasleek urtero egiten dituzte programa batzuk Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren abonu programaren barruan. Urrian Musikeneko 37 ikasle aritu ziren EOSen barruan Igor Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea jotzen. BOSekin ere aritu izan dira Musikeneko ikasleak. Ikasleen bizitza profesionalari begira, oso praktika onuragarria dira horiek, orkestra batean aritzen direlako, ordaindu duen publikoa daukan kontzertu batean. Antzeko praktikak egiten ditugu guk barruan ere, baina EOSekin edo BOSekin aritzea beste kontu bat da. Pentsatu behar duzu Musikeneko ikasle batzuen helburua EOSen, BOSen edo antzeko orkestra batean aritzea dela.

Hori lagungarria da Musikenek gizartean presentzia handia izan dezan ere. Horri ere garrantzi handia ematen diozue. Zer gehiago egiten ari zarete hori lortzeko?

Bere irakaskuntza mota bereziarengatik, bi arlotan egiten du lan Musikenek: batetik, irakaskuntzan; hori da oinarrizkoa, garrantzitsuena, lehen helburua eta misioa: kalitatezko irakaskuntza musikala lantzea, gero ikasleak musikari profesionalak izan daitezen; baina, bestetik, musika izateak aukera ematen digu egiten diren ekimen kulturaletan parte hartzeko. Taldeak dauzkagu eta talde horiek, barruan egiten dituzten emanaldiez gain, kanpora ateratzen ditugu, eta kanpoan, praktika egiten duten bitartean, beren lana erakusten dute. Urtero Musikeneko Orkestra Sinfonikoak emanaldiak egiten ditu hiru alditan, barruan zuzendari batekin astebetez entseatzen aritu ondoren. Horrez gain, talde txikiagoetan han-hemenka aritzen dira ikasleak hainbat jaialdi eta ziklotan, Donostiako Jazzaldian, Musika Hamabostaldian…

Gizartearekin lotura bat izateko bokazioa du, beraz, Musikenek.

Mugimendu asko dugu gizarteari begira, erakusteko Musikenen zer egiten ari garen. Emanaldi gehienak irekiak eta doan dira, eta guk horietan sentitzen dugu gizarteak ematen diguna —diru publikoz finantzatutako ikastetxe bat baita Musikene— gizarteari itzultzen ari gatzaizkiola neurri batean, ikasleei kalitatezko formazio bat emateaz gain, jakina. Gu beti prest gaude deitzen diguten lekura joan eta lan egiteko.

2010-2011 ikasturtean izandako gorabehera eta istiluek kalte handia egin zioten Musikeneren irudiari. Alde horretatik ere urak bere bidera etortzen ari direla iruditzen zaizu?

Gure helburua da hori. Musikeneri buruzko berriak, une honetan, gure ikasle batzuek irabazten dituzten sariak dira. Adibide gisa, Donostiaren suntsiketaren bigarren mendeurrena dela eta ereserki bat hautatzeko lehiaketa egin da, eta irabazlea, bigarrena eta hirugarrena Musikeneko ikasleak dira. Gure musikariek orkestra profesionaletan jotzen dutenean, zorionak jasotzen ditugu. Horrek esan nahi du bide onetik goazela. Gure asmoa da Musikene horrelako kontu positiboekin lotuta egotea jendearentzat, eta ez lehen izan ziren gisako istiluekin edo antzeko kontuekin.

Ezeren okerrik ez dela, 2015-2016 ikasturtean estreinatuko du Musikenek egoitza berria, Ibaetan. Hori ere aurrerapauso bat izango dela uste duzu?

Gauza askotarako lagungarria izango da. Orain hiru gunetan banatuta gaude: Miramar jauregian dugu egoitza nagusia, baina beste bi ditugu, Donostiako Musika Eskolan bata eta Easo Musika Eskolan bestea. Antolakuntza aldetik, hainbat arazo sortzen dizkigu banaketa horrek, eta irakasleen arteko harremanetarako ere oztopo bat da… Horrez gain, gizartearen aurreko ikusgarritasunaren ikuspegitik ere irabazi egingo dugu egoitza berriarekin. Kokapenari dagokionez ere, oso leku egokian dagoela iruditzen zait, gune unibertsitario handi bat duelako ondoan…

Duela lau urte aurrekontuaren jaitsiera nozitu zuen egoitza berriaren proiektuak. Musikeneren beharretarako nahikoa leku izango duzue?

Hobe handiagoa balitz, jakina, baina uste dut ondo antolatzen baldin badugu gure beharretarako nahikoa izango dela. Horretarako ere garrantzitsua izango da irtenbideak bilatzea. Adibidez, ordutegi zabalak antolatu beharko dira, espazioak hobeto baliatzeko. Eskola guztiak goizetik jarriko bagenitu, ezinezkoa izango litzateke denetarako espazioa izatea. Kontuan hartu behar da musika irakaskuntzak oso bereziak direla ratioaren aldetik, ratioak oso txikiak direlako. Eskola ordu askotan, bi edo hiru ikasle baino ez dago, edo bakarra. Horrek espazio asko eskatzen du, eta daukazun espazioa ondo banatu eta antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.