Kritikak kritika, txalo artean jaso du bart Donostia saria Johnny Depp aktore estatubatuarrak, Kursaalean eginiko ekitaldian. Zaleen sostengua eskertu du, haiek eman diotelakoan «aurrera jarraitzeko kemena».
Marion Cotillarden txanda hartu du Deppek. Aktore frantsesak jaso zuen Donostia saria joan zen ostiralean, eta harekin batera izan da izendatua estatubatuarra aurten.
Cotillarden sariak adostasuna baino ez du sortu; Deppi eman izanak, ordea, haserrea eragin du zinemagintzako eta gizarteko hainbat talderen artean, emazte izandakoari tratu txarrak eman izana egotzi diotelako aktoreari. Tratu txarren akusazioari buruzko galderei ez zien erantzun arratsaldeko prentsaurrekoan.
Edurne Ormazabalek aurkeztu du ekitaldia. Adierazi duenez, «Depp aktore ona bezain sailkaezina da». Haren «magnetismoa eta pertsonaia bakoitza antzezteko modu berezia» nabarmendu ditu, eta tartean Edward Scissorhands eta Jack Sparrow aipatu ditu, adibide gisa.
Denera 90 film baino gehiagotan aritu da aktorea, eta hamar bat ekoitzi ditu. Horietako batek Epaileen Saria jaso zuen iaz, Crock of Gold: A Few Rounds With Shane MacGowan (Julien Templek zuzenduta). Hori aurkezten egon zen Depp iaz Donostian.
Jose Luis Rebordinos Zimenaldiaren zuzendariak eman dio garaikurra. Ohoretzat hartu du aktoreak saria, eta eskerrak eman ditu. «Arrazoi bakarrarengatik nago hemen: jendearengatik», esan du aktoreak. «Zinema jendearentzat da, eta jendeak agintzen du».
Eskerrak eman dizkio Rebordinosi eta Zinemaldiari, «gauzak hartzeko modu zoragarriarengatik, perspektibarengatik eta gauzak ikusteko erarengatik. Ez dut inoiz ahaztuko».
Zinemaldia goraipatu du, «zinema jaialdi bat izan beharko lukeenarekin bat datorrelako, eta zinema eta jendea ardatz dituelako».
Cotillard sarikideari zorionak eman dizkio, nahiz eta harekin ez den elkartu Donostian. «Neska bikaina, zoragarria» dela esan du.
Zaleak bere «zutabe» izan direla nabarmendu du. «Eskerrik asko neure borrokalariei; sentitzen dut sortu izan diren arazoengatik». Berak ere bere buruan sinesten duela adierazi du.
Atzo arratsaldeko prentsaurrekoan egin bezala, salaketa faltsuen biktima izandakoen kasuak aipatu zituen ekitaldian, bere aferarekin paralelismoa egin nahian. Arkansasen (AEB) 1993. urtean hiru haurren hilketaren harira oker zigorturikoak ekarri zituen gogora. «Errugabeak ziren, eta Damienek [Echols], atxilotuetako batek, zortzi urte pasatu zituen heriotzaren korridorean». Deppek gogoratu du aferan esku hartu zuela, eta Hollywoodeko beste hainbat figurarekin batera sostengua eman ziola zigorturikoari. Azkenean, kasua berriz aztertu zuten auzitegiek, eta Echols errugabetu egin zuten.
Aferak erakutsiko luke, Deppen arabera, jendeak justiziaren horma zulatzeko boterea duela, kolpe txikien bitartez bada ere. «Hori esaten dut ni orain oso txikia naizelako».