DESAGERTUTAKO HIRU MUGARRI

2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Edurne, modista bilbaina' (1924)

Teodoro Gil del Espinar izan zen gidoigile, ekoizle eta aktore nagusia. Euskal Herrian filmatutako fikziozko lehen lan luzea izan zen, eta Bilbo proletarioan kokatutako maitasun melodrama bat kontatzen zuen. Aktoreak kontratatzea zaila egin zitzaion, eta, horregatik, lagun eta senideek jokatu zituzten rol nagusiak. Zenbait iturririren arabera, kamera ezkutua ere baliatu zuten pasarte batzuk filmatzeko. Etxe kaleratze bat irudikatzen zuena, esaterako. Kaleko jendeak benetako kaleratze bat zela pentsatu zuen, eta hori filmatu zuen Gil del Espina rrek. Hamaika herritan eman zuten lana, eta bobinaren kopia gozotegi enpresa bati saldu zioten gero. Fotogramaz fotograma zatitu zuten, eta goxokiekin eman zuten opari. Deskarteak eta gidoia besterik ez da gelditzen.

'Euzkadi'(1933)

Euskal Herria Europan ezagun egitea zen Teodoro Hernandorenaren asmoa, eta horregatik hasi zen 1933an Euzkadi dokumentala filmatzen. Euskal Herrian gai politikoari buruz egiten zen lehenengo dokumentala izan zen. Urte hartako Aberri Eguna eta Gipuzkoako hainbat txoko filmatu zituen lehenik, eta, emaitza gustatu zitzaionez, film luze bat sortzeko pausoa eman zuen. Hamaika txokotan izan ziren horregatik filmatze taldekoak: Donostiako San Telmo museoan, Azpeitian, Gernikan, Sabino Arana-Goiriren hilobian, Erandion... Herri kirolak eta dantzak ere filmatu zituzten. Herri bat irudikatu nahi zioten munduari lan harekin. 1933ko abenduan estreinatu zuten, eta herriz herri eraman zuten gero. 1936ko gerra hastean, ordea, desagertu egin zen kopia bakarra. Kolpistak Donostian sartzear zirenean, EAJren egoitzan utzi zuten filmaren negatiboa, eta bertan geratu zen. Faxistek latak topatu, eta erre egin zituzten.

Gure Sor Lekua (1956)

Erdizkakoa da desagerpena Andre Madre zinemagilearen Gure Sor Lekua filmaren kasuan. Irudiak osorik berreskuratu ahal izan zituen 2013an Josu Martinez ikertzaileak, baina audioa falta zaio kopiari. Eta, horren ondorioz, euskararik ezin da entzun euskaraz onduriko lehen filmean. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ibili zen Madre bere kamerarekin, eta herri minak jotako euskal diaspora izan zuen jomuga. Hazparnen (Lapurdi) estreinatu zuten lana, 1956an, baina euskal komunitate indartsua zuten guneetara ere eraman nahi izan zuten gero. Desagertutzat jo zen film osoa urte luzez, eta oraindik ere agertu gabe jarraitzen du audioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.