'Gernika', 30 urte Madrilen

Deserrian jarraitzen du

Frankismoak Gernikan eragindako sarraskia salatzen duen Picassoren margolana Espainian dela 30 urte bete dira. Errepublika ezartzean Espainiaratzeko agindu zuen artistak. Alabaina, Francok berak izendatutako erregearen emaztearen izena duen museoan daukate 'Gernika', Madrilgo Reina Sofia zentroan.

Bonbardaketaren 50. urtemugan Gernikan eginiko kanpaldia. ALDABA.
Irune Berro Urrizelki.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Pablo Picassoren Gernika enblematikoa AEBetatik Espainiara eraman zutela 30 urte bete dira oraintsu, baina zergatik izan zuen Espainiako Gobernuak hainbesteko interesa obra hura Madrilen aurkezteko? Eta nolatan onartu zuen eskaera, itxuraz traba handirik jarri gabe, AEBetako Gobernuak? Zergatik ez zuten Gernikara ekarri, Bizkaiko Batzar Nagusiek berek deituta margolanarentzat propio diseinaturiko museo bat sortzeko proiektu arkitektonikoen lehiaketa eta guzti egina bazen? Zer gertatu zen benetan 1975ean Franco hil eta 1981ean Gernika Madrilera eraman zuten bitartean?

Picassok berak laga zion Gernika New Yorkeko MOMA museoari 1939an, frankismoak zirauen bitartean jendaurrean erakuts eta zaindu zezan. Obra Espainiara eramateko baldintza bakarra jarri zuen artistak: demokrazia izatean eramatea. Eta Madrilgo Prado museoa ere aipatu zuen obra kokatzeko toki gisa.

Frantziako Le Monde kazetari 1969an emandako elkarrizketan ñabardura esanguratsua egin zuen artistak: ostera ere errepublika ezartzean eramateko ederlana Espainiara, inolaz ere lehenago. Halaber, Roland Dumas abokatu frantziarra izendatu zuen bere legezko ordezkari. Alegia, Dumasen gain utzi zuen margolanaren inguruko erabakiak hartzeko ardura.

Karmelo Landa EHUko irakaslea Gernikako bonbardaketa ikertzeko 1976an sortutako batzorde klandestinoko kide izan zen. Eta hark zalantza zirkinik ez du: «Europak ez zuen inoiz frankismoa onartu, eta Franco hil, eta trantsizioa deituriko frankismoaren erreforma egitean, sektore batek erakutsi behar zuen Espainia Europan onartua izateko moduko herri homologatua zela. Eta horretarako behar zituen elementu sinbolikoak. Eta Gernika aproposa zen horretarako, Picassok esana baitzuen artelana ezin zitekeela Espainiara itzuli demokrazia egon arte».

Garai hartako Espainiako berripapetako izenburu nagusiak irakurtzea nahikoa da jabetzeko Gernika Madrilen aurkeztuta sistema demokratikoaren ideia indartu gura izan zutela. Abc kazetak, esate baterako, «El regreso del último exiliado» (Azken erbesteratuaren itzulera) titulatu zuen azalean, Gernika-ren argazkihandi bat jartzearekin batera. Ideia berberari heldu zion Diario 16-k ere ondoko titularrarekin: «Hoy llega a Madrid el último exiliado» (Gaur iritsiko da Madrilera azken erbesteratua).

Landaren iritziz, «munduaren aurrean lortu zuten erakustea Espainiako Gobernu berria homologatua zela». Demokratikoa, nahiz eta, besteak beste, erregea Francok berak izendatua zen, eta Kultura ministroa,Pio Cabanillas, aurrez Francoren gobernuko Informazio eta Turismo ministro ere izana zen.

Garrigues Walker eta Armero

Espainiako Garrigues Walker sendiaren bitartekaritza ezinbestekoa izan zen Gernika Espainiara eramateko, Landaren esanetan. «Beti izan dira AEBen ordezkari Madrilen, eta AEBetako Gobernuaren onespena lortu zuten, Gernika handik ateratzea ez baitzen txantxa bat».

Jose Mario Armero abokatua, «Suarezen eskuin eskua» ere pieza garrantzitsua izan zen prozesu horretan guztian. «Roland Dumasekin hitz egin zuen, obra Espainiara eramateko baimena eman zezan, eta sozialista frantsesek maniobra babestu zezaten».

Dumas alderdi sozialistakoa zen, eta Frantziako Kanpo Harremanetarako ministro izan zen geroago, François Mitterranden gobernuan. Artean oposizioan zen PSOEren babesa ere lortu zuen Armerok, baita Felipe Gonzalezena ere.

Landaren arabera, «horiek guztiek itun bat egin zuten koadroa Madrilera eramateko, baina ez edonola eramateko. Antolaketa propagandistiko handi bat egin behar zuten. Gernikan oso bestelako sinbologia izango zuen koadroak, frankismoaren salaketa bizia bihurtuko zen. Gauza asko onartu beharko zituzten, eta ez zitzaien interesatzen». Ezta orain ere. Horregatik mantentzen dute obra Madrilen, Landaren aburuz.

Gernikako 1937ko bonbardaketa ikertzeari uko egin diote Espainian agintean izan diren batzuek zein besteek. Eta Gernika batzordeak behin eta berriro eskatu du frankismo garaiko lau artxibotako dokumentuak kontsultatzeko aukera izatea. Aireko, Gerrako eta Franco jeneralaren etxeko eta haren kabinete diplomatikoko artxibategiak begiratu ahal izatea eskatu dute, Alemaniako Kondor Legioari Gernika bonbardatzeko agindua nork eman zion jakin ahal izateko, eta Euskal Herriko historiako atal lazgarrienetako baten erantzuleak nortzuk izan ziren behingoz argitu ahal izateko. Ordea, Espainiatik ezezko biribila jaso dute beti.

'Gernika, Gernikara' aldarrikapena ere ez da atzo goizekoa. Gernikako bonbardaketa ikertzeko batzordeak bere helburu nagusien artean finkatu zuen, 1976an. Eta Pio Cabanillasekin berarekin bildu ziren batzordekoak, 1979an. Picasso sendiarekin ere izan zuten harremana, Jacqueline Roque alargunarekin eta Paloma Picasso alabarekin, ederlana Gernikara ekartze aldera. «Gutun bat bidali genien», kontatu du Landak; «eta erantzun ziguten zentzuzkoena Gernikara ekartzea iruditzen zitzaiela, baina ezin zezaketela ezer egin, Roland Dumasen ardurapean zeudelako kontuhoriek».

1987an, Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrenean, Euskal Herritik autobus bat abiatu zen Madrilgo Cason del Buen Retirora. Eta 50 bat lagun, tartean bonbardaketatik onik ateratakoak, margolanaren aurrean zein eraikinaren kanpoaldean kateatu ziren, Gernika Gernikara ekar zezaten eskatuz.

Madrilgo herriari, iritzi publikoari izenburua zuten eskuorriak banatu zituzten. Atxilo ere hartu zituztela, baina berehala askatu zituztela gogoan du Landak. Madrildarren artean, 'Gernika, Gernikara' aldarriak babes handia zuela dio.

Egun gutxira, Aste Santuarekin bat eginez, hamar eguneko jaialdi handi bat egin zuten Gernikan. Kanpalekua ere atondu zuten. «Milaka lagun etorri ziren; Madrildik ere asko», azaldu du Landak.

Diziplina guztietako Euskal Herriko hainbat sortzailek parte hartu zuten: Kukubiltxo eta Maskarada antzerki taldeek; La Polla Records, Baldin Bada, Kortatu eta Itoiz musika taldeek; Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Ruper Ordorika kantautoreek; Erandioko (Bizkaia), Aguraingo (Araba) eta Garesko (Nafarroa) buruhandien eta erraldoien konpartsek; hainbat herritako dantza taldeek; artista eta argazkilari andanak; eta bertsolari ezagunek, besteak beste. Biltzar bat ere egin zuten, nazioarteko historialari, soziologo eta ekonomista esanguratsuekin. Herbert Southworth, Jean Ziegler, Fritz Teppich, Walter Block eta bestek parte hartu zuten.

Espainiako ezelango garaitako gobernuk sekula onartu ez duen egia jakiteko ikerketan lan egin zuten horiek guztiek eta gehiagok. Izan ere, Landaren hitzetan, «Gernikan aurrena bonbak jaurti zituzten, eta, ondoren, gezurrak. Eta Gernika-k Madrildik mugitu ezin duela esatea beste gezur bat baino ez da».

Madrilgo Reina Sofia museoak nazioarteko biltzarra egin zuen 1998an, ustez Gernika-ren egoera aztertzeko, eta, ondorioz, mugidaitekeen erabakitzeko. Eusko Jaurlaritzak aldi baterako eskatu baitzion artelana; zehazki, Guggenheim museoaren inaugurazioan erakusteko.

Biltzar hartan 30 bat adituk parte hartu zuten, baina denek ez zuten izenpetu margolanak museotik irten ezin zuela zioen azken txostena. Besteak beste, Kanadako Kontserbazio Institutuko Stefan Michalskik eta New Yorkeko MOMA museoko kontserbazio saileko buru James Coddingtonek. Egungo aurrerapen industrial eta zientifikoekin Gernika hondatu gabe mugi zitekeela esan zuten.

Iritzi berekoa da Guggenheimeko Eduki Artistikoen Antolaketarako zuzendariorde Daniel Vega. «Espainiara eraman zutenetik zientzian aurrerapen handiak izan dira, obraren paketatzean, garraioan eta ondoren jaso dezakeen tratamenduan. 1992an, Reina Sofiara eraman zutenean, argi geratu zen badaudela bitartekoak. Ez zuten ordura arte bezala oihala bilduta eraman, koadroaren beraren egituran, tente jarrita baizik. Orduan ondo egiteko aukera egon zen, eta esan beharrik ez dago, 1992az geroztik aurrerapen handiak izan dira».

Gernika, errepide bidez, artelanak garraiatzeko kamioi batean mugitzearen aldekoa da Vega. «Badaude horretarako egokitutako kamioiak, puntako esekidura eta klimatizazio sistema dutenak, une oro artelanaren inguruko informazioa izatea ahalbidetzen dutenak». Halaber, museoetan obra bat desmuntatzeko eta mugitzeko teknikak ere izugarri hobetu direla dio Vegak. Eta zeregin horretaz arduratzen diren «beharginak ere trebatuago» daudela esan du.

Horri eskerrak eramaten dira gaur egun neurri eta balio handiko ederlanak munduko punta batetik bestera. Horregatik iruditzen zaio artelan bat mugitu nahi ez izateko erabakiaren atzean «arrazoi politiko, sozial, etiko zein bestelakoak» egon daitezkeela, benetan zientifikoak baino.

Museo bat egiteko lehiaketa

Gernika bera batetik bestera ibili zen Madrilera iritsi arte. AEBetan, hainbat tokitan izan zen, hala nola Los Angelesen, Chicagon, San Frantziskon, Bostonen, Cincinnatin, Clevelanden, Pittsburgen, Minneapolisen... Sao Paulora (Brasil) eta Parisera eraman zuten gero, Munich, Kolonia eta Hanburgora (Alemania) ondoren, eta Bruselatik eta Amsterdamdik ere igaro zen horren ostean, baita Stockholmdik ere.

Ordea, artelanaren genesia den herrian ez da sekula izan Gernika. Eta ez era guztietako ahaleginak egin ez direlako. 1980an, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika hartzeko museoa sortzeko proiektu arkitektonikoen lehiaketa antolatu zuten. Eta sona handiko arkitekto, historialari eta artistak osatu zuten epaimahaia; besteak beste, Oriol Bohigasek, Luis Peña Gantxegik, Eduardo Txillidak eta Julio Caro Barojak.

Denera, 59 proiektu aurkeztu ziren lehiaketa hartara. Baina epaileek Anton Pagola eta Montserrat Fabre arkitektoen lanaren aldeko ebazpena eman zuten arren, lehen harria jartzera ere ez ziren iritsi. Bilboko Arte Eder museoko profesionalak arduratuko ziren Gernika-rentzat dena behar bezala prestatzeaz, Gernikan bertan.

Haatik, Picassoren obra zeraman Iberia konpainiako Lope de Vega izeneko hegazkinak Madrilgo Barajasko aireportuan lur hartu zuen 1981eko irailaren 10ean, Gernikako bonbardaketa inoiz gaitzetsi ez duen guardia zibil saldoak inguratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.