Maila onari eusteak eramaten du gehienetan bertsolaria txapelketako saioa irabaztera ala saioko lehenen artean sailkatzera. Jexux Mari Irazu aritu zen orekatuen igandean Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, eta, bukaeran, azken bi ariketetan, maila onari eusteaz gain, loraldia ere izan zuen. Hala eskuratu zuen lehen postua, eta zuzenean sailkatu zen finalera.
Oreka ez da beti gakoa, ordea: Aitor Sarriegiri aski izan zitzaion zortziko txikiko puntukakoan eta sei puntuko motzean goitik artez aritzea bigarren sailkatuta finalerako aukera handia izateko. Eztarri urratuarekin oholtzaratuta, lan puntuagarriak hasi orduko, lehen puntua emanda bigarren bertsoa osatzerakoan poto egin zuen. Zortziko handirako atzetik zihoan, eta nekez aritu zen zortziko handian ere. Aurrera egitekotan, puntukakoa baliatu behar zuen, eta kide eta gai egokia egokitu zitzaizkion. Unai Agirre izan zuen bertsolagun. Aurreko ariketetan lan txukuna eginda zetorren, eta bien bizitasuna ongi uztartu zen. Hala egin zuten saioko bertsoaldi onena. Saroi Jauregik aurkeztu zien gaia: «Gaurko saiora etorri zareten bi entzule zarete. Hauxe iruditu zaizue momenturik onena kanpora erretzera joateko». «Txarrenak hasi dira / ta goazen kanpora», bota zuen aurrena Sarriegik, eta, hortik aurrera, bikain aritu ziren beren buruei barrezka eta atzekoei zirtoka. «Hoiek ez entzutea / hobe izango da», jarraitu zion Agirrek; «batek lehen bi aldiz / esan du denbora», erantzun zion Sarriegik; eta «buruakin hau einda ez dago gustora», kantatuta borobildu zuen bertsoa Agirrek. Entzuleak txalo zaparradaz eskertu zituen umorea eta freskotasuna.
Saioko azken bi ariketetan etorri ziren bertsoaldi emankorrenak. Irazu eta Iñigo Izagirre luzitu ziren gehien. Puntukakoan behetik aritu zen Izagirre, eta harekin aritu zen Sarriegi sei puntuko motzean ere; aparraldiari eutsi zion hark, kartzelan behera egin bazuen ere. «Azken hauteskundeetako emaitzak ikusita, zu, Iñigo, itxaropentsu zaude; Aitor, ez», jarri zien gaia Jauregik. Mendian gora haritza doinuarekin kantatu zuten txapelketa honetan lehenengoz. Espainiako mapa «urdin-urdin» dela-eta ez zen pozik Sarriegi. «Ez begiratu urruna / zeren ta urdin iluna / argi daiteke egun batean / gauza ezaguna. / Itxaropena, laguna / mantendu behar duguna / hori izan baita / puntu hontara / ekarri gaituna», optimista zen Izagirre. Bertsoaldiaren bukaerarako baino gehiago aurreragorako hobea izan zitekeen bertso batekin bukatu zuen Sarriegik, arrazoiketan fin arituta: «Gero on baten aiduru / Madril ez dugu helburu / baina etxean ere handiak / ikusi ditugu; / Bizkaian ikusi dugu / PPrekin buruz buru / eta hoiekin konta daiteken / e' nago seguru».
«Azken ordu erdian hamabost aldiz begiratu diozu erlojuari» izan zuten kartzelako gaia, eta Izagirrek umorerako baliatu zuen gaia, kartzelako bakarkakoan ohikoa ez den bezala. Umoreak, gainera, ez zion mailari inola ere eragin. Honela ekin zion bertsoaldiari: «Larunbatean, ibili ostean / pozik zuritoz zurito / neska batzuna inguratzea / beti izaten da rito / bakarren batek hartu ninduen / gustoko edo neurriko. / Ostiralean jarri zen zita / baietza eman da kito! / Hementxe nator atsalde osoan / prestauta horren guapito / bere portalan aurrean nago / postea bezala tinko / eta susmoa hartuta nago / ez zaidala etorriko».
Irazu aita osatuko ote zen zain zen, koskor bat atera zitzaiola-eta. Asmatu zuen sentimenduak bertsoratzen: «Holakoak pasatzean / gainditzea ez da errez / norbere kasua bada / zail da hartzea umorez./ Relojuari begira / gutxitan egona aurrez / berdin dio igurtzia / den zilarrez edo urrez / bizitza osatzen baita / hondoez eta gailurrez / erlojuari begira / halako aurpegi xamurrez / behin betirako gelditu / behar ote dun beldurrez».
Beti ere ez du balio
Ez orekak ezta desorekak ere ez du beti balio: Nerea Elustondo lehen ariketan onena izan zen, baina ondoren, behetik aritu zen; eta Beñat Lizasok saioaren erdialdean maila polita erakutsi arren, behera egin zuen azken bi ariketetan. Lizasok erantzuteko gaitasuna azaleratu zuen puntuei erantzunean eta puntukako ariketan, eta Irazurekin —entzuleak pizten jakin zuen— egin zuen puntukako ariketan. Elustondo,Lizaso eta Izagirre txapelketatik kanpo gelditu dira dagoeneko.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bigarren finalaurrekoa
Desorekak ere balio lezake
Sarriegik saio desorekatua egin zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan; hala ere, bi ariketatan goitik arituta, bigarren sailkatu zen, eta finalean aritzeko aukera handia du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu