Digestioa behar du betekadak

Willis Drummondekoak beste disko bat ontzekotan zeuden, baina, aspalditik bete-betean dabiltzanez, pausaldi mugagabe bat egingo dute, «zer egin erabakitzeko».

Xan Bidegain, Joseba B. Lenoir, Jurgi Ekiza, Rafa Rodrigo eta Felix Buff, joan den azaroaren 8an, Pauen (Okzitania). JON IRAUNDEGI.
Igor Susaeta.
2014ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Aazken bi urteotan berrehun bat kontzertu eman ditu Willis Drummond taldeak. «Ehun baino apur bat gutxiago urte bakoitzeko», zehaztu du Rafa Rodrigo gitarristak. Transmititzen duten indar, pasio eta energiari dagokionez, gainera, ez dira, ez, nolanahikoak izaten boskotearen emanaldiak. «Ordulariari ez diogu begiratzen». Erabateko lehentasuna bihurtu da taldea Rafa Rodrigo, Jurgi Ekiza (gitarra eta ahotsa), Xan Bidegain (baxua), Felix Buff (bateria) eta Joseba B. Lenoirrentzat (gitarra). «Izan da gure lana, gure bizitza..., dena». Eta kontzertuek, horiek eragindako hara eta honako bidaiek eta entseguek bultzatutako errotaren zurrunbiloan zeudela, beste disko bat ontzea bururatu zitzaien, baina azkenean bitan pentsatzea erabaki, eta pausaldi mugagabe bat egitea deliberatu dute. «Zer eta nola egin nahi dugun ondo ikusteko gelditu beharra geneukala konturatu gara», azaldu du rock taldeko gitarra jotzaileak. Eperik ez dute zehaztu. Tresna haien abestiak zera dio: «Digestiorik gabe, elikadura zabor hutsa da». Willis Drummondek azken urteotan pilatutako betekadak eta arrakastak digestioa behar duela iruditzen zaie taldekideei. Agurreko kontzertua emango dutegaur, Hondarribian, Psilocybenea aretoan (22:00).

Estudioko lau disko dauzka taldeak —Anthology (Autoekoizpena, 2007), Willis Drummond (2009), Instanteak (2011) eta A ala B (2012), azkeneko hirurak Bidehutsekin kaleratutakoak—, eta 2009ko irailean ere, bigarren lanaren aurkezpen bira amaitu berritan, etenaldi bat egin zuten —horren aurreko azkeneko emanaldiarekin zuzeneko disko bat plazaratu zuten, hain zuzen ere, 2010ean—. Bi etenaldiak, modu batean edo bestean, parekatu daitezkeela pentsatzen du Rodrigok, baina ezberdintasunak ere badira: «Izan ere, orduan bagenekien, gutxi gorabehera, hiruzpalau hilabeteren ondoren berriro elkartuko ginela».

Oraingoak ez dauka, dena den, zerikusirik sormenaren lehorte batekin edo proposamen artistikoan pausoa norantz eman erabakitzerakoan eduki ditzaketen zalantzekin. «Joseba B. Lenoir sartu zen taldean apirilean, eta hasi ginen hurrengo diskoa prestatzen. Bageneuzkan kantu batzuk, eta bagenekien nola nahi genituen grabatu». Abestiak abenduan erregistratzea eta diskoa urte berriarekin batera argitaratzea zeukaten buruan. Nahiz eta pozik dauden lortutakoarekin, presioa sentitu zuten gainera zetorkienarekin, eta duela bi hilabete konturatu ziren ezetz, behar zutela distantzia hartu. «Aurrena jakin nahi dugu ea orain arte bezala jarraitu nahi dugun, eta gero ikusiko dugu ea adosten ditugun gure nahiak».

Beste proiektu batzuk

Instanteak gauzatu ondoren, orain hiru urte, taldekideek erabaki zuten beren lanak uztea eta musikari erabat emanda bizitzea. Hala jarraitzen dute. «Baina esan beharra dago gu diru gutxirekin moldatzen garela», argitu du Rodrigok. Musikatik soilik bizitzeak badauzka bere ajeak, ordea, eta gitarristak aitortu du horrek, agian, zerikusia izan duela egin duten hautuan. «Beharbada, nahiago dugu musika gure lanbide ez izatea, kontzertu gutxiago ematea eta denbora gehiago edukitzea gure beste proiektu batzuetarako. Hori hala den ikusteko ere behar dugu pausaldia».

Rodrigok eta Ekizak ez dute beste proiekturik Willis Drummondez gain, baina bai, ordea, beste hiru kideek. «Felixek [Buff] eta Joseba B. Lenoirrek elkarrekin jotzen dute tarteka. Joseba Irazokirekin ere badabil Felix, eta beste jende askok deitzen du, gainera. Joseba B. Lenoirrek baditu bere proiektuak, eta Xan [Bidegain] eta Felix Agustin Alkhatekin ari dira disko bat prestatzen».

Badira jada bost bat urte Willis Drummond kontzertuen agendara lotuta bizi dela —areto txikietan, tabernetan, festetan, jaialdietan...—, baina batez ere azkeneko bi diskoek bihurtu dute arrakastatsu. «Jainko bihurtzen bagara, hil gaitzatela», adierazi zion Ekizak duela bi urte BERRIAri, taldea lortzen ari zen oihartzunaz galdetuta.«Bai, arrakasta dugu, baina ez da hainbesterainokoa», dio Rodrigok —Markel Ormazabalen Hemen naiz, ez gelditzeko baina eta Danele Sarriugarteren Erraiak liburuetanerreferentzia egiten zaie, adibidez—. «Jendeak pentsatzen du kontzertuak beti direla Kafe Antzokian egiten dituzunaren modukoak. Baina udanherri txiki batzuetan jotzen egon gara, eta beti ez dugu jende asko edukitzen aurrean». Ia hamar urte eta bostehun bat kontzertuko betekadak digestioa behar du.

AZKEN KONTZERTUA

Non. Hondarribian, Psilocybenea aretoan.

Noiz. Gaur (22:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.