Dino Buzzati eta Anxel Fole euskaratu dituzte Literatura Unibertsala bilduman

Italiarraren 'Tartariarren basamortua' eta galiziarraren 'Kriseiluaren argipean' dira itzulitako liburuak

Dino Buzzati idazle italiarra (1906-1972). Z / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gaztetan izan zuen Dino Buzzatiren berri Josu Zabaleta itzultzaileak. Egile italiarraren beste liburu batzuk ere ezagutzen zituen, baita Valerio Zurlini zinemagileak eginiko Il Deserto dei Tartari filma ere. Film horrek oinarritzat duen izen bereko nobela euskarara ekarri du, hain zuzen ere, Zabaletak. Elkar eta Alberdania argitaletxeek elkarlanean plazaratu dute Literatura Unibertsala bilduman. EIZIE euskal itzultzaileen elkarteak proposaturiko lanen artean zegoela jakitean berehala aurkeztu zuen bere burua Zabaletak. Aurkeztu eta aukeratu egin zuten.

Esaldi batean azaldu behar balu itzultzaileak Tartariarren basamortua-k zeri buruz hitz egiten duen, «carpe-diem alderantzizko» bat dela esango luke: «Denbora nola igarotzen den ezer egiten ez dugun bitartean». Giovanni Drogo tenientea tartariarren basamortuaren muga zaintzeko dagoen Bastiani gotorlekura bidali dute. Poliki-poliki, ordea, ia oharkabean, gotorlekuko diziplina obsesiboak mendean hartzen du, eta denbora joango zaio etenik gabe...

Zabaletaren aburuz, liburuak ez du aparteko zailtasunik hizkuntzari dagokionez. «Italiera etengabe aldatzen ari den hizkuntza da. Buzzati kazetaria zen, eta bere garaiko kazetaritza lengoaia nahiko arkaizatua zen Italian, baina berak, aldiz, oso hizkera garbia erabili zuen». Liburuaren interes punturik handienetakoa haren egituran dago, Zabaletak dioenez: «Literaturaz gozatzen hasteko oso liburu egokia da, oso ondo eta argi azaltzen baitu istorioaren barne egitura nola eraikitzen den».

Kazetaria, eleberrigilea, ipuin idazlea eta marrazkilaria izan zen Dino Buzzati (Belluno, 1906-Milan, 1972). 1939an aurkeztu zuen Tartariarren basamortua eleberriaren eskuizkribua, eta urtebete geroago, 1940an, II. Mundu Gerraren garaian argitaratu zuten.

Galiziarren ahozkotasuna

Anxel Fole Lugon jaio zen, XX. mendearen hasieran. Gaztetatik nabaritu zitzaion literatur bokazioa. Hala dio Josemari Nabaskues itzultzaileak Kriseiluaren argipean —Litertura Unibertsala bilduman plazaratua hori ere— liburuaren hitzaurrean: «Bere belaunaldiko idazle galegorik finenetakoa da eta nortasun berezienetakoa duena». Folek galiziera eta gaztelania nahastuz idatzi zituen liburu horretako ipuinak. «Galiziako ahozkotasuna paperean jartzeko helburua zuten ipuinek», dio Nabaskuesek. «Hautemateko ahalmen izugarria eta jakin-min ase ezina erakusten ditu. Ipuin horietako batzuk idazleak berak entzundakoak dira, eta, gero, edukiaren mamia eta esatearen sena errespetatuz, Lugoko taberna edo kafetegi bateko txokoren batean eskuz idatzitakoak. Beste batzuk, ordea, Folek berak asmatutakoak dira, agian, interesgarrienak literatura aldetik».

Genero guztiak landu bazituen ere, ipuinengatik da ospetsua Anxel Fole Sanchez (Lugo, 1903-1986). Real Academia Galegako kide izan zen 1963az geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.