Diru gehiago jasota, opera ere eskainiko du Donostiako Musika Hamabostaldiak

Iazko murrizketen eta sortutako zalantzen ondoren, ziurra da 75. urteurrenean opera saioak izango dituela

Donostiako Musika Hamabostaldiko babesle eta antolatzaileak, aurtengo kartelarekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
75. aldia izango du aurten Donostiako Musika Hamabostaldiak. Handia da efemeridea, baina iazko aurrekontu murrizketa izan dela eta, handiak izan dira zalantzak ere. Duela gutxira arte, antolatzaileek ez dute ziur jakin opera programatzeko aukerarik izango ote zuten, eta ospakizunak indarra galduko zuen beldur ziren horregatik. Baina argitu da zalantza, eta pozik azaldu dira jaialdiarenarduradunak. Patrick Alfaya hamabostaldiko zuzendariaren hitzak dira horren erakusgarri. Haren hitzetan opera aurten «salbatu» egin da. Balleta, opera eta kontzertuak antolatu ahalko dituzte azkenean, etaeskaintza, gainera, handitu egingo da.

Aurtengo kartela aurkeztea zen atzoko prentsaurrekoaren xedea, baina pisu nagusia aurrekontuari buruzkoek hartu zuten. Jaialdiaren babesle nagusiekin aritu zen kazetarien aurrean Alfaya. Ondoan zituen Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura kontseilariordea, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia. 341.000 euro eman zituen iaz erakunde bakoitzak jaialdirako, eta aurten igo egin dute diru saila. Eusko Jaurlaritzak eta udalak bakoitzak 375.000 euro jarri dituzte, eta 360.000 euro, berriz, aldundiak. Hala, guztira, 377.000 euro gehiago jasoko dituzte antolatzaileek hiru erakundeon bitartez. Eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzak, sarreretan jasotakoa eta bestelako ekarpenekin prestatuko dute egitaraua.

Urteurrena ardatz

Antolatzaileek atzo ez zuten jaialdiaren nondik norako zehatzik iragarri, baina «opera titulu handi» bat izango dela iragarri zuen zuzendariak. Egitaraua zabaldu egingo dela ere azaldu zuen, baina horrek ez duela Kursaal aretoan egitekoak diren emanaldietan eragin handirik izango. «Errepertorio handiak gastuak areagotzen ditu», adierazi zuen Alfayak.

Bestalde, aurtengo ardatz nagusia urteurrena izatea nahi dute arduradunek, eta, horregatik, edizio tematikorik ez egitea erabaki dute. 75. urteurrena izango da jaialdiaren oinarria. Eta irudi soil bat hautatu dute horregatik aurtengo irudi gisa. TGA+Asociados estudioak egin du aurtengo kartela, eta kolore soilak hautatu ditu horretarako: zuria eta beltza. Pentagrama bat eta nota baten irudia ere baliatu dituzte, halaber. Txema Garcia diseinatzaileak azaldu du hautu estetiko horren arrazoia: «Hamabostaldiaren oinarrizko funtsa erakusten du kartelak: musika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.