Berlingo bihotzean dagoen Kunsthaus Tacheles etxe okupatuarenak egitear du. Bertako okupen erdiek, laurogei bat lagunek, baiezkoa eman diote bertan luxuzko hotel bat egiteko orubea erosi nahi duenari milioi bat euroren truke. Dirutza hori nork jarri duen ez da jakitera eman. Berlingo harresia erori ondoko mugimendu anarkista eta okuparen lorpen ezagunena da Tacheles etxea, artealternatiboaren gune nagusietako bat. Orain 21 urte hainbat artistak okupatu egin zuten, bertan lan egin, bizi eta artea erakusteko leku bat moldatzeko asmoz. Baita lortu ere. Bertatik ehunka lagun igaro izan da, artista eta zale. Eta baita milaka turista ere. Berlingo postal tipiko bihurtu da erakinaren aurrea. Berlinera doan guztiak bisitatu beharreko lekua du Tacheles etxea.
Orubea salduta, hondeamakinak hasi omen dira baratzea eta beste eraisten. Hirurogeita hamar bat artista geratu dira bertan, eta ez dutela etsiko eta Tacheles masa turismotik berreskuratuko dutela egin dute aldarri.
Joan direnak eta geratu direnak aspaldi banandu ziren bi taldetan.Diruak jan du azkenean arte librearen gune hori. Tim Africa joan direnen bozeramaile ibili da, dirua jaso eta taldea desegin duten arte. Beste inon Tacheles berri bat egingo dutela dio, hastapenetako filosofia eta asmoak berrartuta. Eta horretarako dela dirua. Honela laburbildu du gertatua, eta, aldez, baita gizarte honen azken hamarkadetako aldaketa ere: «Tachelesko artistok hasieran askatasun espazioak bilatzen genituen. Gaur egun bizi dugun egoeran, diruak askatasuna esan nahi du».
Isidoro Valcarcel Medina artistaren hitzak etorri zaizkit gogora Tachelesen berri irakurritakoan: «Gaur errazago da poliziari iskin egitea, diruari baino». Erakusketa bat egiteagatik sei euroko aurrekontua eskatu zion sona handiko fundazio bati. Ezetz esan zioten, aurrekari txarra sortuko zuela, ez garestia izateagatik, merkea izategatik baizik.
Artista kontzeptual ezagutuada Valcarcel Medina espainiarra. Inoiz ez du artelan bat saldu. Etxeak birgaitzetik bizi da. Hala ere, ez uste, artistak bere lanagatik kobratu egin behar duela iritzi dio. Baina salneurri duin bat, dio, ez artista salneurri bat. Iaz bertan, Bartzelonako Arte Garaikideko Museoan, bere lan bat jar zezan eskatu zioten. Akuarelak pintatzeko isipu txiki horietako batekin, bederatzi egunez horma handi bat zuriz pintatzen jardun zuen. 900 euroko aurrekontua izan zuen erakusketak. Brotxa lodiko pintore batek kobratuko lukeena. «Estatus bat duzula-eta ezin omen duzu brotxa lodiko pintore baten modura joan; ados, orduan pintzel fineko pintore moduan joango naiz». Batetik hori, eta bestetik bere artearen zentzua: museo batean gustura dagoela baina ez duela inoren bilduma gizentzeko asmorik. Hortik horma bat pintatze soila eta margolari arrunt baten modura kobratzearena. Artea neurriz kanpo baloratzen delauste baitu. Boterearen menera dagoela. «Orain botereak edozer jan, ordaindu, artxibatu eta museo bihurtzen du, gizartearen lasaitasunerako». Baita gauzarik eta kontrakulturalena ere. Eta orain boterea dirua da.
Artea eta dirua. Bi horien arteko harremana aspalditik da berezia, gainontzeko kultur diziplinekin alderatuta. Artea dirua egiteko makina aspaldi bihurtu zen. Gure larruan ere bizi izan dugu, hortxe Guggenheim. Artearen salerosketa zifra neurrigabeak, artea zer den defini gaitz eta espekulatibo bihurtu izana, artista batzuen gorazarrea eta besteen amildegia, artea eta dirua nahastu izana, talentua eta fama, artista batzuekin fortuna handiek agertu izan duten interes ekonomiko susmagarria. Anthony Haden-Guest kritikari ezagunak aspaldi azaldu zuen mundu hori. Bildumak nola egiten diren eta nork jartzen dien salneurria. Hain zuzen, New Yorkeko Guggenheim museoaren bilduma propioaren osaketaz eta balioztatzeaz oso argi hitz egin izan du: lehenengo merke erosi, gero salneurriainbertitzaile, kritikari eta hedabideen laguntzarekin puztu, eta berez ez duen balioan saldu. Burbuila artistikoa. Dirua artea baino.
Museoak jaten du dena. Botereak, diruak, alegia. Daniel Txopitearen omenez Oteizak egindako eskultura merkatalgune handi batean sartzeko asmoa izan dute Eibarren. Ez dakit zertan den afera. Eskultura kalean dago paratu 1998tik, eta kontua ez damerkatalgune batera eraman nahi dutela, merkatalguneak kalea jan nahi duela eskultura eta guzti.
Egia izango da azkenean, dirua baino beste irtenbiderik ez zaigula geratzen. Sistemaren arma berdinak erabili behar ote dira Lucio Urtubia anarkistak 60ko hamarkadan milaka bidaia-txeke faltsu merkatuan jarriz, edota Enric Duran kapitalismoaren aurkako ekintzaileak orain hiru urte bankuei kreditu faltsuak eskatuz egin zuten bezala?
Katuajeak
Dirua da gaur askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu