Donna Summer joan eta egun gutxitara hil da Robin Gibb, hura bezala 70eko hamarkadaren bigarren erdialdean disco musikaren zurrunbiloan izugarrizko arrakasta lortu zuen musikaria. Maurice eta Barry anaiekin batera The Bee Gees taldeko kide izan zen Robin, baina bakarka ere aritu zen. 2010ean jakin zuen koloneko eta gibeleko minbizia zuela, eta azkeneko bi urteak gaitzaren aurka borrokan igaro ditu.
The Bee Geesek bi garai oso desberdinduak izan zituen. 60ko hamarkadan pop eta soul kutsuko baladekin nabarmendu zen; baita arrakasta handia lortu ere, hasieran Australian eta ondoren Ingalaterran. To Love Somebody izan zen kantu haietako bat —gerora Janis Joplinek eta Nina Simonek abestu zuten estandarra—, eta Massachussetts, beste bat, The Bee Geesen garai hartako estilo gozoaren erakusgarri nabarmena. Odessa lan bikoitzarekin (1969) rock progresibora gerturatu zen taldea, eta, desadostasun batzuk zirela tarteko, Robinek taldea uztea erabaki zuen haren ondoren.
70eko hamarkadekin batera taldea berriro osatu zen, eta bide berriak bilatzeari ekin zion. Barry falsettoarekin abestera ausartu zen, eta rhythm & bluesarako joera indartu egin zuen taldeak nahiko oharkabean pasatu ziren diskoetan. Main Course (1975) eta Children of the World (1976)lanekin arrakasta lortzen hasi zen taldea AEBetan, baina Saturday Night Fever (1977) filmerako egindako musikarekin goia jo zuten Barry, Maurice eta Robin anaiek. Filmaren nahiz musikaren eragina izugarria izan zen mundu osoan, eta disco musikaren gailurrean, Stayin' Alive dantzaleku guztietan jarri beharreko kantua bilakatu zen. Disco musikaren kontrako gurutzada rockista hasi zenean, ordea, The Bee Geesen argia betiko itzali zen. Eta anaiek beren bakarkako lanak kaleratzeko tartea hartu zuten.
Hilberria. Robin Gibb
Disco musikaren legenda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu