«Beti saiatu naiz diskoa duintasunez ateratzen, baldintza duinetan ateratzen. Arreta guztiarekin ateratzea, ahal dela burua galdu gabe, baina produktua zainduz, behintzat. Inoiz ikusi dudanean zainketa hori arriskuan, edo behar zuen arretarik gabe ateratzeko arriskua zegoela ikustean, orduan jo dut autoekoizpenera, eta joko nuke berriz ere».
Bere musika ibilbidea autoekoizpen batekin hasi zuen Mikel Urdangarinek. Haitzetan lehen diskoa autoekoizpena izan zen, nahiz eta bigarren edizioa Gaztelupeko Hotsakekin (1997) argitaratu zuen. Gerora beste sei disko plazaratu zituen Soraluzeko zigiluarekin, harik eta 2005ean Dana Elkarrekin atera zuen arte. Anek idatzi dit zutaz-ekin (2007) berriro autokoizpeneko bidea hartu zuen: «Apustu handia izan zen, batez ere ekonomikoki. Baina ondo atera zen. Ez genuen nabaritu hedabideek-eta arreta gutxiago eskaini zigutenik, eta salmenta aldetik era polito atera zen. Gero, egia esanda, nekatuta bukatu nuen, laguntza izan arren, galerarako arrisku guztia neuk hartu nuelako neure gain. Horrek tentsioa sortzen dizu, buruhauste franko...». Era berean, «diskoetxe batek izan ditzakeen buruhausteak ulertzeko» ere balio izan zion.
Zubia (2009) orain arteko azkena argitaratzeko, berriro ere diskoetxe batera jo zuen Urdangarinek. Baga-Bigarekin plazaratu zuen, «duintasun baldintzak» bermaturik zeudelako. Eta zer dira duintasun baldintza horiek? «Baldintza duinak zer diren zehaztea zaila da, baina edozein musikarik uler dezake. Tratu duina izatea, sortzailearen ibilbidearekin eta sortzen dituen aurreikuspenekin tratu orekatua ematea... Ni ez noa ezer eskatzen disko batek mugitzeko espektatibarik ez duenean, baina bai gainontzean, oreka bat bederen».
Urdangarinen hitzetan, diskogintzan «gauzak abiadura bizian» aldatzen ari dira. «Diskogintza ez da lehen zena. Beste gauza bat da. Dena eraldatzen ari da, eta hor gabiltza denok lekua topatu nahian, musikariok, bakarlariok, diskoetxeak, banatzaileak... Diskoetxea diskoetxe lez apenas bizi den. Diskoetxeak bere burua agentzia bihurtu du orobat; banaketa, management-a... esparru guztietara zabaldu da, baina esparru horiek guztiak ere ondo egin behar dira. Eta hori ere ez da erraza!».
Mikel Urdangarin
«Diskoetxeek beren burua agentzia bihurtu dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu