Lau instrumentuk osatzen dute Feline taldea. Iñaki Iruskieta aritzen da gitarran, Ainhoa Unzueta baxuan, Ruben Garatea teklatuetan, eta Eneko Bergara baterian. Abiadura handiko taldea da; bi urtean bi disko atera dituzte. «Lana izan da, baina gustura egin dugu», aitortu dute taldekideek. Iazko udaran «furgoneta bete bidaia» aritu ziren Euskal Herriko hamaika txokotan, eta esperantzaz mintzatu dira euskal eszenaz, rockaz eta bestez.
«Garai eta soinu jakin batean kokatu gara, eta horrek eman dio uniformetasuna». Askotariko estiloak jorratu dituzten arren, «obsesio» baten erantzuna izan da bigarren disko hau: Jan zu. Bi single aurreratu zituzten lehenbizi —Ez dago anfetarik eta Norbait hil da hemen—, eta diskoa zuzenean aurkezten ari dira orain. Taldeak berak ekoiztu du lana, Capsulako Martin Guevararekin.
Aurreko diskoaren jarraipentzat daukate disko berria, Feline atera zutenean (2022)bazituztelako hurrengo bat osatzeko abestiak. Aldi berean aritu dira lehenengo lana kontzertuetan aurkezten eta disko berriaren kantuak osatzen. «Gure beste ofizioekin uztartzea gogorra izaten da normalean. Gogotsu egiten dugu, dena den, eta aurrera begira beti. Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta arin joan zaigu urtea», kontatu dute.
Iaz, 30 kontzertu pasa eman zituzten. Ezaguna zeukaten lan hori, beste talde batzuetatik datozelako, baina, diotenez, «aberasgarria» izan da furgonetara itzultzea. Konposatzeari, baina, ez zioten utzi bira egin bitartean, eta, Unzueta atzerrira joatekoa zenez, «prentsatu» egin zituzten lanak: «Urrian asteburu bat libre geneukan, kontzertu gabe, eta hori aprobetxatu genuen».
Bi diskoen artean, alde nabarmenik ez dago soinuaren aldetik, Guevararekin egin baitituzte berriro grabaketak. Bat bilatzekotan, agian hau «zuzenekoagoa» dela esan dute.
Hizkuntza aldetik badu, ordea, berezitasunik. Jan zu-ko abesti guztiak baitira euskaraz: «Entzuleentzat zuzenagoa da, eta guk ere sentitzen dugu gehiago transmititzen duela horrela». Izan ere, Jan zu lanarekin «bizitza hartzeko dugun erari» erreparatu nahi izan dio taldeak: «Gure antsietate eta katramilak azaltzen dira; gai ilunak». Janaria hartu dute ardatz horretarako, hark «islatzen» duelakoan zuzen hori.
Diskoaren izenakharreman estua du, gainera, Gernikako (Bizkaia) jatetxe batekin: «Hang Zhou izeneko jatetxe txinatar bat dago, eta askotan joaten gara bertara afaltzera entseguen ostean. Oso harreman ona dugu haiekin, eta behin esan ziguten Hangzhou deituriko hiri bat badela Txinan. Hitz joko bat egin dugu hiri hori eta jateko obsesioaren ideia kontuan hartuz». Azalean, hain justu, Gernikako Hang Zhou jatetxean ateratako argazki bat ageri da.
Taldeari, bestalde, The Stranglers rock banda britainiarraren Feline diskoak ematen dio izena: «Asko gustatzen zaigu disko hori». Esan dute garai guztietako musikatik edaten dutela, baina Felinerentzat abesti bat pentsatzeko prozesuan daudenean, bereziki erreparatzen diete1970eko eta 1980ko hamarkadei: «Batez ere, hasierako abesti horiek hortik zetozelako, eta Felineren ideia guztiak hor inguratzen direlako».
Euskal eszena «aberatsa»
Jakitun daude Euskal Herrian dagoen eszena oparoaz: «Rock taldeak dira horren adibide, baina ez bakarrik. Beste estilo batzuek ere hartu dute beren lekua. Oso ekosistema aberatsa daukagu. Musika mota asko dago». Busturialdean handia da musika zaletasuna, eta horren katebegitzat daukate beren burua Felinekoek: «Bai Gernikan, baita Bermeon ere, bi herri handienak aipatzearren, talde erreferenteak baino gehiago, leku erreferentzialak egon dira eta daude. Musika zuzenean ikusteko, entzuteko eta jotzeko. Bermeoko Beleza Malandra ateneo kulturala esaterako, edo Aritzatxu Rock jaialdia; kontzertu pila bat ikusi izan ditugu. Astra Gernikan, zer esanik ez. Mugimendu bat sortzeak dakarren kulturarekiko hurbiltasunaren adibide da. Baita Trinkete antitxokoa ere».
Ez dute aipatu gabe utzi nahi izan Gernikako Iparragirre rock elkartea: «Gure etxea da, bertan entseatzeaz gainera bertan entzuten ditugulako zuzeneko asko. Horiek dira gure erreferenteak. Talde jakin bat baino gehiago, ditugun espazio eta lagun musikari guztiak».
Feline. Musika taldea
«Ditugun espazioak eta lagun musikariak dira gure erreferenteak»
Jatetxe txinatar batek ematen dio izena Felineren bigarren diskoari: 'Jan zu'. Ibilbide laburra dauka taldeak, baina esperientzia handiko kideak. Garaikidetasunari, obsesioari eta antsietateari buruz egin dute lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu