Arrosako zolan doinua bezainbateko bertso ederrarekin osatu zuen hasierako agurra Ane Labakak igandean Azpeitian,Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdenean. Asmatu zuen kantaeraren eta mezuaren neurriko doinua aukeratzen, eta entzuleak eskertu zuen doinu aukeraketaren originaltasuna. Bertsoa ere doinuaren arabera jantzi zuen, txapelketan bidean geratu ziren bertsokide gazteen omenez. Bera zen, txapelketako belaunaldi berrian final-laurdenetara iritsita, aurrera egiteko aukera izango zuen bakarra. Alabaina, txapelketako belaunaldi gazteenak ez du ordezkaririk izango finalaurrekoetan.
«Errimatzea eta doinuaren erritmoa erabat lotuta daude; beraz, mezuari laguntzen dion doinu bat erabiltzea» sarituagatik epai irizpideek, hasierako agurrarekin bukatu zen doinu aniztasuna. Mainontzi-n osatu zuten lehen ariketa bertsolariek. Sei puntuko motza da berez ariketa, baina Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako txapelketatik kanpo gutxi dira ariketa horretarako beste doinurik hartzen dutenik. Mainontzi da doinu ohikoena, eta horretan sentitzen dira seguruen bertsolariak; txapelketa lehia ere bada. Entzuleak eskertuko zukeen doinu aniztasunik, batez ere saioaren hasiera izanda. Bertsoaldi osorik ere ez zen izan lehen ariketan, eta doinu aniztasunik ezak geldotu egin zuten saioaren hasiera.
Jokoan zeuden txapelketa bezainbateko finalaurreko zabalerako eta Txapelketa Nagusirako txartela. Final-laurdenak ez ziren goitik joan, eta azken final-laurdenean aurrera egiteko aukera zabala zen. Ziurretik aritu ziren bertsolariak, baina, aldi berean, saioari neurria hartu ezinda, mailaren iparrik gabe. Bertsoaldi osorik ez zen izan. Eguraldiarengatik hasiera batean antolatzaileek entzuleen aurreikuspena jaitsi egin zuten arren, entzuleek ia bete egin zuten Izarraitz pilotalekua. Bete bai, baina hura lehertzerik ez zuten lortu bertsolariek, Iker Zubeldiaren ateraldi batzuekmetxa goritu bazuten ere.
Kopletako ariketan ere doinu aniztasuna mugatua izan da final-laurdenetan, bizpahiru doinu entzun dira, eta hala izan zen Azpeitian ere. Zubeldiak umorez atzekoei zirika jardunda, algara batzuk eragin zituen entzuleen artean, baina, hala ere, kopletako saioek ez zuten berezko bizitasunik izan. Zortziko handiko ariketan hasi ziren doinutegia astintzen, doinu banatan osatu zituzten hiru ariketak; orduan, hasi zen kolorea hartzen saioa, doinuei dagokienez. Bakarkakoan, Labakak eta Iñaki Apalategik aukeratu zuten Xabier Silveirak azken Nafarroako Bertsolari Txapelketan plazaratu zuen ETAren suetenetik doinua izan zen doinuetan ekarpenik berriena. Biek egin zuten lan ona. Labakak kantaerarekin eta gaiarekin egoki zetorkion doinuaren aukeraketa ona egiteaz gainera, gaia preso politiko baten emaztearen ahotik hartzean ere asmatu zuen entzuleak bereganatzeko.
Doinuak mezuari lagundu behar diola ondorioztatzen dute epai irizpideek, eta, Azpeitiko epaileen ustez, Jokin Uranga ibili zen finenik horretan, Zubeldiaren eta Iñaki Apalategiren aurretik. Lehen hiru sailkatuek egingo dute aurrera txapelketan. Unai Muñoa, Arkaitz Oiartzabal Xamoa eta Labaka azken hiru sailkatuek saioan mailari eutsi arren, huts tekniko batzuk egin zituzten.
Apalategik eta Urangak osatu zuten zortziko handiko bertsoaldia izan zen saioko bertsoaldirik osoena. «Zu, Iñaki, haurtzaindegiko langilea zara. Gaur ere Jokin gurasoa arratsaldeko seiretan dator goizeko seiretan utzi duen haurraren bila», jarri zien gaia Iban Narbaizak. «Mikelek jada nahasten ditu / haurtzaindegi ta logela. / Mesedez, Jokin, lehenxeago / etorri zaitez ahal dela; / Mikelek ia ez dit sinisten / aita orain datorrela», amaitu zuen bertsoaldiko lehen bertsoa Apalategik. Ez zuen Urangak panorama errazik aurkeztuko erantzunaren bukaeran. «Nire ekina hamaika orduko / jardunera dut laburtu / bankua etorrita ez diezadan / etxebizitza lapurtu», erantzun zion ariketa bereko beste gai bati erreferentzia eginda. Apalategik elkarrizketa zabaldu zion ostera Urangari: «Etxea guztiz ordaindu nahian / astea lanean igaro / ta zertarako nahi dezu etxea / umea hemen badago?». «Han e' baditu kotxe txikiak / ta jolaserako trenak; / bere margoez apaindu zitun / bart bere gela barrenak. / Nik lantegian sentitutako / angustiak eta penak / Mikeli musu emandakoan / ahaztu ohi ditut denak», erantzun zion ondoren.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bosgarren final-laurdena
Doinuetan ez da lehiarik
Final-laurdenetan doinu aniztasuna oso txikia izan da lehen bi ariketetan eta, batez ere, sei puntuko motzeko lehen ariketan. Hala izan zen Azpeitiko azkenekoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu