Zinemagile hasiberri bat, Juan Palacios bera (Eibar, Gipuzkoa, 1986), hiru laguni segika bidaia nautiko surrealista batean. Bigarren eskuko pedalontzi batean igota, Euskal Herriko kostan 150 kilometro egiteko asmoa dute. Zinemira sailean aurkeztu du estreinako film luzea Palaciosek. Ikus-entzunezko ikasketak Kopenhagen amaitu zituen, eta bost urte daramatza Danimarkan lanean editore eta produktore modura. Bideo esperimentalak, dokumentala eta saiakera batzen dituzten film laburrak egin ditu orain artean; Pedaló-k oihartzun pixka bat izatea eta proiektu gehiago egin ahal izatea du amets.
Lehenik bidaiaren ideia izan zen, ala dokumentalarena?
Biak bateratsu joan ziren. Duela hamar bat urte nire lagun Joseba Etxeberriak, filmean azaltzen den pertsonaietako batek, planteatu zidan pedalontzi baten gainean bidaia bat egitearen ideia. Bera artista da, eta halako ideia zoro asko izaten ditu. Ahaztu egin genuen ideia hori. 2012an ni Kopenhagen bizi nintzen, ikus-entzunezko karrera amaitzera joan bainintzen hara. Linbo batean nengoen, ez nekien nire bizitzarekin zer egin oso ondo. Skype bidez Josebarekin elkarrizketa bat izan, eta berriro planteatu zidan bidaiaren ideia. Esan nion nik film bat egingo nuela bidaia horrekin...
Hasieran, zuk zeuk ontzian joan behar zenuen, baina planak aldatu, eta zuk lurretik jarraitu zenien... Zergatik?
Ontzi txiki bat genuen, lagun bati sei egunetarako alokatua. Eta gasolina ere hortxe-hortxe genuen. Hendaiatik Donostiarako lehen etapa egin ostean lau bat egun galdu zituzten hiriburuan: batean eguraldi txarra zela, beste batean parranda eta ajearen ondorioz, hurrena pedalontzia apurtuta zegoelako.... Ontziaren alokairuaren epea amaitu eta ez zitzaidan beste aukerarik geratu, edo lurretik jarraituko nituen edo ez zegoen filmik.
Aldaketa horrek filmaren asmoa eta tonua aldatuko zituen...
Bai, konturatu nintzen pelikulak beste tonu bat hartuko zuela. Konturatu nintzen nirea bidaia paralelo bat bilakatu zela; ez nindoan haiekin, beti urrutitik ikusten nituen. Bidaia horretan notak hartzen hasi nintzen, eguneroko baten moduan, eta, nolabait, hori ere sartu zen filmean.
Zure off-eko ahotsak une batean dio: «Lau pixel dira nora ezean». Metafora polita da bizitza adierazteko...
Bai, bizitzaren zein unetan zauden... Une hartan ni neu nola nengoen adierazteko oso metafora aproposa zela uste dut.Elkarrizketa moduko bat dago filmean nire sentimenduen eta kamerak harrapatzen dituen irudien artean.
Nahasten dira protagonisten eguneroko gertaera eta kezka txikiak eta narratzailearen ahotsez planteaturiko gogoeta sakonak...
Asko gustatzen zait hutsalak izan litezkeen gertaerak sartzea, eta hortik salto bat egitea hausnarketa sakonagoetara. Filmak badu zerbait absurdotik ere; hiru lagun pedalo batean itsasoaren handitasunaren erdian... bada irudi zarpail bat modu batean; eta irudi horri zerbait filosofikoa eta existentziala gehitzea kontraste moduan interesatzen zitzaidan. Hor ikusi nuen zerbait interesgarria atera zitekeela.
Ehun ordu grabatu zenituen. Muntaketa egitean, zeri eman diozu garrantzia?
Saiatu nintzen oreka bat gordetzen han hartutako noten eta muntatzailearen ikuspegi neutroagoaren artean. Han hartutako notak oso berehalakoak ziren, oso freskoak. Gero, muntaketaren orduan, haietako batzuk irakurri, eta ez zitzaizkidan gustatzen. Hala ere, kontziente izanik filmean azaltzen diren hainbat kontu nahiko naifak eta teenager-ak direla, utzi egin nituen, hori ere bada-eta filma.
Egindako zerekin geratu zara gustura?
Ikasi dut film dokumental bat egiteko oso malgua izan behar duzula. Jakin behar duzu unera eta lekura egokitzen, eta buruan duzuna moldatzen. Eta, akaso ez nukeerrepikatuko bidaia hainbeste erromantizatzea eta ideia finkoak mantentzea. Gustura geratu naiz, hala ere, uste dudalako lortu dudala nire istorioa eta haiena kontatzea, biak uztartzea.
Erreferentzia kontzienterik izan duzu?
Esan bezala, gustatzen zait kontu txiki edo intimoagoak eta istorio sakonagoak elkarren islan jartzea. Hori oso ondo egiten du, adibidez, Ross McElwee estatubatuarrak Sherman's March film dokumentalean [1986].
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Zinemira. Juan Palacios. Zinemagilea
«Dokumental bat egiteko oso malgua izan behar duzu»
Hiru lagunek itsasoko pedalontzi batean egindako bidaia kontatu du 'Pedaló' lehen film luzean Juan Palaciosek; samurtasuna eta irudimena ditu ardatz euskal kostako 'sea-movie' dokumentalak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu