Dokumentalek indar handia izango dute Kimuak 2013n

Izibene Oñederra, Asier Altuna, Borja Kobeaga eta Aritz Morenok film labur bana dute hautatu dituzten zazpien artean

Izibene Oñederra.  J. Urbe / Argazki Press JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lan dokumentalek presentzia handia izango dute Kimuak 2013 katalogoa osatuko duten zazpi film laburren artean. Horietako hiru aurretik katalogoan izandako egileenak dira: Asier Altunaren Zela Trovke, Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety, Aritz Morenoren Cólera eta Borja Kobeagaren Democracia. Gainerako film hautatuen egileek lehen aldiz izango dute beren lan bat Kimuak katalogoan: Lander Camareroren A Political Story, Raul de la Fuenteren Minerita eta Aitor Iturriza eta Bernat Gualen Una hora, un paso.

Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety animazio filmak kontrolak identitate pertsonalean duen eragina aztertzen du; Artelekuko mugimenduzko irudi laborategian sortu du filma Oñederrak, beste hainbat artistarekin batera. Asier Altunaren Zela Trovke Eslovakiako morirat kantu motaren ingurukoa da; hilketak dituzte kontagai genero horretako kantuek. Aritz Morenoren Cólera-k herri batek bere gaitza ezabatzeko egiten duen ahalegina du kontagai; Borja Kobeagak demokraziaren inguruko «komedia karmikoa» egin duDemocracia filmean; Lander Camareroren A Political Story dokumental faltsua da; Palestina NBEn Estatu Behatzaile gisa onartzeari zenbait herrialdek emandako ezezko botoa du gaitzat; Raul de la Fuenteren Minerita Boliviako meatze gune bati buruzko lan dokumentala da; eta Aitor Iturriza eta Bernat Gualen Una hora, un paso-k Juan Jose Gonzalez Beltran preso ohiaren istorioa du ardatz; Egipton heriotza zigorra jaso zuen Gonzalez Beltranek.

Aurkeztutako film laburren «maila altua» eta haien artean zazpi baino ez aukeratzeko «zailtasuna» nabarmendu du aurtengo epaimahaiak. Honako bost lagun hauek osatu dute epaimahaia: Maialen Belokik, Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kide eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen arduradunak; Josemi Beltranek, Donostia Kulturako Zinema arduradunak; Lourdes Fernandezek, Bilboko Alondegiko zuzendariak; Fernando Lopez de Castillok, Gasteizko Film Officeko zuzendari eta zinema zuzendariak; eta Inguma Martinezek, ETBko albistegietako Kultura arlo-buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.