Musika

Don Everly musikaria hil da, 84 urterekin

Everly Brothers rock and roll bikote ezaguna osatu zuen, Phil anaiarekin batera. Mundu mailako ospea izan zuten 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, eta milioika disko saldu zituzten.

Phil eta Don Everly anaiak kontzertu batean.
aitor biain
2021eko abuztuaren 23a
13:10
Entzun

Herenegun hil zen Don Everly musikari estatubatuarra, Nashvillen (AEB), 84 urte zituela. Haren familiak eman zuen heriotzaren berri, Los Angeles Times egunkariari helarazitako ohar baten bidez. Ez zuten zergatien berri eman, baina adierazi zutenez, «bihotzak agindu bezala» bizi izan zen.

Everly Brothers rock and roll bikotea osatu zuen, Phil anaiarekin batera. Mundu osoan ospea izan zuten, 1950eko hamarkadaren hondarretan eta 1960koaren lehen urteetan; batez ere, Bye Bye Love kantuari esker. Milioika kopia saldu zituzten, eta rockaren historiako 200 onenen artean daukate askok kantua.

Gainera, Wake UP Litttle Susie edo All I Have to Do Is Dream diskoei esker, urteak eman zituzten gehien salduriko diskoen zerrendan. Rockaren eta countryaren artean mugitzen ziren, ahots harmoniak gitarra konponketa burutsuekin batera uztartuz. Iraultzaileak izan ziren garai hartan; Rolling Stone aldizkariak «rock bikoterik garrantzitsuena» izendatu zuen, eta eragin nabarmena izan zuten ondoren etorri ziren musikari askorentzat, besteak beste, Beatles, Simon & Garfunkel, edo The Mamas and The Papasentzat.

1973an desegin zen bikotea, baina nork bere aldetik jarraitu zuen musika sortzen. Cliff Richard eta Paul McCartneyrekin aritu ziren elkarlanean, eta arrakastaren bideari eutsi zioten. 1986an sartu zuten taldea Rock and Rollaren Ospearen Aretoan, eta, 1997an, bikotearen ibilbideari aitortza egin zioten Grammy sarietan.

Phil, anaia, 2014an hil zen biriketako gaixotasun baten ondorioz, 74 urterekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.