Koldo Leoz Lizarrako alkatea "haserre" dagoela dio The Guardian-ek. Done Jurgiren berritzearen kontuarekin. Izan ere, zenbait zaintzaile eta zeharberritzaileren arabera, berritze horretan egin dutena "ondarearen kontrako" da. XVI. mendeko eskultura "betiko hondatu" dutela salatu dute. Eta hortxe dago alkatearen haserrearen arrazoia. Berak azaldu du zaharberritze lana elizako parrokoak agindu ziola Lizarrako eskulan irakasle bati, Udala jakinaren gainean jarri gabe.
Beste hainbatek egin bezala, Erresuma Batuko kazetak ere konparazioa egin du Borjako (Zaragoza, Espainia) Ecce Homo-aren zaharberritzearekin eta eliza egiten du bi kasuen arduradun. Nabarmendu du, Leozek eskatu duela kultur ondarea elizaren eskuetatik kendu eta instituzioen esku uzteko.
Elizaren bertsioa beste bat da. Azaldu du Lizarrako erretorearen asmoa "kapila txukuntzea" zela, eta ez Done Jurgiren irudia berritzea. Horregaitik ez omen zuen jakinaren gainean jarri Artzapezpikutza, hark, protokoloak dioen bezala Ondasunaren ordezkaritzari abisu eman ziezaion. Orain, konponbidearen bila ari dela dio elizak.
Eta, bien bitartean, irudia izara batekin estalita dago.