Donibane Garaziko Herriko Etxeak Udako Ostegunak egiteko debekua ezarri dio gaztetxeari

Ekainaren 17an ukan zuten debekuaren berri. Gaztetxeko kideek azpimarratu dute gaztetxearen alde borrokatuko direla, herritarrentzat «ezinbesteko» den leku hori lortu arte.

Udako Ostegunak, Garaziko gaztetxean, iazko udan. BERRIA
Udako Ostegunak, Garaziko gaztetxean, iazko udan. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2025eko uztailaren 3a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

«Herriko etxeak amesten duen karta postalean ez dugu tokirik, eta ez du egiazko borondaterik gaztetxearen auzian aterabide bat atzemateko». Hala adierazi dute Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) gaztetxeko kideek zabaldu komunikatuan. Ekainaren 17an eskuratu zuten Zitadelako karrikan Udako Ostegunak antolatzeko debekua, hots, lehen ekitaldia hasi baino bi aste lehenago.

Gaztetxeari «segurtasuna eta bertako biztanleak» trabatzea leporatzen dio herriko etxeak. Alta, gaztetxeko kideen arabera, apirilean egin zioten herriko etxeari Zitadelako karrika erabiltzeko eskaera, eta, nahiz espazio publikoa baliatzeko arau «guziak» bete, debekua ukan dute. Adierazi dute herriko etxeak horren truk proposatu alternatiba zentzugabekoa dela. Gainera, salatu dute herriko etxeak «aurpegia zuritu» nahi izan duela aterabide «faltsu bat» proposatuz.

Bide batez, adierazi dute herriko etxeak «jarrera autoritarioa» ukan duela azken urteetan gaztetxearekin, eta uste dute jarduerak oztopatzeko nahia ez ezik herri zentrotik kanpo ezartzeko xede «garbia» ere badela tartean. Agerian eman dute nehoiz baino garrantzitsuagoa dela gazteak «kolektiboki eta independenteki» antolatzeko lekua izatea, turistentzako pilota partidez eta zezenketez aparte.

Jarduera kulturala trabatzeaz gain, euskararen arnasgune bat suntsitu du herriko etxeak, nabarmendu dutenez, baita gazteek «gogoeta egiteko eta ekiteko espazio bat» ere. Argi dute borrokan segituko dutela haien beharrei erantzunen dien gaztetxe baten alde, herritarrentzat «ezinbesteko» den leku hori lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.