Donostia 2016 hautagaitza azken txanpan sartu da

Hainbat erakundek egindako ekarpenetatik 100 ekitaldi hautatuko dituzte, apirilean azken agiria aurkeztu aurretik

Agentziak
Donostia
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Donostia 2016. urtean Europako Kultur Hiriburua izan dadin lortze aldera sortutako hautagaitzak lanaren azken txanpari heldu dio. Azken hiru hilabeteotan hainbat instituzio eta erakunderekin parte-hartze prozesu bat aurrera eraman ostean, «ideien laborategi» horretan bildutako informazioa aztertu eta 2016. urtean egin litezkeen ehun ekitaldi aukeratuko ditu hautagaitzak, apirilean Madrilen aurkeztuko duen txostena osatzeko.

Jaialdiak, erakusketak, kongresuak eta jarduera jendetsuak izango dira ekitaldi horietako batzuk, eta 2016 baino lehen egiten has litezke, Santi Eraso hautagaitzaren kultur zuzendariak azaldu duenez. Prozesu horretan, besteak beste, honako hauek hartu dute parte: Bilboko Guggenheim museoak, Baionako Euskal Museoak, Musika Hamabostaldiak, EHUk, Deustu eta Mondragon Unibertsitateak, Tabakalerak, Zinemaldiak, Tecnaliak, Basque Culinary Centerrek, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak.

Donostiaren hautagaitzak apirilaren 19an aurkeztuko du azken txostena Madrilen, eta maiatzaren 31n epaimahaia Donostiara etorriko da. Ekainaren 27an Madrilera itzuliko dira hautagaitzako kideak beren proiektua epaimahaiaren aurrean aurkezteko, eta hark egun bat edo bi geroago hartuko du erabakia. Donostiarekin batera, Burgos, Cordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza ari dira lehiatzen 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko. Donostiaren hautagaitzak Herritarren energia-olatuak leloa du ardatz, eta, alde horretatik, aurten ere Olatu-talka jaialdia egingo dutela aurreratu du Eva Salaberria hautagaitzaren koordinatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.