Gaur goizean jakinarazi du Donostia Kulturak Maitasunaren ostean, maitasuna obrarentzat izango dela aurten Donostia antzerki saria. 2015ean Gipuzkoako hiriburuko antzokietan euskaraz estreinatutako obren artean aukeratu dute Ados konpainiaren antzezlana. Sara Cozar, Ane Gabarain eta Dorleta Urretabizkaia dira aktore nagusiak. Konpainiak 10.000 euroko diru saria eta Baroja Colleten artelan bat jasoko ditu, eta, 2018. urtea bukatu baino lehen, euskarazko beste antzezlan bat taularatu beharko dute Donostian.
Dora Salazar artistaren irudietatik abiatuta sortu du antzezlana Losadak, eta antzerkiaren eta pinturaren arteko uztarketa hori "oso egokia" dela nabarmendu du epaimahaiak. Musikaz, berriz, Javier Asin arduratu da. Alzheimerraren inguruko lana da, eta, askotan erabilitako gai bat den arren, interpretazio eta eszenaratze aldetik "abilezia handiz" landuta dago, epaimahaiaren iritziz. Losadak azaldu duenez, maitasunaren inguruko istorioa da: "Maitasunaz hitz egiten du. Bizitza izan eta gero geratzen den maitasunaz".
2015ean, helduentzat euskarazko 17 antzezlan taularatu zituzten Donostian, eta, orotara, 6.214 ikusle bildu ziren emanaldi horietan.