Irailaren 17an jasoko du Hawkek Donostia saria, lan ibilbidea omenduko diona; ondoren, haren azken filmaren emanaldia eskainiko dute: The Magnificent Seven.
Hiru hamarkadako ibilbidean lau aldiz izan da Hawke Oscar sarietarako hautagai. Aktore gisa aritzeaz gain, gidoilari, zuzendari, idazle eta aktore lanetan ere aritu da, antzerkian nahiz zineman. Besteak beste, Dead Poets Society, Gattaca, Good Kill, Reality Bites, Great Expectations, Hamlet, Before Sunrise, Before Sunset eta Before Midnight filmetan hartu du parte.
2015ean, Hawkek bere lehen dokumentala zuzendu zuen: Seymour: An introduction, Seymour Bernstein piano jotzaile eta irakasle famatuaren bizitzari buruzko film bat. Boyhood (2014) filma Richard Linklater zuzendariarekin lankidetzan egindako zortzigarren lana izan zen. Antzezpen horregatik, gizonezko aktore onenaren saria jasotzeko izendatu zuten Oscarretan, Aktoreen Sindikatuaren sarietan Urrezko Globoetan eta BAFTAn, besteak beste.
Linklater, Julie Delpy aktoreak eta Hawkek elkarrekin idatzi zituzten Before Sunset eta Before Midnight filmen gidoiak, eta Oscar eta Independent sarietarako izendapen bana jaso zuten bi gidoi horiengatik.
Antolakuntzak iragarria zuen Sigourney Weaverrek ere jasoko duela aurten Donostia saria. 64. zinemaldia izango da aurtengoa.