Kultura eta hezkuntza elkarbizitzarako oinarri gisa aurkeztuz defendituko du Donostiak 2016an Europako kultur hiriburu izateko hautagaitza gaur goizean, Madrilgo Reina Sofia museoan, hamahiru kidez osatutako nazioarteko epaimahai baten aurrean. Iruñeari, berriz, etzi egokituko zaio hautagaitzaren aurkezpena eta defentsa egitea.
Guztira, hamasei hirik aurkeztuko dituzte hautagaitzak, eta horietako bostek edo seik egingo dute aurrera lehian, azken fasera pasatuta; gainerakoak azken hautatua izateko aukerarik gabe geratuko dira. Etzi jakinaraziko dute zeintzuk diren azken fasean lehiatzeko hautatutako hiriak, eta zeintzuk baztertutakoak.
Fernando Bernuesek zuzendutako eszenaratze batekin, ordu erdiko aurkezpena egingo dute Donostiaren hautagaitzaren ordezkariek Donostia Europako kultur hiriburu hautatua izatearen abantailak azaltzeko, eta gero beste ordu erdi batez epaimahaikideek egindako galderei erantzungo diete.
Elkarbizitza eta itsasargiak
Elkarbizitzen, Elkarhizketan, eta Elkareragiten hitzak eta Euskal Herriko itsasertza Miarritzetik Zumaiaraino argitzen duten zazpi itsasargi dira Donostia defenditzeko hautatutako argumentuaren ardatz nagusiak. Horrekin batera, herritarren parte-hartzea da hautagaitzari lotutako beste ideia nagusietako bat. Donostiak Europako kultur hiriburu izatea «prozesu» gisa hartzeko asmoa du, bestalde, ez ekitaldi pilaketa huts gisa.
Odon Elorza alkatearekin batera, Madrilenizango dira gaur Marisol Garmendia Berrikuntza eta Presidentzia zinegotzia, Santi Eraso hautagaitzaren zuzendari artistikoa, Eva Salaberria Donostia 2016 Bulegoaren zuzendari gerentea eta Loreto Rubio Komunikazio arduraduna.
Iruñeak etzi egingo duen aurkezpenak topaketaren ideia izango du ardatz. Iruñeko sanferminak, Donejakue bidea eta 1973ko arte topaketak aurkeztuko dituzte, Iruñeak topaketa gune gisa duen garrantziaren adibidetzat.
Donostiak gaur defendituko du 2016an kultur hiriburu izateko hautagaitza
Iruñearen hautagaitza etzi defendituko dute, eta egun berean jakingo da zein hiri lehiatuko diren azken fasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu