Musika

Donostiako 58. Jazzaldiak Abdullah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashita sarituko ditu

Uztailaren 21etik 25era egingo dute jaialdia, eta 90 kontzertu izango dira, hamasei agertokitan

Abdullah Ibrahim musikaria, 2017an Trinitate plazan eman zuen kontzertuan, Donostiako 52. Jazzaldian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko ekainaren 23a
12:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Sona handiko musikariak ariko dira aurten Donostiako Jazzaldian. Jaialdiak 58. aldia izango du, eta, uztailaren 21etik 25era bitarte, 90 kontzertu biltzen dituen egitarau bat prestatu dute antolatzaileek. Tartean izango dira Donostiako Jazzaldia sariak jasoko dituzten hiru musikarienak: Abdulah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashita sarituko ditu aurten jaialdiak, jazzean egin duten ibilbidearen aitortza gisa.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Ibrahim «jazzaren historia bizia da, Hegoafrikako musikarien belaunaldi bikain baten sinboloa. 70 urtetik gorako ibilbidean, Hegoafrikako jeinua mundu osoan txalotu dute». Bost alditan aritu da Donostiako Jazzaldian zuzenean urteotan. Rava tronpetista eta konpositorea, berriz, Italiako jazz musikaririk ezagunenetakoa da. 1960ko hamarkadan lortu zuen nazioarteko ospea, eta sei hamarkadako ibilbidea egin ondotik, «musikaririk aktibo eta urdurienetakoa da oraindik ere, beti proiektu original askotan murgildua, eta tronpetista gailenetakoen artean kokatua». Yamashita, azkenik, Japoniako jazzaren historian den «figura gailenetako bat» da, antolatzaileen hitzetan, eta urteetan Japonia munduko herrialde jazz zaleenetako bat izaten gehien lagundu dutenetako bat. Bere estilo «leherkorrarekin, garai guztietako jazz pianista onenetakotzat» jotzen da gaur egun.

Jazzaldiak hamasei agertokitan banatuko ditu egitarauko 90 kontzertuak: Trinitate plazan, Zurriola hondartzan, Kursaal auditoriumean eta eraikinaren kanpoaldeko terrazetan, Viktoria Eugenia antzokian, San Telmo museoan, Txillida Leku museoan (Hernani, Gipuzkoa) eta Tabakaleran, besteak beste. Emanaldietatik 60 doakoak izango dira, 25 tokiko taldeek eskainiko dituzte; beste bederatzi XI. Txikijazz programan bildu dituzte, eta beste zortzi, berriz, IX. JazzEñerenean.

Jaialdiak aldez aurretik iragarritako artisten artean daude, hiru sarituez gain, Norah Jones, Ben Harper, Joss Stone, Pat Metheny, Village People, Kenny Barron, Bill Frisell, Tiken Jah Fakoly, Fred Wesley & The New J.B.'s, Jerry Bergonzi, Eri Yamamoto, Bamba Wassoulou Groove, eta Michele Hendricks & Ronald Baker Project, besteak beste. «Datozen urteetan jazzaren ibilbidea definituko duten artista berriak» ere eraman dituzte aurtengo programaziora, hala nola Julian Lage, Nubya Garcia, David Helbock, Blue Lab Beats, Ezra Collective, Ill Considered, The Side Effects, Five Stars, Conversessions eta Bengue. Eta bestelako estilo eta proposamenak ere izango dira entzungai: besteak beste, Viva Suecia, Zetak, Arde Bogota, Elena Setien, Rocio Marquez & Bronquio, Niño Josele, NGBM Cuarteto, Gonzalo del Val, Arima Soul, Lucia Rey, Kinkfolk, Olana Liss eta Amaika Rude. Horiei guztiei Euskorleans proiektua gehituko zaie uztailaren 20an, euskal musika eta dantza, brass bandak eta New Orleanseko jazza uztartzen dituena eta jaialdiaren etorrera iragartzeko balioko duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.