DONOSTIAKO TABAKALERA. Desadostasunen eskailera

Donostiako Tabakalera zaharra kultura garaikideko zentro bilakatzeko egitasmoak akordioz, desadostasunez eta dimisioz beteriko ibilbide sigi-sagatsua egin du; asmoa plazaratu zutenetik ia hamarkada bat igaro da.

gorka erostarbe leunda
2010eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Duela bi asteburu Odon Elorza Donostiako alkateak El Diario Vasco-ri egindako adierazpenek Tabakaleraren egitasmoa irauli dute. Administrazio Kontseiluak egitasmoa «birdimentsionatzeko» erabakia hartu zuen, eta Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen gero. Ibilbide amaigabe bateko etengabeko akordio eta desakordioen azken koska izan da. Ibilbide gorabeheratsu horren errepasoa egin eta unean-unean agintariek eta egitasmoaren kudeatzaileek esandakoak ekarri ditugu gogora.

2001eko maiatza

Odon Elorza Donostiako alkateak 2001eko urtarrilean planteatu zuen aurrenekoz tabako fabrika zaharra kultura garaikideko zentro bilakatzeko egitasmoa, behin Altadis enpresak 2002an bere jarduna etengo zuela jakitun. Urte hartako maiatzean PSE-EE eta EA-EAJ udal taldeek onartu zuten Tabakalera kultura zentro bilakatzeko akordioa; PP eta EHabstenitu egin ziren.

Roman Sodupe (Gipuzkoako diputatu nagusia)

«Tabakalera itxi zutenean, eraikin egokia eta ezinbestekoa iruditu zitzaigun kultur proiektuak bultzatzeko, eta horra joango dira San Telmorako zeuden egitasmoetako batzuk».

Mari Karmen Garmendia (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua)

«Nazioartekoa izango da, baina baita gure kulturaren erakusle garrantzitsu bat ere. Biek lekua izan dezaten nahi dugu».

Odon Elorza (Donostiako alkatea)

«Munduari bira emango dion zentroa izango du Donostiak; Grenoblen eta Quebecen daudenen tankera izango du».

2002ko maiatza

Udalak, Diputazioak eta Jaurlaritzak, Bartomeu Mari arkitekto eivissarra hautatu zuten etorkizuneko Tabakalera definituko zuen egitasmoa gidatzeko. 2003an amaitu zenBartomeu Marik Tabakalerarekin zuen akordioa, eta ez zioten berritu, erakundeekin izandako hainbat desadostasunen ondorioz.

Roman Sodupe(Gipuzkoako diputatu nagusia)

«Hemengo adituen artean aztertu bai, baina ez dugu aproposagorik aurkitu».

Bartomeu Mari (Tabakaleraren proiektuartistikoaren gidaria)

«Bakarra izango da Donostiakoa, berezia. Europari begira egongo da, baina euskal kulturaren berezitasuna izango du. Belaki baten irudia etorri zait lehen begiratuan. Dena xurgatzen du belakiak, eta, era berean,xurgatutako guztia kanporatzen du. Filosofia hori izan behar du zentroak, kanpokoa hona ekarri eta hemengoa kanporatzeko».

2003ko otsaila

Ordoñez-Falcon Fundazioarekin akordioa lortu zuten hiru erakundeek Tabakaleran koka zedin haren bilduma, eta nazioarteko argazkigintza zentro bat egon zedin. Tabakaleraren eta Ordoñez-Falconen arteko akordioa amaitu egin zen 2007ko otsailean. Ez berritzeko erabakia hartu zuen Tabakalerak.

Enrique Ordoñez(Ordoñez-Falcon fundazioko kidea eta bildumaren kudeatzailea)

«Europako argazkigintzaren erreferentzia izango da Donostiako zentroa.Donostiako proiektuak ez du egungehiegi egiten ari diren eraikinekin zerikusirik; ez da izango erakusketak antolatzeko toki bat soilik. Europan egiten ari diren proiekturik interesgarrienetako bat da».

Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua)

«Garatzen ari den proiektua da oraindik. Hala ere, dagoeneko argi dago bi ardatz izango dituela: kultura bisuala eta kulturen arteko dialektika».

2004ko maiatza

Hiru erakundeek Tabakaleraren eraikina erosi zuten, 8,5 milioi euroren truke.

Odon Elorza (Donostiako alkatea)

«Beste erdigune bat sortuko dugu Donostian, kulturaren, gune berdeen, ingurumenaren eta hiritarren egunerokotasunaren artean sinergiak sortuko dituena».

2005eko abendua

Hiru erakundeak abenduaren 22an bildu ziren Tabakalerako zuzendaritza taldea izendatzeko, baina ez zuten akordiorik lortu. Odon Elorzak egitasmoa «usteltzen» ari zela esan zuen.

Odon Elorza (Donostiako alkatea)

«Heldua baino zerbait gehiago dago Tabakaleraren egitasmoa, usteltzen ari da. Proiektuarekiko pasioa falta da, eta erakundeen partetik apustu sendo etaberehalakoa egitea falta da. Uste dut azken bi urteetan espektatibei huts egin diegula, eta ez dela aurrera egin behar bezala».

Imanol Agote (Gipuzkoako Kultura zuzendaria)

«Odon Elorzaren haserre adierazpena ez dago justifikaturik eta neurrigabea izan da».

Koldobika Jauregi (Eskulturagilea)

«Pertsona bakoitzak erabilera bat emango genioke Tabakalerari, baina nik, batez ere, kultur erabilera emango nioke, eta ez burokratikoa. Horretarako, badaude beste leku batzuk. Interesgarria litzateke diziplina bat baino gehiago hartzea. Tabakalera edukiz betetzeko diru asko eta buru asko behar da, eta hemen erakutsi dute dirua egongo dela, baina buru gutxi dagoela. Tabakaleraren zuzendaritzak esku pribatuetan egon beharko luke».

2006ko urtarrila

Tabakalerako Administrazio Kontseiluak Joxean Muñoz idazle eta zinemagilea izendatu zuen egitasmoaren zuzendari nagusi izateko. Iñaki Galarraga arkitektoak eta Santi Eraso kultur kudeatzaileak osatu zuten zuzendaritza taldea. Erasok hilabete geroago utzi zuen kargua, arrazoi pertsonalak zirela medio.

Joxean Muñoz (Tabakalerako zuzendari nagusia)

«Jendeak ikusi behar du, sinetsi, proiektua beharrezkoa dela, bestela akabo, behera eroriko da. Jendeak bizitza aurkitu behar du Tabako Fabrikan. Hau da horretarako inoiz egon den abagunerik onena. Orain errazagoa da jendearengana arte garaikidea modu ludikoan eramatea. Arte garaikidea kalean dago, kultura bisuala pintura da, baina baita ordenagailua, zinema, komikia eta publizitatea ere».

Iñaki Galarraga (Tabakaleraren arkitektura zuzendaria)

«Ez dugu ideia bat sartu behar eraikin batean, eraikina eta ideia batera joango dira hasieratik. Ideiak eta eraikinak bat egin behar dute, eta kanpoko irudia eta barrukoa loturik joango dira. Eraikinean malgutasuna lortu behar dugu, eraikina orain era honetan erabiliko dugu eta gero beste era batean».

Santi Eraso (Tabakaleraren edukietako zuzendaria)

«Esperientzia lokal batetik abiatuz, proiektuak nazioarteko sare batean sartzen jakin behar du. Handi eta txiki izatearen pertzepzioak aldatu egin dira».

Odon Elorza(Donostiako alkatea)

«Kulturaren profesional bat da [Joxean Muñoz], iritzi guztietara irekirik dagoena eta zalantzarik gabeko ibilbidea duena, arte adierazpide desberdinen ikuspegi integratzailea duena, eta gure kultur munduan aitorpen handiko eragilea».

2007ko martxoa

Tabako fabrika izandakoa kultura fabrika bihurtzeko helburua zuen egitasmoa onartu zuen administrazio kontseiluak.

Joxean Muñoz (Tabakalerako zuzendaria)

«Aro digitalean eta aro digitalerako diseinatutako kultura ekipamendu batda Tabako Fabrika».

2008ko martxoa

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak Donostiako kultur azpiegitura publiko nagusien (Tabakalera, Koldo Mitxelena kulturunea eta Arteleku) berrantolaketa bideratzeko akordioa lortu zuten.

Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua)

«Aurrekari bat ezarriko dugu, erakundeok elkarrekin lan egiteko gai garela erakutsiko dugu».

Markel Olano (Gipuzkoakodiputatu nagusia)

«Lidergo partekatuaren adibide nabarmena izango da».

Odon Elorza(Donostiako alkatea)

«Tabakalerak, bide batez, gunearen zaharberritze urbanistikoa ekarriko du».

2008ko abendua

Jon eta Naia Monteroren Hiru lerroan proiektuak irabazi zuen eraikina zaharberritzeko antolaturiko lehiaketa arkitektonikoa.75 milioi euroko aurrekontuko lana 2013rako inauguratzeko asmoa zuten.

Jon Montero (Arkitektoa)

«Eraikinak badu bere balioa, eta ez da komeni aldatzea. Beraz, barne egitura errespetatu diogu. Hala ere, aldaketa handiak egingo ditugu, bai sotoan bai etxabean».

Joxean Muñoz (Tabakalerako zuzendari nagusia)

«Tabakalerak eraikina Egia auzoari argia emateko itsasargi bihurtzen du. Tabakalera proiektua orain arte hainbat ideia batzen zituen egitasmoa zen, kultura proiektu bat. Gaur esan dezakegu badugula ideia multzo bat arkitekturari buruz, eta hemendik aurrera, beraz, kultur ideiek eta arkitektura ideiek batera egingo dute etorkizunerako bidea».

Odon Elorza (Donostiako alkatea)

«Eraikin eraberrituak Urumea ibaiaren bi aldeak elkarrengana hurbiltzeko balioko du».

2009ko ekaina

Iñaki Galarragak Tabakalerako arkitektura zuzendariak dimititu egin zuen, zuzendaritzarekin izandako desadostasunengatik.

Iñaki Galarraga (Tabakalerako arkitektura zuzendaria)

«Desadostasunak ñabardurengatik dira, ez funtsezko arrazoiengatik. Ez nago ados eraikina edukien mende jartzeko ideiarekin, are gutxiago ikusirik bien artean mugagabeko elkarguneak egon litezkeela. Aukeratu behar badugu, eraikinak agindu dezala, ez edukiek. Eraikin moderno, praktiko eta eroso bat egiteari utzi gabe».

2010eko maiatza

Odon Elorza Donostiako alkateak Tabakaleraren egitasmoa krisi ekonomikoarengatik aldi baterako atzeratzea proposatu zuen El Diario Vasco egunkarian.

Odon Elorza (Donostiako alkatea)

«Ez da ezer gertatzenerakundeek gaia aztertzen badute eta ondorio bat ateratzen badute; une honetan gauzak ez daude duela hiruzpalau urte bezala, eta, hortaz, ikusi egin behar da egitasmoa geldi daitekeen zentzuzko denbora batez. Atzera bueltarik gabe geratu aurretik, komeni da planteamendua egitea».

Markel Olano (Gipuzkoako diputatu nagusia)

«Nik uste dut krisi ekonomikoak eraikinaren inguruan eraginik izaten badu, eta izan dezake, gaur egun dauzkagun baliabideak mugatuak direlako, inportantea dela proiektuari berari eustea eta proiektuak duen helburua piztea, gure sormena eta kreatibitatea piztea eta egitasmoa burutzea».

Maria Jesus Aranburu (Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendaria)

«Elorzaren planteamenduak ez nau harritu, egiteko moduak bai, Administrazio Kontseiluan egin beharrean, hedabide baten bidez egin baitu».

Blanca Urgell (Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua)

«Egoera zaila dela eta, erakunde publikoek beren inbertsioen inguruan gogoeta egin behar dute».

Joxean Muñoz (Tabakalerako zuzendaria)

«Erakundeek ezagutzen zuten erabateko kostua. Inolaz ere ezin da azken orduko ustekabea izan. Krisira egokitzeko gaia ez da planteatu lehen aldiz alkateak proposatu duen egunean. Krisira egokitzeko formulak bilatzen ari gara Tabakaleran».

2010eko maiatzaren 20a

Hiru erakundeek zentroaren funtzionamendua eta egitasmo arkitektonikoa «birdimentsionatzea» erabaki zuten.

Markel Olano (Gipuzkoakodiputatu nagusia)

«Adostasuna erabatekoa da, eta pentsatzekoa da kontseiluak berretsiko duela akordioa».

Odon Elorza(Donostiako alkatea)

«Ekipamenduek iraunkorrak izan behar dute hasierako inbertsioan eta ondorengo kudeaketan».

Blanca Urgell (Eusko jaurlaritzako Kultura sailburua)

«Agertokia aldatu egin da, eta garrantzizkoa zen beste planteamendu bat egitea»

2010eko maiatzaren 21a

Joxean Muñozek utzi egin zuen Tabakalerako zuzendari nagusiaren kargua.

Joxean Muñoz (Tabakalerako zuzendari nagusia)

«Urte hauetan defenditu dudan proiektuarekiko koherentziagatik eta garatu ditugun ideiekiko eta proiektuan inplikatu ditugunekiko konpromisoagatik, nire dimisioa aurkeztea erabaki dut».



Tabakalerako lan taldeak «errespetuaeta babesa» azaldu dizkio Joxean Muñozi

Maiatzaren 21ean Joxean Muñozek utzi egin zuen Tabakalerako zuzendari kargua, Administrazio Kontseiluak egitasmoa berriro aztertzeko eta aurrekontuak murrizteko hartutako erabakiaren ondotik. Tabakalerako lan taldeak Muñozen erabakiari «errespetua eta babesa» agertzen dizkion gutun irekia atera zuen atzo. «Gure esker ona azaldu nahi diogu une oro transmititu digun ilusio eta konfiantzagatik, eta asmo handiko proiektu berritzaile hau kriterio egokiz gidatzeko erakutsi duen gaitasunagatik», dio gutunak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.