Donostiako 62. Zinemaldiko atzera begirakoa Dorothy Arzner (San Frantzisko, Kalifornia, 1897-La Quinta, Kalifornia, 1979) zuzendariari eskainiko diote. Irailaren 19tik 27ra izango da aurtengo zinemaldia. Arznerrek bere genero ikuspegia landu zuen, eta eztabaidan jarri zituen orduko gizartean indarrean zeuden genero eta sexu rolak. Gai aldetik ekarri zuen aldaketagatik aukeratu dute Zinemaldiko arduradunek. Komedia eta melodrama egin zituen. Hark zuzendutako pelikulak dira, besteak beste, The Wild Party (1929), Anybody's Woman (1930), Honor Among Lovers (1931), Nana (1934) eta First Comes Courage (1943).
Ameriketako zuzendarien sindikatuan ere sartu zen 1933an, eta urteetan aritu zen han lanean. Azner zen sindikatuko partaideetako emakumezko bakarra.
Lan oparoa egin zuen zinegileak, baina ahanzturan gelditu zen, harik eta 1960ko hamarkadan mugimendu feminista Arznerren lana aldarrikatzen hasi zen arte. Hainbat omenaldi egin zizkioten. 1975ean, berriz, urteetan lan egin zuen sindikatuak omendu zuen.