«Enigma erabatekoa». Hala izan da Lillian Hellmanen (1905-1984) izena eta obra urte luzez, Donostiako Zinemaldiaren esanetan. Antzerkia, eleberria eta gidoigintza jorratu zituen, eta bizitzea tokatu zitzaion garai gatazkatsuen isla agertu zuen bere obran, AEBetako Depresio Handitik «macharthismoaren sorgin ehizaren» garaira artekoak, zehazki. «Misteriotsua» izanagatik, goraipatua ere izan da haren lan zinematografikoa, eta aitortza horretara batuko da orain Donostiako Zinemaldia, jaialdiaren 73. edizioko atzera begirakoaren protagonista izango baita Hellman. Haren film guztiak erakutsiko ditu Zinemaldiak —irailaren 19tik 27ra egingo dute—, funtsezkotzat baitute autorea «Hollywoodek joan den mendeko 30eko hamarkadatik 60kora izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko».
Besteak beste, William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle eta George Roy Hill zinemagileekin egin zuen lan Hellmanek. Eta hiru film dira batez ere nabarmentzekoak, jaialdiko ordezkarien arabera: The Little Foxes (1941, Wyler) —Hellmanek bere antzezlanean oinarrituta egin zuen gidoia, eta Bette Davis izan zen filmeko protagonista—; The Children’s Hour (1961, Wyler) —eskola bateko bi irakasleren (Audrey Hepburn eta Shirley MacLaine) gaineko zurrumurru faltsuak jorratzen ditu—; eta The Chase (1966, Penn) —Horton Footeren eleberrian oinarrituta idatzi zuen gidoia Hellmanek, eta AEBen hegoaldeko indarkeria arrazista du ardatz; Marlon Brando, Jane Fonda eta Robert Redford dira protagonistak—.

Wylerrekin harreman bereziki oparoa izan zuen idazleak, eta elkarrekin aritu ziren, halaber, 1936ko These Three filmean —Hellmanek idatzitako The Children's Hour antzezlanaren lehen bertsioa— eta drama soziala eta zinema beltza uztartzen dituen Dead End (1937) filmean.
Inguru ezkertiarra
Bi film horien atarian, 1935eko The Dark Angel (Sidney Franklin) melodrama erromantikoan aritu zen estreinakoz gidoilari lanetan Hellman. Eta zinemarako idazketarekin batera, antzerkia eta literatura ere jorratu zituen; azken horretan, batik bat, fikzioa eta errealitatea batzen dituzten memoria liburuak landu zituen. Kultur munduko «zenbait eztabaidaren erdian» ere egon zen autorea, zinemaldikoek aipatu duenez, eta «etsaitasun aski sonatua» izan zuen Mary McCarthy eleberrigilearekin. Jarrera ezkertiarra izateagatik ere nabarmendu zen.
Eta, hain justu, AEBetako Alderdi Komunistarekin lotura estua izan zuen Dashiel Hammett idazlea ere garrantzitsua izan zen Hellmanen ibilbidean. Genero beltzeko egile sonatua izan zen Hammett, eta oso presente dago Hellmanen Pentimetro memoria liburuan. Fred Zinnemannek Julia (1977) pelikula egin zuen hartan oinarrituta —Jane Fondak jokatu zuen Hellmanen pertsonaia—, eta Dash and Lilly (1999, Kathy Bates) lanak ere Hamett eta Hellman idazleen arteko harremana du oinarri.
Gidoia egokitu zuelako edo bere testuren baten egokitzapena egin zutelako, zuzendari hauen filmetan ere hartu zuen parte Hellmanek, besteak beste: Lewis Milestone —The North Star (1943)—, William Dieterle —The Searching Wind (1946)—, Michael Gordon —Another Part of the Forest (1948)— eta George Roy Hill —Toys in the Attic (1963)— . Eta kredituetan haren izena ageri ez bada ere, zinemaldikoen hitzetan, «ezkerreko zinemagintzaren film garrantzitsuenetako batean» ere aritu zen: 36ko gerrari buruzko The Spanish Earth (1937, Joris Ivens) dokumentalean —Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleek ere hartu zuten parte—.
Atzera begirakoa Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Espainiako Filmotekarekin elkarlanean, eta gidoilariaren inguruko liburu bat ere kaleratuko dute elkarrekin.