Donostiaren alde iluna

Yoseba Peñak heriotzaren eta zoriaren inguruko istorio bat landu du 'Hodeien adorea' lehen eleberrian

Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Donostia ez da soilik Kontxa, paseatzeko hiria eta glamour-a. Itxuraz dotorea, ederra eta jantzia den hiriak badu aurpegi ilun bat, drogarena, kale zikinena eta miseria pertsonalena. Yoseba Peña idazleak (1977, Sodupe) Donostiaren alde ilunean girotu du Hodeien adorea lehen eleberria. Heriotza, zoria eta gizartearen azalkeria landu ditu Peñak. Kaleko izkina batean hil duten droga saltzaile bat narratzaile dela, bizitzan zoritxarra jarraika duten hiru anaiaren istorioa da liburuaren ardatza. Elkarrizketak dira kontaketaren oinarria, eta kaleko hizkuntza azkar eta bizian idatzita dago. Susa argitaletxeak kaleratu du Peñaren eleberria, eta Interneten ere jarri dute salgai, liburu irakurgailurako eskuragarri.

Heriotzaz, zorigaiztoaz eta erabat gogobetetzen ez duen errealitateaz mintzatu da Peña liburuan. Jon Preciado pertsonaiak, saiatu arren, ez du lortzen zoriontsu izatea. Porrot egin izanaren arrazoiez hausnartuko du protagonistak, eta errealitatea nahasgarria gerta daitekeela ikusiko du. «Bizitzan karta txarrak egokitu zaizkio protagonistari. Baina, bideo jokoetan ez bezala, bizitzak ez dauka reset botoirik, ez du bigarren aukerarik ematen. Protagonista, bizitzaz hausnartzean, norberaren oroitzapenez gain ingurukoenek ere eragina dutela konturatuko da. Nork bere gezurra sinesten du, baina errealitatea bat baino gehiago izan daitezke», dio Peñak. Hildako droga saltzailearen eta Preciadoren arteko elkarrizketa da istorioaren oinarria. Hitz-jario horri tiraka, Preciadoren bizitza arruntaz eta haren anaiekin izandako harremanaz hausnartuko dute bi pertsonaiek.

Txefe auto mekanikaria eta Hodei autista dira Peñaren anaiak. Hain zuzen ere, liburuaren izenburua Hodei pertsonaian oinarrituta dago. Peñaren esanetan, gertutik ezagutu du autismoa, eta gaixotasun horrek inguruan eragiten dituen jarrerak ekarri ditu nobelara: «Harrigarriak dira autismoa duen norbaitekin gertukoek dituzten harremanak. Hodeiren eta haren amaren arteko harremana oso estua da; aitak, berriz, arrunt tratatzen du».

Obrei keinu eginez

Peñak onartu du liburua hainbat obratan oinarrituta dagoela. Juan Rulforen Pedro Páramo, Carlos Fuentesen idatziak eta Ramon Saizarbitoriaren Ehun Metro nobela izan dira idazlearen inspirazio iturriak, besteak beste. Irvine Welshen Trainspotting eleberrian eta Fermin Muguruzaren kantetan ere oinarritu da Peña.

Eleberria Donostian girotzea ez zen idazlearen lehen aukera, baina hiriaren aurpegi ezezagunena agerian uztea erabaki du. «Hasieran istorioa Euskal Herritik kanpo kokatzea pentsatu nuen, baina onena ezagutzen den inguruaz idaztea dela erabaki nuen. Bilbon girotzeko zalantzak izan nituen, baina Donostian istorioak kontraste handiagoa dauka». Kontraste hori pertsonaietan ere islatu du Peñak: «Hiru anaiak jatorri apalekoak dira, Asturiastik etorritako guraso etorkinen semeak. Dirua eta arrakasta lortu dituen neska donostiar batekin elkartuko da protagonista».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.