2016an Europako kultur hiriburu izateko epaimahaiak Donostiako hautagaitza hautatu izanak sokaekarri du. Lehian zeuden hainbat hiritako buruzagik gogor kritikatu dute epaimahaiaren ebazpena, atzean arrazoi politikoak daudela iritzita. Auziari buruz galdetu zioten Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroari atzo, baina ez zuen iritzirik eman nahi izan. Ordea, gaur Espainiako Gobernu Kontseiluan gaia aztertuko dutela azaldu zuen. «Bihar [gaur] xehetasunez erantzungo dizuet», iragarri zien kazetariei.
Izendapena lortzeko lehiaren azken txanpara Burgos, Kordoba, Las Palmas, Segovia eta Zaragoza iritsi ziren Donostiarekin batera. Juan Alberto Belloch Zaragozako alkatearen ahotik iritsi ziren kritika gogorrenak. Erabakia inpugnatzeko aukera aipatu zuen, eta hautagaitzak berriro aztertzeko eska dezala esan zion Espainiako Kultura ministroari. «Azalpenak eskatuz» Angeles Gonzalez Sinderi gutuna bidaliko dio Burgosko alkate Javier Lacallek ere. Oso bestelako jarrera agertu zuen Las Palmasko alkate Juan Jose Cardonak. Erabakiaren aurka egiteko aukera erabat baztertu zuen, «irabazten nahiz galtzen jakin behar delako».
Kritika horiek «bidegabeak» direla salatu zuen atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Haren ustez, «irabazle izateko sobera arrazoi zituen proiektua da» Donostiarena, eta merezi zuelako irabazi du, «ez arrazoi politikoengatik, orain arduragabekeriaz hitzerdika aipatzen ari den moduan».
Donostiaren izendapena aztertuko duela iragarri du Espainiako Gobernuak
Patxi Lopezen iritziz, kultur hiriburu aukeratua izanari egindako kritikak ez dira bidezkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu