Musika Hamabostaldiaren eskariz, Lukas Grimm konpositore alemaniarrak sortutako obra bat estreinatuko du Markus Eichenlaub organistak (Pfalz, Alemania, 1970) datorren asteazkenean, hilaren 7an, Artzain Onaren katedralean, Donostian. Donostiarako dibertimendua deitzen da obra, eta hiriari lotutako gaiekin lotzen da, Esteban Elizondo eta Musika Hamabostaldiko organo zikloaren koordinatzaileak zehaztu duenez: «Danborradako doinuak ekarriko ditu, organorako moldatuak. Oso proposamen originala eta polita izango da».
Organo zikloak abuztuaren 9ra arte iraungo du. Guztira, 11 emanaldi izango dira, eta, ohi bezala, Donostian egingo diren sei kontzertuez gain, Gipuzkoako bost herritan ere antolatu dituzte: Ataunen, Usurbilen, Azkoitian, Tolosan eta Deban.
Zikloa atzo hasi zuten, Koruko Andre Mariaren Basilikan eta bertako organoaren 150. urteurrena ospatzeko jaialdiarekin. Berezia izan zen atzokoa, Coro Saenz, Gerardo Rifon, Loreto Aramendi, Ana Belen Garcia eta Fernando Gonzalo organistekin batera, beste hainbat diziplinatako bakarlariak aritu baitziren: txistulariak, biolinistak eta abeslariak. Besteak beste, Tomas Garbizu, Jesus Guridi eta Gabriel Olaizolaren obrak interpretatu zituzten.
Euskal Herria eta, batik bat, Gipuzkoa, lurralde oparoa da organoei dagokienez. Haietako gehienak, Koruko Andre Mariakoa bezala, organo erromantikoak dira, eta asko Aristide Cavaille-Collek XIX. mendean eraikitakoak. Baina badira lehenagokoak ere. Ataungoa, adibidez, 1761ean egin zuten, eta Loreto Fernandez Imaz organistak garaiko musika joko du igandean egingo duen saioan. Interpretearen arabera, «organo guztiak ezberdinak dira, eta honek, adibidez, soinu zoragarriak ditu». XVII. eta XVIII. mendeetan Europa hegoaldean eta iparraldean sortutako musika joko du Fernandez Imazek Ataunen.
Zikloan izango diren interpreteen artean, Hector Manuel Salcedo nabarmendu du Elizondok. Izan ere, mexikarra da Salcedo, eta haren herrialdeko organorako musika interpretatuko du.«Ziklo honetan, Europako musika izaten da nagusi, eta beste modu batzuk ezagutuko ditugu».
Ignace Michielsek (organoa) eta Matthias Schlubeckek (paneko txirula) hilaren 8an Deban egingo duten kontzertua ere aipatu du Elizondok: «Oso berezia izango da. Paneko txirula jotzen duen musikariak ez du eskurik, baina izugarri moldatzen da».
Musika Hamabostaldiak antolatzen duen zikloaren osagarri, urtero Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroa egin izan da Donostian, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Izan ere, Elizondok dioenez, «krisia dela-eta, bestelakorik pentsa zitekeen arren», mundu osoko hogei organista etorri dira Euskal Herrira Louis Robilliard irakaslearekin aritzera. «Australia, Mexiko, Japonia, Portugal, Espainia... leku askotatik etorritako ikasleak dira. Erantzuna ezin hobea izan da, ikastaroan parte hartzeko plaza guztiak bete baitira. Ekonomia nola dagoen ikusita beldur ginen».Donostiako ikastaroak halako arrakasta izateko arrazoiak bilatzeko orduan, Gipuzkoako organo erromantikoen kopurua eta kalitatea aipatzen ditu Elizondok: «Leku gutxitan dago horrenbeste. Eta interpreteek ezagutu egin nahi dituzte».
Donostiako 74. Musika Hamabostaldia
Donostiari eskainitako obra bat estreinatuko dute organo zikloan
Lukas Grimm egile alemaniarrak idatzi du, eta Markus Eichenlaubek interpretatuko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu