Nafarroako Filmotekan gaur jarriko dute abian Panorama zikloa. Eta aurreneko emanaldian Nafarroarekin lotura estua duten bost film labur emango dituzte, 20:00etan hasita. Julia Juanizen El vuelo de Dora Salazar, Jon Iraizozen De camino a..., Ainara Veraren En la oscuridad, Iñaki San Romanen Muertos y vivientes eta Cesar Urbina eta Jorge Galanen Akerbeltz: Las brujas y el inquisidor.
Heldu den asteazkenean, hilaren 14an egingo dute hurrengo saioa, euskarazko hiru lanekin: Asisko Urmeneta eta Juan Jose Elordiren Gartxot film laburrarekin batera ikusi ahal izango dira Juanizek Dora Salazar artistaren inguruan ondutakoa eta Urbinak eta Galanek akelarreei buruz eginikoa, aurrez espainieraz erakutsitakoak.
Hilaren 21ean, berriz, David Aguilarren film bi emango dituzte: Basajaun y las lindes del bosque eta Nao Yik. Hilaren 28an egingo dute Panorama zikloaren azken saioa. Eta Karlos Alastruei Nafarroan bizi den zuzendari bilbotarrari eskainiko diote, haren azken bi pelikulak emanez: Ada eta Anamorphosis. Panorama zikloko sarrerak doakoak izango dira, baina ordu erdi lehenago hartu beharko dira txarteldegian, 19:30 inguruan.
Halaber, ostegunak fikziozkoak ez diren lanei eskainiko dizkie Nafarroako Filmotekak, Ikuspuntu jaialdiaren egitaraua eta egutegia osatze aldera. Hala, Ipuin, alegia eta bestelako istorioak goiburupean, elkarren artean arras diferenteak diren lau film emango dituzte bihar, hilaren 15ean, 22an eta 29an. Pedro Gonzalezen Alamar, Raya Martinen Independencia, Carlos Garcia-Alixen El honor de las injurias eta Bill Morrisonen Spark of Being lan esperimentala, hurrenez hurren.
Ostegunetako ziklo horretako saioak ere 20:00etatik aurrera izango dira, baina hiru euroko sarrera ordaindu beharko da; edo bikoa, filmotekako txartela edukiz gero.
Zinema, literatura eta Errusia
Horretaz gain, ostiraletan zinema eta literaturaren arteko loturan sakontzeko ziklo bat izango da Nafarroako Filmotekan. Zinemara eramandako literatur lanen filmak emango dituzte, «beste herrietako kulturak ezagutarazteko asmoz». Hala, zinemari eta literaturari eskainitako lehendabiziko zikloa Errusiari buruzkoa izango da. Eta Vsevolod Pudovkinen 1926ko Mother film mutua erakutsiz hasiko dute etzi. Pianoz jotako doinuz lagunduta emango dute.
David Leanen Doctor Zhivago ikusi ahal izango da hilaren 16an. Eta Nikita Mikhalkoven An Unfinished Piece for a Player Piano hilaren 23an. The Luzhin Defence Marleen Gorrisek Vladimir Nabokoven nobelan oinarrituta eginiko filmarekin itxiko dute zikloa, hilaren 30ean.
Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte; alegia, errusieraz. Eta espainierazko azpidatziak jarriko dizkiete. 20:00etan izango dira Zinema eta Literatura zikloko saioak, eta sarrerak hiru euroan egongo dira; edo bitan, filmotekako txartela edukiz gero.
'Dora Salazar hegal egiten' eta 'Gartxot' Panorama zikloan
Nafarroako Filmotekak Cesar Urbina eta Jorge Galanen 'Akerbeltz: las brujas y el inquisidor' ere emango du hileon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu